Bizkaiko Campusa

Albisteak

Beatriz Fuentes ikasleak irabazi du ARTESHOP Bilbao 2013 lehiaketa 'Paragüería Leoz' dendan instalatu duen lanagatik

Lehenengo argitaratze data: 2013/06/25

Estudiantes premiados en Arteshop Bilbao 2013.

Ekainaren 28ra arte bisitatu ahalko dira Arte Ederren Fakultateko ikasleek Bilboko 75 establezimendutan egin dituzten lanak.

ARTESHOP Bilbao 2013k UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek lehiaketa honetarako egin dituzten hiru proiekturik onenak saritu ditu. Lehenengo saria Beatriz Fuentesek lortu du Bilboko Alde Zaharrean dagoen 'Paragüería Leoz' establezimendurako egin duen lanagatik. Ikasleak 1.200 euroko saria lortu du eta establezimenduak, berriz, sariaren berri ematen duen binilo bat.

Bigarren saria Jon Ander Garcíak eskuratu du Bilboko Urkixo Zumarkalean dagoen 'Derby' establezimenduan egin duen lanagatik. Ikasleak 900 euro lortu ditu eta establezimenduak, berriz, identifikazio-biniloa. Hirugarren saria Amaia Fajardorentzat izan da, Santutxun kokatuta dagoen 'La mula coja' establezimenduan jarri duen instalazioagatik. Kasu honetan, ikasleak 600 euro lortu ditu eta establezimenduak hirugarren sariaren biniloa.

Hirugarren edizio honetan, nobedade gisa, "Publikoaren Saria" ere ezarri da, herritarrek hautatutakoa eta 600 euroko sariarekin. Maider Montalbánen lana izan da sari hau eskuratu duena, 'El Corte Inglés'-en jarri duen instalazioagatik. Bozketa SMS bidez egin da eta parte hartu duten pertsonen artean Bizkaiko landetxe batean asteburu bat igarotzeko saria zozketatu da.
Sariak emateaz arduratu den epaimahaia Bilboko merkataritzaren eta kulturaren arloetako pertsona aditu eta garrantzitsuek osatu dute. Zehazki, honakoak izan dira epaimahaikideak: Petra Joos, Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren zuzendaria, Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria, Darío Urzay, artista, eta Julia Diéguez, Bilbao Dendaken ordezkaria. Hiru lan garaileak hautatzeko, ondorengo irizpide hauek hartu dira kontuan:

  • Lanen kalitate artistikoa.
  • Negozioaren ezaugarrietarako nahiz eskainitako produkturako edo zerbitzurako egokitasuna.
  • Lanaren kostuaren eta eraginaren arteko harremana.
  • Proiektuaren iraunkortasuna.
  • Ikasleak zein mailatan barne hartu dituen establezimenduaren elementuak artelana sortzeko.

Sarien banaketa ekitaldia asteartean, ekainak 25, ospatu da Erriberako Merkatuan. Bertan parte hartu dute, Marta Ajuria Bilboko Udaleko Merkataritzako eta Turismoko zinegotziak, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza saileko zinegotziak, Natxo Rodríguez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordeak, eta Petra Joos Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren zuzendariak. Ekitaldian, Bilboko merkataritzaren eta kulturaren arloetako hainbat pertsona garrantzitsu ere izan dira, baita UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak eta Bilbao Arte Fundazioko artistak ere.