Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUren Arabako Campusak ordenagailuak oparituko dizkie fundazioei eta onura publikoko elkarteei

Lehenengo argitaratze data: 2013/03/26

UPV/EHUren Arabako Campusak epea ireki du material informatikoa dohainik besterentzeko prozedura egiteko. Oraingo honetan, 138 ekipo eskatu ahalko dituzte fundazioek eta onura publikokotzat jotzen diren elkarteek.

Arabako Campusean erabiltzen diren ekipo informatikoak berriztatzen direnean, ikastegiek aldian behin zenbait material biltegietara eramaten dute. Ondasun horiek berrerabili ahal direla konturatu ginen, ondasun berriak erosteko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat gureak erabilgarri direlako oraindik. Horrela, gizarte onurako lan bat egiteko asmoz, UPV/EHUn zerbitzurako egokia ez den material informatikoa dohainik besterentzeko lehenbiziko prozedura egin genuen. Espediente honetan, 2012ko maiatzean amaitutakoa, erakunde onuradunak onura publikoko hamar elkarte edo fundazio izan ziren. Campusaren 87 ekipo adjudikatu zitzaizkien. Erakunde adjudikaziodunak une hartan zenbait eremutan lanean ari ziren: gizarte integrazioa, hezkuntza, familia eta ikerkuntza. Hona hemen onuradunen adibide batzuk: Hirukide, DYA Bizkaia eta DYA Gipuzkoa.

Horregatik, Arabako Campusaren Ingurumen Kudeaketa Planean (2013-2017) ikus dezakegunez, Errektoreordetza honen nahia apustu honekin jarraitzea da. Izan ere, apustu honek gizarte ekintza, ingurumenarekiko konpromisoa eta garapen iraunkorra bateratzen ditu, UPV/EHUren gizarte erantzukizuneko proiektuak ezarritako ildoan.

Esan dugunez, deialdi honen helburua UPV/EHUren material informatikoa (138 ordenagailu, unibertsitateko zerbitzurako desegoki izendatu direnak) nori eman aukeratzea da. Adjudikazio honetara fundazioak eta onura publikoko izendatu diren elkarte guztiak aurkeztu ahal dira, indarrean dagoen legeriaren arabera kontratuak egiteko gaitasuna dutenak eta, batez ere, dohaintzak jasotzeko gaitasuna dutenak.

Ekipo informatikoak dohainik besterenduko dira. Adjudikaziodunek ez diote UPV/EHUri ezer eman behar edo inolako kontraprestaziorik egin behar trukean. Aukeraketa eskatzaileen artean zuzenean egingo da. Ekipo berbererako eskaera bat baino gehiago egotekotan, zozketak egingo dira. Eskaerak aurkezteko epea 2013ko apirilaren 10a da.