Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUko %0,7 Elkartasun Fondoak 106.174 euro banatuko ditu garapenerako sei proiekturen artean

Lehenengo argitaratze data: 2013/04/12

Soldataren %0,7 ematen duten unibertsitateko langilez osatutako elkarte honek alfabetatze eta lehen hezkuntzako proiektuak finantzatzen ditu batez ere.

GAUR ostirala, apirilak 12, UPV/EHUko %0,7 Elkartasun Fondoak 2012an bildu dituen 106.174,69 euroekin aurten subentzionatuko dituen Gobernuz Kanpoko Erakundeei txekeak emateko ekitaldi ofiziala izango da. Diru-laguntza honekin, guztira, sei proiektu garatuko dituzte.

Diruz lagundutako sei proiektuak honako hauek dira:

  1. 'Lehen hezkuntzako hiru ikastetxeren eraikuntza Anantapur-en (India)', Vicente Ferrer Fundazioak aurkeztuta.
  2. 'Emakumeen alfabetatze eta ahalduntzea Ntampa-n eta Ngomina-n (Kongo)', Medicusmundi Bizkaiak aurkeztuta.
  3. 'Kanguru Gela II (Etiopia)', Abay (Nilo Azul) elkarteak aurkeztuta.
  4. 'Txad ekialdeko sudandar errefuxiatuentzako kalitatezko hezkuntzarako bidea (Sudan)', ACNURek aurkeztuta.
  5. '140 haur kaltebera lehen hezkuntzan eskolatzeko laguntza (Ruanda)', Cáritas Diocesaine de Kabgayi-k aurkeztuta.
  6. 'Sharbi Nima II. Malalah Proiektua. Baltikoko haurrei ekitatezko eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko aurrerapauso bat (Pakistan)', Baltistan Fundazioak aurkeztuta.

Ekitaldian %0,7 Elkartasun Fondoko kideek eta deialdian aukeratutako sei proiektuak aurkeztu dituzten GKEen arduradunek parte hartu dute. UPV/EHUko %0,7 Fondoak 468 kide dauzka gaur egun, langile guztien %10 inguru. Unibertsitateko langile eta irakasle hauek soldataren %0,7 ematen dute, baina badaude hilean diru-kopuru finkoa ematea edo ekarpen puntualak egitea nahiago izaten dutenak. Guzti horren ondorioz, 2012an 106.174,69 euro bildu zituzten. Diruz lagundutako sei proiektuak bozketa bidez aukeratu dituzte elkarteko bazkideek Gobernuz Kanpoko Erakundeek deialdi honetara aurkeztu dituzten 48 proiektuen artean. Fondoa 1996an sortu zenetik 92 proiektu finantzatu eta 1.387.910 euro banatu dira.