Bizkaiko Campusa

Albisteak

Francisco Letamendiak "El hilo invisible" liburua argitaratu du, modernitateko ideologia eta identitate politikoen gaineko azterlana

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/11

Zientzia politikoen arloko irakaskuntza eta ikerketa ibilbide luzea borobildu du Francisco Letamendiak El hilo invisible: identidades políticas e ideologías lanaren bitartez. Liburua UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak editatu du, eta gaur aurkeztu da, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Auditoriumean; autorea bera eta Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea ere bertan izan dira, besteak beste.

Lan honetan, Letamendiak ideologien eta identitate politikoen analisi teoriko eta historiko baliotsua egin du (ideologiak identitate politikoen tresna praktikoak dira errealitatean jarduteko). Hala ere, lanak identitate politikoen azalpena izan du ardatz nagusi, ez iraganekoak baizik eta mundu garaikidekoak; batzuek jatorri historiko sendoagoa dute, eta beste batzuk, ostera, askoz berriagoak dira, baina modu dinamikoan mugitzen dira gaur egungo gatazka politiko eta sozialetan.

Azken atalean, Letamendiak mundu garaikidean, modernitatea dei genezakeen aroan nagusi diren ideologiak aztertu ditu: liberalismoa, kontserbadorismoa, sozialismoa, komunismoa, anarkismoa, kristautasun politikoa, existentzialismoa, faxismoa eta guda iraultzailea. Eta jarraian, modernitatetik postmodernitatera igaroz, gaurkotasunean pil-pilean dauden eta gaur egungo gure panorama politikoan sortzen ari diren identitateak aztertu ditu: ekologismoa, pazifismoa, feminismoa, eskuin muturra, terrorismoa, erlijioaren eta politikaren arteko eztabaida, abertzaletasunak, indigenismo amerikarra edo neoliberalismoa...

Azaldu du Letamendiak El hilo invisiblen liburuan, filosofiak eta gizarte zientziek errealitate soziala "apurtutako ispilu bat bezala" ulertzen dutela gaur egun. Eta gaineratu du: "Ideologia modernoak, bestalde, bai liberalismoak eta kontserbadorismoak, tradizioa/modernitatea gatazkaren emaitzak biak ala biak; bai sozialismoak, anarkismoak eta komunismoak, klaseen arteko gatazkaren emaitzak horiek, unibertsalak, proselitistak eta ordenatuak ziren. Identitate postmodernoak, ordea, sektorialak, hausnargarriak eta zatikatuak dira. Gaur egungo apaltasun sasoi hauek ideologiei baino hobeto egokitzen zaizkie identitateei. Zentrorik gabeko mundu honetako hamaika txokotan bidegabekeria sentimendutik sortutako ideologiak dira horiek: ekologismoa, feminismoa, zentro/periferia nazionalismoa, indigenismoa..; baina, baita ere terrorismoa, eskuin mutur xenofobia, erlijio fundamentalismoa…".

Hartara, bi ataletan banatu du liburua irakasleak: modernitatearen ideologiak eta postmodernitateko identitateak. Gainera, azaltzen du, "ideologiak filosofiara eta teoria politikora (kredo erlijiosoaz gain) igortzen duenez, filosofiaren historiako azalpen laburrak eta gaur egun gizarte zientzietan ematen ari diren eztabaidak gehitu dira".

Lan liluragarria da: zorrotz eta modu atseginean aztertzen ditu mundu garaikidean lehiatzen diren ideia politikoak, datozen urteetan gizarte globalaren etorkizuna baldintzatu dezaketenak, hain zuzen.