Bizkaiko Campusa

Albisteak

Unibertsitateko ikasleei zuzendutako alokairu partekatutako 14 etxebizitzen giltzak banatu dira Bilbon

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/09

Prezio baxuaren truke, ikasleek erkidegoko egitasmoetan hartu beharko dute parte, etxebizitzak dauden auzoetan: Otxarkoagan eta San Franciscon .

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programaren barruan, unibertsitateko ikasleei zuzendutako alokairu partekatutako 14 etxebizitzen giltzak banatu dira. Ekimen horretaz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko 40 ikasle baliatuko dira, hau da, aurreko ikasturtean baino %53 gehiago, orduan 26 gazte izan baitziren ekimenaren onuradunak.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko gradu-osteko ikastaroetan matrikulatuta dauden gazteei dago zuzenduta. Udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, parteka ditzaten, pertsona bakoitzak hilean 50 euroko prezio sinbolikoa ordainduz. Horren truke, ikasleek, egitasmoaren xede diren auzoetako erkidego proiektuetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu beharko dute, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean.

Unibertsitateko ikasleek eta auzoetako biztanleek egitasmoari emandako harrera bikaina ikusita, Bilboko Udalak, UPV/EHUk eta Deustuko Unibertsitateak egitasmoari jarraipena ematea erabaki dute. Giltzak banatzeko ekitaldian hauek hartu dute parte: Eduardo Maizek, Gizarte Ekintza eta Etxebizitza zinegotzia eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak; Juan Felix Madariagak, Etxebizitza zinegotziaren albokoa, eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteorde betearazleak; Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHUko erretoreordeak; eta Alvaro de la Ricak, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Ikasle erretoreordeak.

2013-2014 ikasturte honetarako eskaini diren 14 etxebizitzetatik, 7 Otxarkoaga auzoan daude, eta 17 gazte biziko dira bertan, partekatutako alokairuan, joan den ikasturtean bezala. Gainerako 7 etxebizitzak Bilbo Zaharra auzoan daude eta 23 ikasle jasoko dituzte. Ikasleek, alokairuaren prezio sinbolikoaz gain, argiaren eta uraren gastuak ere ordaindu beharko dituzte.

Eskainitako plaza guztien artetik 35 UPV/EHUko gazteentzat izango dira eta 5 Deustuko Unibertsitateko ikasleentzat. Etxebizitzetan bizi diren errentadunek banakako logela izango dute, behar bezala egokituta dauden eta sukalde osoa eta oinarrizko altzariak dituzten etxebizitzetan. Programak eskaintzen dituen baldintza onez gozatzearen truke, gazteek, udalak bultzatuta auzoan burutzen diren esku-hartze sozio-komunitariorako planetan laguntzeko konpromiso irmoa erakutsi beharko dute. Plan horien artean daude "Imajinatu Otxarkoaga" eta "Imajinatu zure auzoa", besteak beste, auzoko elkarbizitza hobetzera eta gizarte egitura dinamizatzera bideratuak.

Azken edizioan, gazteak era aktiboan aritu izan dira auzoetako elkarteekin elkarlanean, zenbait jardueratan: haurrei eta gazteei zuzendutako xake tailerra, emakumeentzako dantza tailerra, hiriko baratzeak, yoga tailerra, auzoko skout taldeetan parte hartzea, urritasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteekin elkarlanean aritzea, Osakidetzak bultzaturiko programetan laguntzea, kirolaren sustapena, auzoko komunikabideekin elkarlanean aritzea eta euskara laguntza klaseak gurasoentzat.

35 urtetik beherako pertsonak

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da UPV/EHUk edo Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu osteko tituluren batean matrikulatuta egotea eta 35 urte baino gutxiago izatea. Ikasturte honetarako 40 errentarien aukeraketarako, gizarte alorreko esku-hartzean duten esperientzia baloratuko duen galdetegi bati erantzun beharko diote eta, horrez gain, elkarrizketa pertsonal bat izango dute. Berrogeita hamar ikasle inguruk egin dute ikasturte honetan programan parte hartzeko eskaria.

Programa oso interesgarria da, hainbat helburu betetzen dituelako: Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea; unibertsitate mailako prestakuntzaren eta erkidegoarekiko eta gizartearekiko erantzukizunaren arteko bateragarritasuna bultzatzea; eta gazteei -Udal Etxebizitzen arreta jasotzen duen taldeetako bat- eta ikasleei, zehatzago esanez, etxebizitza izateko aukera eskaintzea. Ikasleek zailtasun handiak izaten dituzte etxebizitza izateko, prezio oneko aldi baterako alokairuen eskaintza urria delako eta unibertsitateko ikasleen baliabide ekonomikoak ere ez direlako handiak izaten.