Bizkaiko Campusa

Albisteak

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak berriro gailendu dira prezisio ingeniaritzako Europako gazte talentu onenen lehiaketan

Lehenengo argitaratze data: 2013/05/23

Euspen Challenge 2013 europar sariko Espainiako atalean finalista izan diren Endika Pérez eta Nagore Barrena, Copenhaguen jokatuko den nazioarteko finalean lehiatuko dira.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak bere ikasleen prestaketa maila handia erakutsi du berriro ere, bi ikaslek, Endika Perezek eta Nagore Barrenak, Euspen Challenge europar sariko Espainiako atalean finalista izatea lortu dute eta. Ekimen honek, prezisio ingeniaritzan gazte talentuak bilatzen ditu europar mailako sari prestigiotsu honen bitartez. Endika irabazlea izan da eta Nagore finalista, eta datorren uztailean Copenhaguen ospatuko den nazioarteko finalean izango dira biak.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako Makina-Erreminta gelan ospatu dira finaleko probak, bi finalistak zentro akademiko berdinekoak izan direnez. Izan ere, europar mailako Euspen Challenge sariaren zenbait irabazle, dagoeneko batzuk Eskola honetakoak izan dira, bere lehen edizioa, 2010ean ospatu zen lehiaketaren bizitza laburra den arren.

Estatu mailako finalean Endika Pérezek eta Nagore Barrenak 10 minutuko ahozko aurkezpen bat egin zuten eta bertan koordenatu nanometrika prezisiozko makina baten funtzionamendua aztertu zuten, ondoren epaimahaiak egindako galdeketa tekniko sorta bati erantzuteko. Endika Pérez irabazle izendatu badute ere, biak sailkatu dituzte nazioarteko finalerako, Copenhaguen (Danimarka) uztailaren 2tik 4ra bitartean ospatuko dena.

Lehiaketa hau Euspen Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak sustatua da, elkartekide izanik Tekniker zentro teknologikoa, estatu mailako lehiaketaren atala antolatzeko, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Mekanika sailarekin kolaboratu zuena. Ekimen honen helburua, prezisio ingeniaritza arloko etorkizunaren lidergorako, Europan dauden gazte talenturik onenak identifikatzea da.

Ingeniaritzako adar honek prezisiozko fabrikazio prozesuak ikertzen ditu, sistemak, gailuak eta metrologia teknikak, eta azken belaunaldiko materialen diseinuak, nano eta mikro prezisio ingeniaritza alorrean. Nanoteknologia, atomoen eta molekulen eskalan materialen manipulazio eta aplikazio arloan lan egiten duen teknologiari deritzo eta abangoardiako konponbideak eskaintzeaz gain, modu eraginkorragoan lortzen ditu eta aplikazio eremu zabala jasotzen du bere baitan, automozioa, aeronautika, biomedikuntza, elektronika edo energia berriztagarriak adibidez.

Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (EUSPEN), mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen sare eraginkorra eta nazioarteko erakunde bat da. 1999an Britainia Handian sortuta, bere helburua enpresa eta ikerketa institutuen artean kolaborazioa sustatzea da, prezisio ingeniaritza eta nanoteknologia arloan, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko.

Aurreko edizioetako sariak

Azpimarratu beharra dago, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-erreminta Gelako bi ikasle izan zirela irabazleak, Euspen Challenge 2012an, Eindhovenen (Herbehereak) iazko uztailean ospatutako finalean beste hainbat mailatan eta herrialde ezberdinetako hiru ikaslez osatutako zortzi talderen artean.

Gogora ekarri, 2010eko lehen edizioan, Eskolako hiru ikaslek espainiar atala irabazi izana eta hauetako batek, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea, Europako irabazleen arteko bat izan zela.