Bizkaiko Campusa

Albisteak

UPV/EHUko ikasleek irabazi dituzte Talent Pro Bizkaia lau sarietatik hiru

Lehenengo argitaratze data: 2013/01/10

Nazioarteko truke-programa arautuetan diharduten unibertsitateko ikasleei zuzenduta daude Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Arteche Taldearen sari horiek.

Gaur, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arteche Taldeak Talent Pro Bizkaia programaren lehen edizioaren lau sariak eman dituzte; Foru Aldundiak sustatzen du programa hori, Bizkaia:xede sozietatearen bidez. I. M. Altuna Fundazioak laguntzen du ekimen hau antolatzen; haren bidez, unibertsitateko ikasleek beste herri batzuetako esperientzia aurreratu batzuk jasotzen dituzte, Bizkaiko herritar guztiontzat onuragarri izan daitezkeenak. Guztira, 41 gaztek hartu dute parte programa honen lehiaketan; irabazleak 22 finalisten artean aukeratu dira, eta lau irabazleetako bakoitzak 3.000 euro jaso ditu. Horretarako, Arteche Taldearen laguntza egon da.

Sariak banatzeko ekitaldian, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak zorionak eman dizkie irabazleei, eta, horrez gainera, azpimarratu du programak aukera ematen duela pertsonentzako laguntza eta berrikuntza uztartzeko; izan ere, faktore bi horiek dira krisialdiari etorkizuneko bermeekin aurre egiteko zutabe nagusiak. "Talent Pro Bizkaia programaren lehen edizio honetan parte hartu duzuen guztiok jomuga berriak bilatzeko lan hori egin duzue. Esperientzia hau zuen lan-ibilbidean baliagarria izatea espero dut, Bizkaiaren garapenerako eta aurrerapenerako hain garrantzitsua den berrikuntza horren iparra eza galtzeko. Zuek, sarituak, zoriondu nahi zaituztet zuen proposamen eta proiektuengatik. Sari hau zuen talentua lantzen jarraitzeko eta egiteko era berriak bilatzeko konpromisoa hartzeko eragingarria izatea espero dut", adierazi du diputatuak.

Honako hauek izan dira programaren lehen edizioaren saridunak: Jokin Agirrebengoa, Ingeniaritza Zibileko ikaslea (UPV/EHU); Teodor Nikolov, Ekonomiako lizentziaduna (UPV/EHU); Marta Pinedo, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea); eta Laura Ruiz, Arte Ederretako ikaslea (UPV/EHU).

Agirrebengoak azpiegitura lokalak (mugikortasunekoak zein eraikinak) eraiki, kudeatu eta birgaitzeko eredu bat aurkeztu zuen, erabakitzeko zein erabiltzeko prozesuetan gizarte erantzukizunean oinarritua. Hala, baliabidean eraginkorrago erabil daitezke, eta auzoak integratu.

Nikolovek erantzukizunaren printzipioari buruzko gogoeta bat egin zuen gizarte kontratuaren ardatz gisa, eta hainbat alderdi jorratu zituen: goi mailako ikasketetako prestakuntza-eredua, garraioa, birziklatzea.

Pinedoren lana ikasleen elkartegintzari buruzkoa da: unibertsitateak guztiak inplikatuta, talentua atxiki eta garatzeko tresna izan daiteke elkartegintza, bai eta enpresak ekiteko eta ekonomia sustatzeko ere.

Azkenik, Ruizek soinu-artxiboak erabiltzeko proiektu bat aurkeztu zuen: memoria historikoa berreskuratzeko eta turismoa sustatzeko adierazpen artistiko bat.

Zer da Talent Pro Bizkaia?

Talent Pro Bizkaia programa bat da; gure lurraldean nazioarteko truke-programa arauturen bat egiten ari diren unibertsitateko ikasleek parte har dezakete programan. Ikasleoi gonbidapena egiten zaie atzerriak daudenean balio erantsiko esperientzia, ideia eta proiektuak ikus ditzaten, Bizkaiak epe ertain eta luzean dituen erronka estrategikoei hobeto aurre egiteko. Beraz, ideia, esperientzia eta informazio horien berri eman behar dute (www.talentprobizkaia.eu web orrialdean izena emanda), eta, galdetegi txiki bat egin ondoren, beren ekarpenak jasotzen dituen laburpen-txosten bat egin behar dute, 10 orri baino txikiagoa. Ondoren, I. M. Altuna Fundazioko Patronatuak, Bizkaiko Foru Aldundiak (Bizkaia:xederen bitartez) eta Arteche Taldeak izendatutako epaimahai batek aztertuko du txostena.

Aukeraketa egiteko, lau irizpide hartu behar dira kontuan: lanen originaltasuna (lanak eta proposamenak berriak izatea); proiektuaren garapen-maila eta bideragarritasuna; ekarpenen kalitatea, ematen den informazioaren osotasuna eta argitasuna; eta proiektuek Bizkaiko erronka eta beharrizanei erantzuteko zehaztasuna.

Irizpide horiek kontuan hartuta, hamar finalistak aukeratzen dira, eta epaimahaiak zuzeneko elkarrizketa egiten die, eginiko ekarpenei buruzko beren ezagutza kritikoa ebaluatzeko eta erabakitzeko zein merezi duten saria. Programan, gehienez ere lau sari ematen dira, guztiak 3.000 eurokoak.