‘Sin notificaciones’ taldeak irabazi du Barne Eztabaida Liga
EHU ordezkatuko du G9ko Unibertsitate Arteko XVI. Eztabaida Ligan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/24
Beñat Pérez Araujo (kapitaina), Maialen Monasterio Uriarte, Andoni Ortuzar Eguino, Aimar Alvarez Echarri, guztiak Fisikako ikasleak, osatutako ‘Sin notificaciones’ taldeak irabazi du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) barne Eztabaida Liga. Bera izango da Unibertsitatea ordezkatuko duena G9ko Unibertsitate Arteko XVI. Eztabaida Ligan. Lehiaketa Zaragozako Unibertsitatean izango da, martxoaren 11tik 13ra bitartean.
Fisika, Zuzenbidea, Soziologia, Filosofia, Ingeniaritza eta Haur Hezkuntza bezalako gradu ezberdinetako 22 ikaslek gaurkotasun handiko galdera bati egin zioten aurre: Gazteak elkarrizketarako gaitasuna galtzen ari al dira sare sozialen garaian? Bost taldetan antolatuta —Sin notificaciones, Lógica en redes, Nexo, Hefistak eta Tsunami Atómico—, parte-hartzaileek zozketa bidez minutu batzuk lehenago esleitzen zitzaizkien jarrerak defendatu zituzten eztabaida bakoitzean. Sarrera, errefutazioa eta ondorioa izan ziren jardunaldiaren ardatzak; baina argudioez gain, intonazioak, segurtasunak eta konbentzitzeko gaitasunak ere pisu handia izan zuten. Izan ere, eztabaidatzea ez da soilik hitz egitea: konbentzitzea da. Lau kanporaketa eta final baten ondoren, ‘Sin notificaciones’ taldeak gainerako taldeak gainditu zituen eta EHU ordezkatuko du Zaragozan.
Erika Quincoces Negro (kapitaina), June Navarro Turiel, Aitana Sánchez Raso (hirurak Zuzenbideko ikasleak), Helena Ariz Anaut (Ingeniaritza Mekanikoa) eta Emma Ayala Perezek (Ingurumen-ingeniaritza) osatutako ‘Lógica en redes’ taldeak eta Alejandro García Baldeon (kapitaina eta Zientzia Politikoko eta Kudeaketa Publikoko ikasleak), Juan Rafael Carrillo Alonso (Zuzenbidea), Paul Mayo Orobio-Goicoechea (Soziologia) osatutako ‘Nexo’ taldeak bigarren eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez hurren.
Aitortzak eta diplomak
Taldekako lehiaketaz gain, banakako kategoria hauetan diplomak eman ziren:
- Sarrera onena: Alejandro Garcia Baldeon
- 1. Errefutazio onena: Maialen Monasterio Uriarte
- 2. Errefutazio onena: Beñat Pérez Araujo
- Ondorio onena: Andoni Ortuzar Eguino
- Hizlari onena: Beñat Pérez Araujo
Nabarmendu behar da Helena Arizen (‘Lógica en redes’ taldekoa) parte-hartzea oso positibotzat jo zuela epaimahaiak, eta talde irabazlea lau kidek osatzen zutela kontuan hartuta (gehienez bost), G-9 Unibertsitateen arteko Eztabaida Ligan EHU ordezkatuko duen taldean sartzea erabaki zela.
EHUko Eztabaida Liga Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako Errektoreordetzak antolatzen du, EHUko Eztabaida Ikasleen Elkartearekin (ADUEEE) elkarlanean.
