Diximet web atarian medikuntza hiztegi orokorra, giza gorputzaren atlasa eta infografia batu dituzte, neska-mutikoek erraz erabiltzeko moduan, galdera egin ahal izateko. EHU eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) osatu dute ekimena, Txikipediarekin hasitako bideari jarraituta, zientzietako oinarrizko gaiaz euskaraz eta librean egon daitezen. Zarauzko Orokieta Herri eskolak parte hartu dute proiektuan eta hantxe egin dute aurkezpena.
6 eta 12 urte arteko neskato-mutikoekin pediatriaz euskaraz aritzeko tresna aurkeztu dute
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/02
Katalanez, gaztelaniaz, galegoz eta ingelesez jada badiren bertsioetara euskarazko Diximet gehitu da orain. Elkarlanean egindako proiektua izan da eta horren erakusle Zarauzko Orokietan herri ikastetxean egindako aurkezpena. Han izan da Rosa Estopà Pompeu Fabra unibertsitateko kide eta proiektuaren sortzaile eta zuzendaria eta Diximet euskaratzeko ardura hartu duten EHU eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE).
“Diximet plataformak osasunaren inguruan hitz egiteko, mediku kontzeptuez aritzeko da, baina umeek ulertzeko moduan”, azaldu du Estopàk. “Kasualitatez sortutako ekimena izan da; alabaren galderei erantzun nahian umeentzako egokitutako hiztegirik ez zegoelako ikusita”. Horrela azaldu du Estopàk ekimena Orokieta eskolako ikasleen aurrean. Haiei zuzenduta eskertu die Diximet euskaratzeko hartutako lana. “20 eskolak eta 3000 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten proiektuaren garapenean eta orain euskarara ekarri da; izan ere, proiektu globala da, eta etorkizunean neskato-mutiko gehiagok erabili dezaten”, gehitu du. Pompeu Fabra unibertsitateko IULATERM ikerketa taldeak abiarazi zuen proiektua eta beste unibertsitate batzuetako hizkuntzalarik eta terminologoek ere parte hartu zuten DIXIMETeko edukiei buruzko aholkuak ematen Bartzelonako Hospital del Mar eta Gironako Medikuen Elkargo Ofizialeko pediatrekin batera”. Ekimen honek, gainera, zientziaren inguruko ezagutzea sustatzeko balio duela azpimarratu du Estopàk, “ezagutza dinamikoa da eta asmo horren sustatutako sortu zen proiektua”.
Igone Zabala, EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak azaldu duenez, “inspiragarria izan da era honetako materialarekin lan egitea; metodologikoki oso ondo landutako ekimena da eta luxua da proiektua euskarara ekartzeko lan egiten aritzea. Elhuyarrek itzuli ditu testuak EHUko Hizkuntza Zerbitzuen eta Terminologia Plangintzarako zuzendariekin lankidetzan eta Zarauzko Orokietako eskolarekin elkarlanean aritu gara grabaketak egiten, eurentzako, umeentzako, 6 eta 12 urte arteko neskato-mutikoentzako tresna baita”.
Lan honetan ezinbestekoa izan da EWKErekin elkarlanean aritzea. Izan ere, zientzietako oinarrizko gaiak euskaraz eta modu librean egoteko aurretik Txikipedia proiektua sustatu zuten, EHUko Hezkuntza Eskolako irakasle izango direnentzako tresna gisa. “Gauzak modurik errazenean azaltzeko tresna gisa sortu zen eta oso garrantzitsua zen beste tresna bat izatea jada baduguna indartzeko”, azaldu du Gonzalezek; “Diximet, bide hori osatzera dator, modu horretan, neskato-mutikoen dudak argitzeko, eurek ulertzeko moduan jaso dezaten informazioa eta galderak euren erara egiteko aukera emateko”. EWKEko kideak azpimarratu duenez, “auzolanean sinesten dugu eta proiektu hau gauzatzeko ezinbestekoa izanda Orokietako ikasleen parte hartzea”. Izan ere, Orokietako Herri Eskolako ikasleen euskarazko audioen grabaketaz arduratu dira EWKEko kideak.
Orokietako ikasleen parte hartzea
Diximet-en euskarazko bertsioari ahotsa jarri diote Zarauzko Orokietako 80 ikaslek, irakasleen laguntzarekin. Ikastetxean daukaten irrati estudioetan grabatu dituzte. Ikasleetako bik ere parte hartu dute aurkezpenean. LHko 6. mailako Nahiak eta Beñatek azaldu dutenez, asko ikasi dute ekimenarekin, tarteka definizioen grabaketak errepikatu behar izan dituzten arren, “batzuk beste batzuk baino zailagoak zirelako azaltzeko”. Arantzazu Fernandez de Arroiabe, Orokieta Herri Eskolako Ikasketa buruak esker ona adierazi die ekimenean parte hartzeagatik eta erakutsiko arduragatik. Gurasoetako batzuk ere izan dira gaurko aurkezpenean.
Diximet pediatriarako sare-hiztegia 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Medikuntza orokorreko hiztegiaz gain, giza gorputzaren atlasa eta infografiak eskaintzen ditu osasuna eta medikuntzaren inguruko informazioa modu erraz eta ulergarrian aurkezteko. Hala, 300 termino jasotzen ditu hiztegiak eta definizioek ikasleek egindako marrazki eta audioak ikusi eta entzuteko aukera dute. Gainera, COVID-19aren inguruko hiztegi osagarria ere jasotzen du. Diximet baliabide digital erabilgarri gisa asmatu da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastegiek osasunari eta hizkuntzari buruzko hezkuntza-proiektuak gara ditzaten. Asmoa orain ekimena ezagutzera ematea da eta ahalik eta gehien zabaltzea.
