euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

ALHE ikerketa taldeak proiektu europar bat gidatuko du gazteen artean hezkuntza demokratikoa indartzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/13

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ALHE ikerketa-taldeak abian jarri du Innovating Civic Engagement: Pedagogies for a Resilient Generation (I-CIVIC) izeneko proiektu europarra. EHUko ikerketa taldeak koordinatuko duen proiektu honek, diziplina anitzeko nazioarteko adituen sare bat biltzen du. Guztien elkarlanaz, gazteen arteko konpromiso zibikoaren, parte-hartze demokratikoaren eta alfabetatze digitalaren erronkak landuko dituzte.

Abiapen-bilera (Kick-off Meeting) Donostian egin zen, eta bertan izan ziren proiektuko bazkide diren unibertsitateko ikerlariak zein erakunde ez-akademiko ezberdinetako eragileak. Horien artean, batetik, Cambridgeko (Ingalaterra), Galwayko (Irlanda), Jyvaskyläko (Finlandia), Sienako (Italia) eta Tallinngo (Estonia) unibertsitateetako ikerlariak. Bestetik berriz, ALDA “European Assotiation for Local Democracy” museoko (Frantzia), EUDEC “European Democratic Education Community” sareko (Alemania) eta Vabamu “Museum of Occupations and Freedom” museoko (Estonia) eragileak. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ere proiektuko partaide denez, Hezkuntza Sailetik ere, hainbat ordezkari bertaratu ziren ekitaldira.

Pedagogia, soziologia, psikologia eta zientzia politikoen arloetan ospe handiko 30 ikertzaile baino gehiago; eta herritarren parte-hartzean zein gobernantza demokratikoan esperientzia handia duten erakundeetako profesionalak elkarlanean jardungo dira proiektu honetan.

I-CIVIC proiektuak eskola eta komunitateen arteko haustura nabaria onartu eta belaunaldi berrien erresilientzia demokratikoa indartzen laguntzea du helburu. Zehazki, ikerketa honen bidez, Europar Batasunean nabariak diren gizarte arazo anitzei aurre egin nahi zaie. Besteak beste, gazteen parte-hartze zibikoaren beherakadari, polarizazio politikoari eta desinformazioaren gorakadari. Arazo hauei erantzuteko hezkuntzaren eta komunitatearen parte-hartzea zein elkarlana ezinbestekotzat jotzen du proiektu honek.

Horrez gain, ikerlan honen bidez, pentsamendu kritikoa sustatuko duen hezkuntza-eredu berritzaile bat sortu nahi da. Eginbide honetan, ikastetxeei sare sozialetan zabaltzen den desinformazioari zein manipulatutako edukiei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkielarik. I-CIVIC proiektuan hortaz, diziplina ezberdinen ezagutzak uztartuz eta komunitateko esperientzietan oinarrituz —eskolak, erakunde kulturalak, liburutegiak, elkarteak, kirol klubak edota tokian-tokiko gobernuak—, eskalagarriak izango diren marko pedagogikoak garatu nahi dira. Horretarako, ikertzaileen eta langileen arteko sare lana lan-ardatz nagusi bilakatuko da.