euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUk STEM talentua sustatu du orientazio jardunaldi berritzaileekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/25

STEM jardunaldien aurkezpena EHUko Bizkaiko campuseko Areto Nagusian
STEM jardunaldien aurkezpena EHUko Bizkaiko campuseko Areto Nagusian

Bizkaiko Bigarren Hezkuntzako 120 ikasle inguruk parte hartu dute Euskadiko 24 STEM profesionalekin egindako topaketan

Azaroaren 19an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko Campuseko Areto Nagusian STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren ingelesezko sigla) orientazio jardunaldi bat egin zen, Bizkaiko DBHko 4. mailako ikasleen artean talentu zientifiko-teknologikoa inspiratu eta erakartzeko diseinatua.

Inaugurazioa eta hitzordu azkarrak profesionalekin

Ekitaldia hasteko, Gotzone Barandikak, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak, ongietorria egin eta jardunaldiari hasiera eman zion. Errektoreordeak nabarmendu zuen diziplina horiek garrantzitsuak direla gizartearen etorkizunerako, eta ikasle guztiak animatu zituen zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketak aintzat hartzera.

Goizeko ekitaldi nagusia speed dating zientifiko-teknologikoa izan zen. Bigarren hezkuntzako 119 ikaslek Euskadiko 24 STEM profesionalekin hitz egiteko aukera paregabea izan zuten 15 minutuko topaldi azkar eta dinamikoetan. Truke horietan EHUko 11 irakaslek parte hartu zuten, eta bertaratuek lehen eskutik ezagutu ahal izan zituzten Zientziaren eta Teknologiaren arloko lan aukerak. Era berean, zalantzak ebatzi, esperientzien berri zuzenean izan, estereotipoak apurtu edo euskal industria sektore zientifiko eta teknologikoko profesionalen ibilbideetan inspirazioa hartzeko abagunea izan zuten.

Speed dating saio bizia egin ondoren, jardunaldiak atsedenerako tarte bat eskaini zuen eta energia hartzeko hamaiketako oso berezia eskaini zen tarte horretan. Down Sindrome Fundazioak prestatu zuen cateringa; horri esker, inklusioaren eta gizarte konpromisoaren ukitua eman zitzaion goizari.

 Etorkizuna Ingeniaritza Eskolan eraikitzen da

Jardunaldiaren bigarren zatia unibertsitatean bertan egiten den berrikuntzari buruzkoa izan zen; zehazki, Bilboko Ingeniaritza Eskolan baliatzen den Project Based Learning (PBL) metodologiari buruzkoa. PBL irakaskuntzako ikuspegi bat da eta esperientzia erakargarri baten bitartez maila teorikoan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak aplikatuz ikastera animatzen ditu ikasleak. PBL metodologiak testuinguruan sakonago ikasteko eta unibertsitatearekin eta prestakuntza profesionalarekin lotutako trebetasun garrantzitsuak garatzeko aukerak ematen ditu. Ekitaldian metodologia hori baliatuta egin ziren punta-puntako bost proiektu aurkeztu ziren, ingeniaritza modernoak ezaugarri dituen aplikazio praktikoaren eta diziplinartekotasunaren adierazgarri.

Bisky Team: suziriak

Bisky Team taldean parte hartzen duten EHUko fakultate desberdinetako 87 ikasleetako batek, Jimena Isabel del Ríok, aurkeztu zuen ekimen hori. Zehazki, diziplina anitzeko talde batek suziriak diseinatzen, fabrikatzen eta jaurtitzen ditu, motor hibridoak garatzeaz gainera. Aurkezpenean, proiektuko suzirietako bat erakutsi zuen.

Guitar STREAM: gitarra elektrikoak

Ingeniaritza Fakultateko Javier Mazon eta Iraide López irakasleek azaldu zuten nola diseinatzen eta egiten dituzten gitarra elektrikoak Guitar STREAM proiektuan. Hain zuzen, egitasmo horretan birziklatzearen “B” gehitzen zaio STEAM kontzeptuari (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikaren ingelesezko sigla).  Ekimenera bertaratutako ikasleak EHUn sortutako gitarrekin akorde batzuk jotzera animatu ziren.

Innoboat Bizkaia: katamaran elektrikoak

Pablo Rodríguez, Innoboat Bizkaiaren  arduradunak, proiektuaren xehetasunak azaldu zituen. Hain justu ere, taldeko 10 kide katamaran elektriko bat (azken belaunaldiko ontzi jasangarri bat) diseinatzen eta eraikitzen ari dira, eta Energy Boat Challege egitasmoko nazioarteko adituek ebaluatuko dute Monakon.

Moto Student: motoak

Igor Fernándezek, Bizkaia EI Bilbao taldeko kideak, Moto Student proiektuaren lan prozesua garatu zuen. Egitasmo horretan, EHUko ikasleek ikasketetan eskuratutako ezagutzak praktikan jartzen dituzte moto elektrikoak eta gasolinazkoak diseinatzeko eta eraikitzeko, eta moto horiek kategoria nazionalean lehiatzen dira, pilotu profesionalekin.

Student formula: monoplaza elektrikoak

Jardunaldia amaitzeko, Formula Student Bizkaia proiektua aurkeztu zen, 20 urte daramatzana errekuntza autoak eta auto elektrikoak diseinatzen eta fabrikatzen. Gaur egun, taldea 62 pertsonak osatzen dute eta FSB 2025 monoplaza elektrikoa fabrikatzeaz arduratzen ari da. Hain justu, FSB 2025 autoak unibertsitate arteko aurtengo Formula Student UK (Silverstone) lehiaketa irabazi zuen. Topaketara bertaratutako ikasleek auto irabazlea ikusi ahal izan zuten bisitaren amaieran.

EHUko Bizkaiko Campusa eta Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritza elkarlanean aritu dira “STEM orientazioko jardunaldien” laugarren edizio honetan. Egitasmoa, gainera, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza eta Hezkuntza sailek bultzatzen dute, eta honako hauen lankidetza izan du: Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA, BC Materials, BC3, CicBiogune, ITP Aero eta Elhuyar. Guztira, Euskadiko 766 ikaslek, 17 ikastegik eta 143 STEM profesionalek hartuko dute parte azaroaren 10etik 27ra egingo diren speed dating edo hitzordu azkarren 8 jardunaldietan.

Bigarren hezkuntzako ikasleak STEM ikasketetara erakartzea da helburua, bereziki ingeniaritzaren, informatikaren eta lanbide heziketako adar teknikoen arloetara, enpresetako profesionalen gabezia konpentsatzeko eta genero arrakala ezabatzeko, STEM profilen laneratzea nabarmen areagotze aldera 9.000 profesional inguruko urteko eskaerari erantzun ahal izateko, eta, halaber, emakumeen talentua sartze aldera, gaur-gaurkoz zientzia eta teknologiako enpleguen % 26 bakarrik eta industria sektorekoen % 30 baino gutxiago baita.