Astelehenean, ekainak 9, EHU Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatzen hasiko da Bilboko Bizkaia Aretoan. Bi ekimenek osatzen dute edizio honetan antolatutako programa. Alde batetik, Kontuz! Ez nazazu Zapaldu! proiektuaren ekitaldi nagusia eta erakusketa aurkeztuko dira. Horrez gain, Oceanus Plasticus erakusketa eta liburua ere ezagutaraziko dira.
Euskal Herriko Unibertsitatea itsasoan murgilduko da Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatzeko
EHUk Bizkaia Aretoan ekainaren 9tik 17ra arte antolatutako ekimenen helburua da ozeanoek planetan bizitzeko duten garrantziaz ohartaraztea eta datozen erronkei aurre egiteko ekintza zehatzak hartzeko beharra azpimarratzea
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05

Ozeanoen Nazioarteko Egunaren edizio honetan unibertsitateak itsas ekosistemen kontserbazioarekin eta babesarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, ozeanoek planetan bizitzeko duten garrantzia eta datozen erronkei aurre egiteko ekintza zehatzak hartzeko beharra nabarmenduz. Nerea Jauregizar, EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendariaren hitzetan “Hezkuntza-erakunde gisa, gure erantzukizuna da ingurumena zaintzeko konpromisoa duten herritarrak prestatzea eta ezagutza zientifikoa sortzea, etorkizuneko belaunaldiei gure itsasoak eta ozeanoak zaintzen laguntzeko Unibertsitate-komunitatetik, gizarte osoa gonbidatzen dugu hausnartzera gutako bakoitzak ozeanoak babesteko duen zereginari buruz eta haien osasuna bermatzeko ahaleginak batzera”.
Oceanus Plasticus erakusketa
Oceanus Plasticus erakusketa ekainaren 9tik 17ra arte egongo dira ikusgai Bizkaia Aretoan. Oceanus Plasticus Erdi Aroko kartografien bestiarioetan itsasoari buruz zabaltzen ziren ohartarazpenen eta madarikazioen bertsio modernoa da. Antzinako bestiario horiek mundu naturala ikuspegi moralizatzaile baten bidez ulertarazi nahi zuten bezala, bestiario berri honek, modu poetikoan, baliabide naturalekiko harrokeria desafiatzailea ezaugarri duen giza portaeraren ondorioak irudikatu nahi ditu. Espezie ozeanikoen eta gizakiak sortzen dituen eta gure itsasoak inbaditzen dituzten hondakinen arteko elkarreraginetik sortutako izaki berriak ikusi ahal izango dira erakusketan zehar. Alde horretatik, plastikoek eragindako kutsadura itsas bizitzaren aberrazio berrien jatorri gisa aurkezten da. Hau da, zubi bat eraiki nahi da Erdi Aroko irudimenak sortutako munstroen eta sinbiosi behartu batetik sortzen ari diren munstro berrien errealitate asaldatzailearen artean.
EHUko Arte Ederren Fakultateko Leire Fernández eta Eduardo Herrera irakasleek landutako irakaskuntza-proposamenaren emaitza da erakusketa. Fakultateko Sorkuntza eta Diseinu Graduko azken ikasturteko 100 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte proiektuan, bi ikasturteren zehar (2022-2023 eta 2023-2024). Halaber, proiektu honetan Plentziako Itsas Estazioko (PiE-EHU) Manuel Soto zuzendariak eta Oihane Diaz de Cerio ikertzaileak lagundu dute. PiE-EHUko ikertzaileek identifikatutako itsas-animalien 250 irudi inguru sortu dituzte ikasleek, egunerokotasunean botatzen ditugun plastikozko objektuak marrazkietan txertatuz. Erakusketaz gain, izen bereko liburu bat ere argitaratu dute, irudiak eta ekimenaren nondik norakoak biltzen dituena.
“Gure irudizko Oceanus Plasticus horretan bizi diren munstroek herritarrak harritu, kezkatu eta gonbidatu nahi dituzte ozeanoen egungo eta etorkizuneko errealitatea zalantzan jartzera. Horretarako, irudiek gure sentimenduen sakonenean murgiltzera bultzatzen gaituzte, itsasoko biodibertsitatearen organismoak eguneroko bizitzan erabiltzen eta baztertzen ditugun plastikozko objektuekin hibridatuz. Azken finean, antzinatasunean bezala, itsas munstroak sortzen jarrai dezakegu. Baina haiek ez bezala, gure egungo munstroak benetakoak dira”, azaldu du Leire Fernández irakasleak.
EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak (Koordinazio eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetza) antolatu du erakusketa, G9-SCIENCE4All europar proiektuaren testuinguruan.
Euskal kostaldeari buruzko jardunaldia
Ekainaren 9an ere Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuaren ekitaldi nagusia egingo da Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Azken ekitaldi honetan urte osoan zehar egindako lanak eta lorpenak zabalduko dituzte partehartzaileek. Hain zuzen ere, 2024-25 ikasturtean zehar 33 ikastetxe eta elkarte ezberdinek parte hartu dute STEAM proiektu horretan, eta talde horietatik % 33 inklusiboak izan dira. Guztira, 1.080 herritar-zientzialari ibili dira, 12 hondartzatako mikrobiodibertsitatea eta mikroplastikoak aztertzen.
Aurkezpenez gain, bi hitzaldi egongo dira, Cimasub-eko (Donostiako Nazioarteko Urpeko Zinemaldiko) laburmetraiak ikusi ahalko dira, eta sari banaketa egingo da. Hizlariak honako hauek izango dira: Jon Molinero Ortiz doktorea, ikertzailea eta Ekuadorreko Esmeraldas herriko irabazi asmorik gabeko “Yemanyá – Ura eta kontserbazioa” erakundeko lehendakariordea eta Artemisa Gonzalez nabigazio zientifiko inklusiboan esperientzia duen gizarte langilea eta LGTBIQ+ eta desgaitasunaren aktibista. Sari banaketaz arduratuko dira Nerea Jauregizar, EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko zuzendaria; Fernando Plazaola, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa, eta Manu Soto, PiEko zuzendaria.
Euskal kostaldean egindako ikerketa-lanen erakusketa
Azkenik, ekainaren 10etik 17ra, Bizkaia Aretoko Chillida Aretoan gizarte osoari zabaldutako erakusketa egongo da ikusgai Euskal Herriko hondartzetan dagoen biodibertsitate mikroskopikoa eta mikrosplastikoak ezagutarazteko. Bertan, herritar-zientzialariek egindako poster zientifikoak, maketak, jolasak, euskarriak, eta mila sorpresa ikusi ahal izango dira.
“Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” ikasketa zentro eta elkarte artean jada ezaguna deneko proiektua da, 2021an hasi zen FECYT-MICIU –ko dirulaguntzekin, eta geroztik urtero PiE-EHUko talde transdisziplinar batek landu duen proiektu bat izan da. Hiru urtetan 3.000 herritar-zientzialarik baino gehiagok hartu du parte eta ia 200 Bigarren Hezkuntzako irakasle eta hezitzaile prestatu dira hondartzetako laginketak zelan egin jakiteko.
Informazio gehiago: https://www.ikertzaileengaua-ehu.org/ozeanoen-eguna/