-
Franco: Historia y/o relato moral
-
Jarduera elektrikoa detektatu da lehenengoz Marteko atmosferan
-
Adimen artifizialaren egia ezkutua
-
Gorozkietan ezkutuan dagoen DNAk erakusten du iberiar otsoaren dieta
-
EHUk bere premiak zehaztu eta Legebiltzarrari eskatu dio 2026ko aurrekontuetan finantzaketa indartzea
Euskararen Historiaren Nazioarteko Lehen Biltzarra
«Garai eta leku oso diferenteetan sortutako sistema da euskara»
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/04
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako Campusean egin zen Euskararen Historiaren Nazioarteko Lehen Biltzarra (ICHB1), EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeak antolatua. Joxerramon Bengoetxea errektorea izan zen inaugurazio ekitaldiko buru, eta bertan izan ziren Eneko Zuloaga, Beatriz Fernández, Julen Manterola eta Manuel Padilla.
Biltzarra azaroaren 25etik 27ra egin zen, eta hainbat unibertsitate eta herrialdetako adituak bildu zituen. Helburua zen euskal testuekin, euskararen aldaerekin eta euskararen historiarekin lotutako azken orduko ikerketak partekatu eta eztabaidatzea. Izan ere, azken hamarkadotan euskara aztergai duen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko berrietan barneratu da, eta, aldi berean, testu aurkitu berriek ere ezagutzan sakontzea ahalbidetu dute. Bi alderdi horiek euskararen historiaren ulermenean aurrerapauso handiak ekarri dituzte, eta horren erakusgarri izan da biltzarra: hainbat unibertsitate eta herrialdetako berrogeita hamar partaidetik gora aritu dira hiru egunez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, nork bere ekarpenak aurkezten. Horien artean, bi hizlari gonbidatu, José Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana-Champaign) eta Juan José Larrea (EHU).
Campusak antolatzaileekin hitz egin du Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko Kongresuaren lehendabiziko edizioari buruz.
Zer dakar Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Biltzarrak?
Biltzarra euskararen historiari buruzko ikerlanen egoeraren erakusleiho izan da: partaide eta entzuleek aukera izan dute bai beren azken ikerlanen berri emateko, bai ikerlan horiek esparru akademiko-zientifikoan eztabaidatzeko. Bestalde, biltzarrak azaleratu egin ditu gaur egun euskararen historiaren azterlanen esparruan dauden interesak, joerak, arazoak, adostasun eta ezadostasunak...
Aldatu al da euskararen hizkuntzalaritza historikoaren ikuspegi teorikoa?
Zorionez, euskalaritzak aspalditxo ekin zion euskararen historia ikuspegi teoriko-metodologiko estandarren arabera ikertzeari. Bada paradigma horretatik kanpo eta nolanahi diharduen jenderik, baina azpimarratzekoa da inoiz baino ikertzaile gehiago ari dela gaur egun euskara nazioarteko ikuspegi eta irizpideen arabera aztertzen. Arlo horretan aurrerapauso nabarmena egin zuen Koldo Mitxelena zenak, eta haren heriotzaz geroztik ugaritu eta sendotu besterik ez da egin, nahi genukeena bezainbeste izan ez bada ere. Biltzar hau da horren erakusgarri, gure ustez: guztira berrogeita hamar bat ikertzaile bildu dira, eta euskara ikertzeko munduko beste edozein unibertsitatetan beste edozein hizkuntza ikertzeko irizpideei jarraituta aritu.
Dirudienez, mende honen lehenengo laurdena garai emankorra izan da euskararen historia aztertzeko.
Mende honen hasieran aurrerapen nabarmenak egin dira, guk uste. Egun, eskueran ditugu duela ez hainbeste eginbidean edo egiteke zeuden hainbat tresna; adibidez, ‘Orotariko euskal hiztegia’, ‘Euskararen herri-hizkeren atlasa’, ‘Euskararen hiztegi historiko-etimologikoa’ edo ‘Euskararen historia’ monografia mardula. Horrekin batera, zenbait testu zaharren aurkikuntzak eta edizioak ere egin dira: edizio txukunetan irakur ditzakegu, beste hainbaten artean, Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua, Estebe Materraren dotrina, Axularren ‘Gero’ edo ‘Le Dauphin’ itsasontziko gutuneria. Ikerlanen esparruan ere aurrerapauso handiak egin dira: orain hogei urte baino gehiago dakigu euskararen hotsen bilakabideaz, gramatika historikoaz, hiztegiaz, euskal autore zaharrez, euskalkien jatorriaz, euskaren historia bera zatitzen den garai edo geruzez... Arestian aipatutako sendotze-egoeraren ondorio da hau guztia.
Azken aurkikuntzekin, euskararen jatorria zehaztu dezakegu?
Pentsatzen dugu besteak beste, Irulegiko eskua edo ‘Larrahe’ idazkuna dakarren aldarea dituzula gogoan, baina erantzuna, momentuz behintzat, ezezkoa da: euskara hizkuntza bakartua dela pentsatzen jarraitzen dugu oro har. Egia da halako aurkikuntzak kitzikagarriak direla, besteak beste idazkunak irakurri edo ulertu nahiak hainbat proposamen eta material berrikustea dakarrelako berez; baina, ezin esan dezakegu euskararen jatorria zehaztu genezakeenik. Esan dezakegun kontu argiena da euskara isolatua dela, hori ez dela hain bitxia munduan, eta geuk ‘euskara’ esaten diogun hori arian-arian eraldatutako hizkuntza-egoeren segida dela egiazki. Garai eta leku oso diferenteetan sortutako ezaugarriak biltzen dituen sistema da euskara (edo dira euskarak), mundu beste hizkuntzetan gertatzen den bezala.