euskaraespañol

Redes sociales campusa

G-9ko idazkaritza nagusiek haien egiturak aztertu, eta antolaketarekin eta araudiaren garapenarekin lotutako esperientziak partekatu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/02

G9 | Argazkia: EHU

G-9 Unibertsitate Taldearen Idazkaritza Nagusien Batzorde Sektorialak esperientziak trukatzeko eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa (LOSU), 2023ko martxoaren 22koa, ezartzetik eratorritako antolakuntza erronkak lantzeko jardunaldia egin du. Topaketa Bilbon egin zen, EHUn, urtarrilaren 29 eta 30ean, eta taldea osatzen duten unibertsitateen artean ezagutza trukatzeko baliagarria izan da.

Lanketaren lehen zatian, unibertsitate estatutu berriak egiteko eta LOSUra egokitzeko prozesua jorratu dituzte. Ordezkariek beren erakundeetako egutegi, metodologia eta erronka juridiko eta parte hartzaile nagusiak partekatu dituzte, eta prozesu hori arintzeko eta sendotzeko irtenbide komunak eta ikasitako lezioak identifikatu dituzte.

Horrez gain, bileraren zati nagusietako bat G-9ko unibertsitateetako Idazkaritza Nagusien eta Aholkularitza Juridikoen egitura eta langileak aztertzera bideratu dute. Hala, antolaketa eredu desberdinak, haiek osatzen dituzten langileak eta zerbitzuen arteko koordinaziorako formulak aztertu dira. Horrekin lotuta, aldeak espezializatzeko joera eta zerbitzu horiek indartzeko beharra nabarmendu dira honako arrazoi hauek direla eta: araudia gero eta konplexuagoa da eta unibertsitate kudeaketako zenbait eremu judizializatzen ari dira.

Era berean, Ikuskaritza Zerbitzuari buruzko jardunbide egokiak eta unibertsitate publikoen eremuko antolaketa irtenbide berritzaileak partekatzeko helburuarekin, saio espezifikoa ere egin da. Zerbitzuak berregituratzeko kasu espezifikoak aurkeztu dira, eta beste erakunde publiko batzuekiko desberdintasunak aztertu. Hain zuzen ere, interes berezia sortu duen gaia izan da ebaluazio probetako iruzurrengatiko zehapenen legezko alderdiak eta prozedurak aztertzea. Horrekin lotuta, honako hauek berebiziko garrantzia dutela azpimarratu da: frogak zorroztasunez jasotzea, defentsarako eskubidea izatea eta prozesu osoari segurtasun juridikoa emateko zehapeneko araudi argi eta eguneratuak izatea.

G-9ko Idazkaritza Nagusien Batzorde Sektorialak nabarmendu duenez, “parekoen arteko esperientzia trukea oso aberasgarria da, besteen esperientzietatik ikasteaz gain, irizpide komunak eta sendoagoak finkatzen laguntzen baitu, partekatutako erronken aurrean, eta, hala, G-9ko sistema osoaren gobernantza eta egonkortasuna indartzen dira”.

G-9 UNIBERTSITATE TALDEA

G-9 Unibertsitate Taldea 1997an eratu zen, eta beren autonomia-erkidegoetan bakarrak diren unibertsitate publikoak biltzen ditu: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Illes Balearseko Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, Murtziako Unibertsitatearekin batera, erakunde laguntzaile gisa.

Bilbon, urtarrilaren 30ean