Euskal Herriko Unibertsitateko MicrobiomicsEHU taldeak lehen aldiz azaldu du onddo horrek nola eragiten dion melanoma-zelulen garapenari. Emaitzek bide ematen dute terapia antifungikoak ohiko tratamenduen osagarri gisa erabiltzeko, larruazaleko minbizirik arriskutsuenari aurre egiteko.
Gure gorputzean bizi den onddo batek melanoma agresiboago bihurtzen duela argitu dute
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/02
Minbizia da mundu osoan heriotza gehien eragiten dituen kausetako bat; 2020an, adibidez, hamar milioi heriotza inguru eragin zituen. Kalkulatu da kasu horien % 13-18 infekzio mikrobianoek eragindakoak direla. Orain arte, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) hamahiru mikroorganismo sailkatu ditu kantzerigeno gisa, tartean birusak, bakterioak eta parasitoak. Hala ere, azken ikerketa batzuek erakutsi dute badirela beste mikroorganismo-mota batzuk minbiziarekin zerikusia daukatenak; haietako batzuk onddoak dira.
Candida albicans onddoa da horietako bat: “Onddo hori gizakion mikrobiotaren parte da; ahoan, larruazalean, digestio-aparatuan edota baginan aurkitzen da; normalean gaixotasunik eragiten ez badu ere, batzuetan arazo larriak sortzen ditu”, azaldu du Leire Aparicio Fernández Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile eta irakasleak. Azken hamarkadetan, zenbait ikerketak iradoki dute litekeena dela onddo horrek minbizia abiaraztea eta aurrera egin dezan laguntzea.
Hala, EHUko MicrobiomicsEHU taldeak egindako ikerlan batek lehen aldiz frogatu du Candida albicans onddoak zer mekanismoren bidez eragiten duen melanoma (larruazaleko minbizi-mota arriskutsuena) agresiboago bihurtzea. “Onddoak zenbait seinalizazio-prozesu aktibatzen ditu melanoma-zeluletan, eta, horren ondorioz, angiogenesia eta metabolismoaren birprogramazioa laguntzen duen ingurune bat sortzen da; alegia, zelula gaiztoek oxigeno eta energia gehiago lor ditzaten eta odolera zein beste organo batzuetara errazago barreia daitezen baldintza egokiak eragiten dituen ingurunea”, azaldu du Leire Aparicio doktoreak.
Ikerketan, lehenik, larruazaleko minbiziarekin lotutako hainbat ezaugarri aztertu dituzte: “Adibidez, ea onddoak eraginen bat daukan melanoma-zelulen migrazioan, ugalketan edo atxikipenean”, azaldu du Apariciok. Bestalde, “ikusi dugunean zelula horiek beste organo batzuetara barreiatzea errazten duela onddoak, sakonago aztertu dugu prozesu horiek zer mekanismoren bidez gertatzen diren”, dio. Ikerlanaren emaitzek agerian utzi dutenez, “onddoak eragiten du minbizi-zelulek migratzeko eta metastasia sortzeko gaitasun handiagoa izatea. Baina ugalketan, berriz, ez dugu aldaketarik hauteman”.
Onddoen garrantzia
Ikerketa honek agerian utzi du onddo honek eragina baduela melanoma minbizian, eta horrek “ate berri bat irekitzen die beste terapia alternatibo batzuei —erantsi du Apariciok—; izan ere, normalean minbiziari aurre egiteko terapiek zuzenean zelula gaiztoei egiten diete eraso, baina ikusten badugu onddoek badutela nolabaiteko eragina, litekeena da onddoen kontrako terapia antifungikoak erabiltzeak minbiziari aurre egiten laguntzea. Nork daki, agian, etorkizunean, terapia antifungikoak erabili ahal izango dira melanomaren aurkako terapia osagarri gisa”.
Horrenbestez, arlo ugaritan ikertzen jarraitu beharra dagoela adierazi du EHUko MicrobiomicsEHU taldeko ikertzaileak. Talde horretan askotariko mikroorganismoak ikertzen dituzte, baina Apariciok garrantzia eman nahi die onddoei. “Asko hitz egiten da birusei eta bakterioei buruz, baina onddoak ahaztu egiten ditugu. Pentsatu behar dugu gurekin bizi direla, gure mikrobiotaren parte direla. Onddoak garrantzitsuak izan daitezke ez bakarrik zuzenean eragiten dituzten gaixotasunetan, baizik eta beste gaixotasunetan ere. Adibidez, minbizi-prozesuetan ere parte hartzeko gai direla frogatu dugu”.
Ikerketa honetako aurkikuntzak garrantzitsuak direla iritzi dio ikertzaileak: “Urte askotako lana dago atzean. Minbizia gaur egungo gaixotasun garrantzitsuenetako bat da, eta lan oro da ‘gutxi’ haren kontra aritzeko. Minbizi-mota batek aurrera ez egiteko terapiak bilatzea garrantzitsua da”. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko MicrobiomicsEHU ikerketa-taldean ikertzen ari dira ea “onddo honek eragin bera duen koloneko eta ondesteko minbizi-zeluletan; izan ere, minbizi-mota guztiak desberdinak dira”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Leire Aparicio Fernándezen doktore-tesiaren barnean kokatzen da. Haren tesi-zuzendariak Aitziber Antoran Diaz eta Andoni Ramirez García Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle eta Microbiomics taldeko ikertzaileak izan dira. Gaur egun, Farmazia Fakultateko irakasle gisa ari da lanean Leire Aparicio.
Erreferentzia bibliografikoa
- Enhancement of melanoma aggressiveness via p38-MAPK, HIF-1α pathways, and metabolic reprogramming induced by Candida albicans
- Scientific Reports
- DOI: 10.1038/s41598-025-24055-y
