euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Hezkuntza ekosistema inklusiboagoak eta parte-hartzaileagoak eraikitzeko helburuz

EHUko UdalHez proiektuak Iruñeako Umetxea gune sozio komunitarioko gazteen esperientzia ekarri du Bilboko Hezkuntza Fakultatera

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/16

Talde argazkia | Argazkia: Cristina Martin, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta proiektuko ikertzailea

UdalHez EHUren ikerketa-proiektuak hezkuntza ekosistema inklusiboagoak eta parte-hartzaileagoak eraikitzea du helburu, komunitate osoaren inplikazioa sustatuz, “Udalerrien eta hezkuntza-sistemaren arteko elkarlana sendotu nahi du, haurren eta nerabeen ongizatea, parte-hartzea eta eskubideak erdigunean jarriz”, azaldu du Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle eta proiektuko ikertzaile Cristina Martinek. Izan ere, proiektuak 17/2023 Hezkuntza Legeak aurreikusten dituen Udal Hezkuntza Kontseiluak eta 2/2024 Haur eta Nerabeen Legeak sustatzen dituen eskubide-bermeak aztertzen eta praktikara eramaten ditu.

Bi urteko proiektu horretan Bilboko Hezkuntza Fakultateko 7 ikertzaile eta Zuzenbide Fakultateko beste bik parte hartzen dute, eta momentu honetan Euskadiko sei udalerritan ari dira esperimentalki lanean (Galdakao, Lekeitio, Durango, Laudio, Leioa eta Sopela)  hezkuntza proiektu komunitarioak diseinatzen, udal ordezkarien, ikastetxeen, familien eta herriko eragileen arteko lankidetza sareak indartuz. Karmele Artetxe da proiektuko ikertzaile nagusia.

Hezkuntza komunitarioko esperientziak lehen eskutik ezagutzeko, abenduaren 3an, Iruñeako San Jorge auzoko Umetxea gune sozio komunitarioko gazte talde bat, langilez eta boluntarioz osatua, etorri zen fakultatera, eta Gizarte Hezkuntza ikasten ari diren ikasleak ere hurbildu ziren saiora, esperientzia eta testigantzak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dezaten.

Alberto Jaureguik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, hezkuntza komunitarioaren marko teorikoa eta Umetxea proiektuaren ibilbidea azaldu zituen hasieran. San Jorge auzoaren populazioaren, %17a jatorri atzerritarrekoa da eta biztanleen %20 adin txikikoak dira, “beraz, erronka eta aberastasun sozial handiko testuinguru bat da”, azpimarratu zuen. “Umetxean ondo eta seguru sentitzen zara; ikastetxeen balioekin bat datozen balioak transmititzen dituzte, eta txikientzat ezinbestekoa da“, adierazi zuen Umetxeko kide batek. “Auzoan askotariko kulturak eta errealitate desberdinak elkarrekin bizi dira, eta horrek aberasten du komunitatea.”

Ondoren, gazteek dinamika txikietan parte hartu dute ikasleekin eta irakasleekin, Umetxean egunero egiten duten lana lehen eskutik azalduz: txikitatik jolasteko, sortzeko, tailerretan parte hartzeko eta udalekuetara joateko gune batetik hasten den prozesua; eta urteek aurrera egin ahala, gazteen formazio, ardura eta monitore gisa hazteko aukerara igarotzen den esperientzia: “Txikitatik monitore figura miresten nuen, eta horixe izan nahi nuen handitan. “Batzuetan egoera konplexuak topatzen ditugu txikiekin; horregatik mantentzen dugu koordinazioa auzoko eragileekin, ikastetxeekin, gizarte zerbitzuekin, osasun zentroarekin... Sare horrek ahalbidetzen du gure lanak funtzionatzea ”

Saioak, oro har, hezkuntza komunitarioaren indarra eta auzoan errotutako proiektu batek gazteen bizitzetan sor dezakeen eraldaketa agerian utzi ditu. “Gure ereduak funtzionatzen du denok auzokoak garelako; ezinezkoa da arrakasta izatea txikiak eta haien errealitateak ezagutzen ez badituzu”.

UdalHez proiektuaren helburuekin guztiz bat datorren esperientzia izan da, haurren eta gazteen ongizatea, partaidetza eta ahalduntzea erdigunean jartzen dituelako”, ondorioztatu du Cristina Martinek. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hezkuntza komunitarioaren esparruan duten lankidetza sendotzeko ere balio izan zuen.