euskaraespañol

Ikerketa askatasunean egiteko baldintzak eskaintzen ditu euskal zientzia eta unibertsitate ekosistemak

Hala adierazi du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak Paristik, Sorbonako Unibertsitateko bileraren ostean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/05

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea Parisen, Sorbonako Unibertsitatean | Argazkia: UPV/EHU

Sorbonako Unibertsitatean Europako gainerako unibertsitateetako eta zientzia alorreko ordezkariekin izan da EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, Enlight aliantzaren baitan. Europako Batasunak, batetik, eta frantziar estatuak, bestetik, zientziaren alde egiteko programa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du. Besteak beste, 2025/27an ikerketan, berrikuntzan eta zientzian 500 milioi euro gehiago inbertitzeko konpromisoa adierazi du Von der Leyenek eta 2030erako ikerketak BPGren %3a gainditzeko erronka mahaigaineratu du. Konferentzian aldarrikatu diren egia zientifikoa, askatasun akademikoa eta ikerketa librearekin bat eginda, bilkuraren ondoren EHUko errektoreak adierazi duenez, “gure zientzia eta unibertsitateen ekosistema oso egokia da ikerlariak erakartzeko, ikerketa askatasunean egitea bermatzen delako”.

Europako Batasunetik bultzatu nahi den “Chose Europe for Science” programari Frantziako presidenteak gehitu dion ideiari segika, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak “Chose The Basque Country for Science” leloa zabaltzeko baliatu du hitzordua. “Uste dugu gure unibertsitateen ekosistema oso egokia dela ikerlariak erakartzeko, baita askatasunean garatutako ikerketa eta proiektuak aurkitzeko ere; oro har, ezagutza garatzen lagunduko dien unibertsitate ekosistema”, adierazi du Bengoetxeak.

Horretarako “funtsezkoa da askatasuna izatea; askatasunik gabe nekez garatuko baita zientzia”, gehitu du. Zentzu horretan, Europar Batasunetik garatu den mezua “oso garrantzitsua” dela iritzi dio. Izan ere, neurri batean, erantzun egiten dio ikerketa gaiak gustuko ez dituztelako unibertsitateen kontra AEBko gobernuak erakutsi duen jarrerari. “Hori gertatzen denean, amaitu egiten da zientziaren askatasuna eta zientzia eta ezagutzaren akabera izan daiteke” iritzi di EHUko errektoreak. “Europak betidanik ulertu izan du horrela, eta horregatik dira garrantzitsuak EBtik sustatuko ekimenak”, argitu du.

Ildo horretan, egoki iritzi dio Bengoetxeak sintonia berean doan leloa aldarrikatzea. “Ondo adierazten baitu badaukagula gure unibertsitatean, baina baita gure euskal unibertsitate sisteman, ekosistema egokia ikerketa egiteko. Hori askatasunean egiteko aukera da gure ekarpenik onena. Eta dei egiten diegu ikerlariei aukera ditzaten euskal unibertsitateak”.

Mugaz gaindiko lankidetza eta aliantzak ere jarri dira balioan gaurko konferentzian. EHU jada lanean ari da egun abian dituenak estutu eta berriak aztertzeko, Europako eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekin.

Halaber, EHUko errektorea Goi heziketa ikerketarako Frantziako ministerioak antolatu duen goi mailako workshopean izan da arratsaldean, “Europako unibertsitateen aliantzen etorkizuna: aurrerapenak eta garapenak” leloarekin.