euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Jatorri metabolikoko gibel gantzatsua larriagotzen duen mekanismo bat aurkitu dute

EHUko Lipids & Liver taldeak gaixotasun hepatikoa fase aurreratuetara igarotzeko funtsezkoa den proteina bat aurkitu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/24

Patricia Aspichuetak gidatutako LIPIDS&LIVER ikerketa taldea, Maria Goyri Ikerketa Zentroan
Patricia Aspichuetak gidatutako LIPIDS&LIVER ikerketa taldea, Maria Goyri Ikerketa Zentroan | Argazkia: Laura López

Nazioarteko ikerlan kolaboratibo baten arabera, E2F2 proteina itu terapeutiko berri bat izan daiteke jatorri metabolikoko gibel gantzatsuak gaixotasun larriagoetara eboluziona ez dezan, hala nola zirrosira edo gibeleko minbizira.

Jatorri metabolikoko gibel gantzatsua da gibeleko gaixotasun kronikorik ohikoena (gibel-esteatosi metabolikoa ere esaten zaio). Gaixotasun hori duten pertsonek gantz gehiegi metatzen dute gibelean, nahiz eta alkohol asko ez hartu. Patologia hori arrisku-faktore handia da, konplikazio larriak ekar baititzake, hala nola zirrosia eta gibeleko minbizia. 10 lagunetik 3 edo 4ri eragiten die, gutxi gorabehera, eta, gainera, ugaritzen ari da, gero eta handiagoa baita obesitatearen eta 2 motako diabetes mellitusaren intzidentzia. Gainera, gaixotasun heterogeneoa da, paziente batetik bestera oso desberdinak izan baitaitezke bai kausak bai bilakaera klinikoa.

"Paziente batzuetan, gaixotasunak oso poliki pasatzen da fase larriago batera (esteatohepatitisera, non gantz-metaketaz gain hantura ere agertzen baita); beste paziente batzuetan, berriz, progresio hori azkarragoa da, eta hori arrisku-faktore handia da gibeleko minbizia garatzeko", azaldu du Patricia Aspichueta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Lipids & Liver ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak.

Hepatology aldizkari entzutetsuan argitaratu den nazioarteko kolaborazio-lan batean, jatorri metabolikoko gibel gantzatsuak gaixotasunaren fase larriagoetara nola eboluzionatzen duen azaltzen duen mekanismo berri bat argitaratu da. Aspichueta buru duen ikerketa-taldearen arabera, gure organismoko E2F2 proteinak funtsezko eginkizuna du prozesu horretan, "gene jakin batzuk pizten edo itzaltzen dituen «etengailu» gisa jarduten baitu.

Behazun-azidoak

Ikertzaileek ikusi dutenez, proteina horrek, gibelarentzat toxikoak diren lipidoen (kolesterola edo gantz-azidoak) metaketa sustatzeaz gain, eragotzi egiten du behazun bidezko kanporaketa, eta, ondorioz, behazun-gatzak gibelean eta odolean metatzen dira; horrek, oro har, gaixotasunak aurrera egitea eragiten du. “Aspalditik jakina da esteatosi hepatiko metabolikoaren azpimota zehatz bat pairatzen duten pazienteek gibeleko zirrosia izateko arrisku handiagoa dutela; ez dituzte behazun-azidoak behar bezala kanporatzen, eta, beraz, azido horiek ez dituzte beren funtzioak behar bezala betetzen, eta gibelean eta odolean metatuta geratzen dira, neurri batean bederen. Eta orain badakigu hori nola gertatzen den, paziente batzuetan behintzat", dio Aspichueta doktoreak.

Ikerketa horrek frogatu du E2F2 proteinak miR34a-5p izeneko molekula txiki baten jarduera kontrolatzen duela. Molekula horren bidez, E2F2 proteinak kolesterola eta behazun-azidoak ekoizteko eta gibeletik kanporatzeko prozesu zelularrak erregulatzen ditu. Ikerlanaren arabera, E2F2ren jarduera blokeatzea edo murriztea estrategia terapeutiko bat izan liteke gibeleko gaixotasun hori duten pertsonak tratatzeko.

Zientzian, erantzun batek beste hainbat galdera sortzen ditu. Aurkikuntza horrek jomugan jarri du E2F2 proteina, "baina funtsezkoa da elkarlanean ikertzen jarraitzea, aurrerapausoak egiteko gaixotasun-mota horien aurkako soluzioen bila —adierazi du Aspichuetak—. Gure Lipids & Liver taldean gaixotasun horrekin lotutako zenbait ikerketa-lerro ditugu. Paziente batengan gibel gantzatsuak bilakaera azkarra izango duen ala ez jakitea oso garrantzitsua da. Horretarako, interesgarria litzateke ikustea ea gaixotasunaren bilakaera azkarragoa duten pazienteek E2F2 proteinaren kantitate handiagoa duten. Interesgarri litzateke, halaber, adierazleak aurkitzea, modu erraz batean jakiteko gaixotasunak zer pazientetan izan dezakeen progresio azkarra.

Doktoreak azaldu duenez, "oso ondo jakin behar da nola funtzionatzen duten E2F proteina-mota horiek jatorri metabolikoko gibel gantzatsuaren eta horri lotutako gaixotasun kardiobaskularraren testuinguruan; izan ere, badakigu patologia hori duten paziente asko konplikazio kardiobaskularren ondorioz hiltzen direla, gibeleko gaixotasun horrek negatiboki eragiten baitio arazo kardiobaskularrari. Gehiago ikertu behar dugu datu guztiak izateko eta ziur egoteko E2F2 proteina inhibitzea onuragarria eta segurua izango dela, paziente batzuentzat, bederen. Proteina horrek gibeleko gaixotasun metabolikoan, gaixotasun kardiobaskularrean, aterosklerosiaren sorreran eta gibeleko bi minbizi-motaren garapenean (kartzinoma hepatozelularra eta kolangiokartzinoma, behazun-bideei erasaten diena) dituen ondorio guztiak aztertzen eta analizatzen jarraitzen dugu".

Informazio osagarria

Bost urte baino gehiagoko iraupena izan duen ikerlan honetan, EHUko zenbait ikerketa-taldetako hainbat ikertzailek parte hartu dute (Fisiologia Saila, Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila, eta Biokimika Saila), baita Biobizkaia eta Biogipuzkoako Osasun Institutuetako, CIC bioGUNEko, CIBEREHDeko eta Lisboako Unibertsitateko ikertzaile batzuek ere (nabarmentzekoa Rui E Castroren rola). Artikulu honetako esperimentazio-lana Maider Apodakaren doktorego-tesiaren barruan kokatzen da.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Maider Apodaka-Biguri, André L. Simão, Francisco González-Romero, Daniela Mestre, Pedro M. Rodrigues, Igor Aurrekoetxea, Beatriz Gómez-Santos, Xabier Buqué, Ane Nieva-Zuluaga, Mikel Ruiz de Gauna, Idoia Fernandez-Puertas, Paul Gomez-Jauregui, Natalia Sainz-Ramirez, Kendall Alfaro-Jiménez, Ane Ortiz-Palma, Estibaliz Castillero, Ainhoa Iglesias-Ara, Jone Mitxelena, Ainhoa Eriz, Ana M. Aransay, Juan-José Lozano, Jose J.G. Marin, Laura Izquierdo-Sanchez, Maria J. Perugorria, Luis Bujanda, Jesus M. Banales, César Martín, Lorena Mosteiro, Gaizka Errazti, Wing-Kin Syn, Luis Castaño, Ana M. Zubiaga, Rui E. Castro, Patricia Aspichueta
  • E2F2 transcription factor promotes a cholestatic MASH phenotype by regulating hepatobiliary metabolism through miR-34a-5p
  • Hepatology
  • DOI: 10.1097/HEP.0000000000001461