euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Suizidioaren prebentzioan aditua eta EHUko irakaslea

Jon Garcia Ormaza: «Jokabide-suizida gero eta gehiago detektatzen ari gara»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/11

Jon Garcia Ormaza psikiatra | Argazkia: EHU

Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna da irailaren 10ean, eta horren harira, Jon Garcia Ormazak gazteen buruko osasunari eta suizidioari buruzko gako batzuk eman dizkigu. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatra, Neurozientzietan doktorea eta EHUko irakaslea da Garcia Ormaza.

Zergatik uste duzu azken urteotan suizidioa gazteen artean heriotza-kausa nagusienetako bat bihurtu dela?

Suizidioa kausa anitzeko fenomeno konplexua da. Pertsonaren faktore indibidualek eta ingurumen-faktoreek esku hartzen dute. Faktore pertsonalek —genetika, nahaste psikikoen presentzia, trauma eta estres-gertakarien historia, besteak beste— jokabide suizidak izateko oinarrizko arriskuak baldintzatzen dituzte. Pertsonak ingurunearekin duen elkarrekintzan (interakzioan), estresa eta sufrimendua sortzen dira etengabe, eta, sufrimenduaren intentsitatea larria denean, garrantzi handia dute norbanakoak nolako estrategiak darabiltzan erregulazio emozional eta kognitibo eraginkorra bideratzeko.

Jokabide suizida izateko probabilitatea areagotzen edo murrizten duten arrisku eta babes faktoreak existitzen dira. Faktore hauek, sozialak edo pertsonen artekoak izan daitezke. Gazteenen artean, auto erregulazio emozional eta kognitibo eraginkorra bidera dezaketen trebetasunen ezak garrantzi handia du.

Osasun mentalean hainbat faktorek eragin dezakete.

Jon Garcia: «nerabeek ingurune egokia eta babesgarria izan behar dute familian, eskolan eta haien inguruan»

Zenbat eta arrisku-faktore gehiago jasan, orduan eta eragin handiagoak izango dituzte beren osasun mentalean. Ingurunearen presio sozialak, komunikabideen eraginak eta gizarteak inposatutako ereduekiko etengabeko konparaketak ondorio kaltegarriak izan ditzakete. Sexu- edo eskola-jazarpena; guraso oso gogorrak eta arazo sozioekonomikoak beste arrisku ezagunak dira.

Etxeko giro ona eta kideekiko harreman egokiak babesleak dira. Hori dela eta, nerabeek ingurune egokia eta babesgarria izan behar dute familian, eskolan eta haien inguruan. Ariketa fisikoa, lo-eredu osasuntsuak eta egoera zailei aurre egiteko trebetasunak eta kudeaketa emozionala erabakigarriak izan daitezke.

Azken urteotan, nolakoa izan da gazteen artean suizidioaren bilakaera?

Ezin dugu esan heriotzek gora egin dutenik, baina jokabide-suizida gero eta gehiago detektatzen ari gara, suizidio-saiakerak ere kontuan hartuta. Hori ez da zertan porrota izan behar, suizidio-jokabide gehienak ez dakizkigulako detektatzen oraingoz: gure inguruneko suizidio-saiakeren ehuneko baxua detektatzen dugu bakarrik. Oinarrizko arrazoia jokabide-suizida tabu bihurtzen duten mitoetan bilatu behar dugu; mitoek ideia-suizidak izatearen inguruan galdetzea zailtzen baitute. Zorionez, suizidio-arriskua duten pertsonak hautemateko gero eta konpetentzia hobeak ditugu eta, era berean, arriskuan daudenek laguntza eskatzeko erresistentzia gutxiago dute.

Jon Garcia: «gure inguruneko suizidio-saiakeren ehuneko baxua detektatzen dugu bakarrik»

Zein mito desegin beharko lirateke berehala suizidioari buruzko diskurtsoan?

- Suizidioari buruz hitz egiteak suizidioa sustatzen du.

Alderantziz: prebentzioa sendotzen du. Ideazio eta jokabide suizida partekatzen duten pertsonei hitz egiteak asko laguntzen die norbera hobeto ezagutzen, hobeto sentitzen eta arazoa gainditzeko trebetasun berriak ikasten.

- Norbaitek bere buruaz beste egin nahi badu, gutxi edo ezer egin daiteke eragozteko.

Jokabide suizidaren arriskua prebenitu daiteke; beraz, suizidio bidezko heriotza ere bai. Horregatik, suizidioaren arrisku-faktoreak eta alarma-seinaleak detektatzeko prestakuntza espezifikoa jaso behar da.

-Kaltegarria da krisi suizida baten egoeran dagoen pertsona bati laguntzen saiatzea prestakuntza egokirik izan gabe.

Solasaldi txikiek bizitzak salbatzen dituzte. Ideazio eta jokabide suizida duten pertsonek pertsona konprometituen laguntza behar dute. Ikasi jokabide suizidaren alarma-seinaleak detektatzen, eskain iezaiozu arreta unean bertan eta lagundu iezaiozu laguntza bilatzen.

-Norbaitek hitzez esaten badu bere buruaz beste egingo duela, ez du egingo.

Inoiz ez dira suizidio-mehatxuak gutxietsi edo minimizatu behar.  Norbaitek bere buruaz beste egiteko asmoa duela esaten badizu, hobe da aintzat hartzea eta arreta profesionala bilatzen laguntzea.

-Suizidio-saiakera arreta-dei bat da.

Sekula ez da suizidio-saio bat gutxietsi behar, eta are gutxiago hari garrantzia kendu, manipulazio-jokabideak diruditen arren. Bere buruaz beste egiten saiatzen den pertsonak sufrimendu psikologiko handia du.

-Bere buruaz beste egiten duten pertsonek nahasmendu mentala dute beti.

Gaixotasun mentala arrisku-faktore garrantzitsua izan arren, beti ez dago erlazionatua, eta bere buruaz beste egiten duten guztiek ez dute aurretik nahasmendu mentalik. Suizidioa kausa anitzekoa da.

Jon Garcia: «Jokabide suizidaren arriskua prebenitu daiteke; beraz, suizidio bidezko heriotza ere bai (...) Solasaldi txikiek bizitzak salbatzen dituzte»

Sarritan esaten da gaur egungo gazteak “hauskorragoak” direla, “gehiago kexatzen” direla eta “kristalezko belaunaldia” direla. Zer iritzi du baieztapen horri buruz?

Ez nago ados. Bizi dugun une historikoa apartekoa da, etengabeko gertaera kritikoek ziurgabetasun handia sortarazten dute. Herritarren ondoez maila handia da, gazteen artean ere bai. Ondoez eta arazoei aurre egiteko trebetasun onak behar-beharrezkoak dira. Helduok gazteak trebatzeko eta hezteko ardura dugu; hau gizarte osoaren erantzukizuna da, ez bakarrik hezkuntzaren alorrekoa. Haiek bakarrik ikas dezaketela pentsatzea oso arriskutsua da.

Nola saihestu daiteke gazteen artean suizidioa? Bere buruaz beste egiteko nahia izan dezaketen gazteen alarma-seinaleak zeintzuk dira?

Alarma-seinaleak detektatzeko, ezagutu egin behar dira.

Alarma-seinaleak edo jokabideak hiru taldeetan sailka ditzakegu. Lehenik eta behin, hiltzeko edo buruaz beste egiteko gogoa jakinaraztea; edota buruaz beste egiteko planak egitea (buruaz beste egiteko metodoak bilatzea). Zurt ibili beharko gara, iruzkin, mehatxu eta planak sare sozialetan egon daitezkeelako. Bigarrenik, alarma-seinale psikologikoak ere badira: min-psikikoa, etsipena, karga izateko pertzepzioa, edota norberarekiko etsaitasuna sentitzea. Eta azkenik, jokabide-seinaleak eta seinale fisikoak ere alarma-seinale ohikoak dira: konektagarritasun txikia izatea (kide izateko sentipen eskasa eta gizarte-inplikazio urria); loaren nahasmenduak edukitzea (lo ezina bereziki); suminkortasuna; alkohol nahiz droga gehiago kontsumitzeko joera; gauzak oparitzea, agurtzea edota sare sozialak ageriko arrazoirik gabe ixtea…

Nola eragiten dute sare sozialek gazteen osasun mentalean eta, ondorioz, suizidioan?

Sare sozialek eta teknologia berriek, hala nola adimen artifizialak, ingurune berriak hazten dituzte. Hauetan. gazteek sentitzen, pentsatzen eta jarduten dute. Mundu paralelo bat bezalakoa da. Mundu horiek ez dira beti erabat seguruak, helduok ez ditugulako ezagutzen eta, beraz, ezin dugulako babesik edo laguntzarik eman, partekatzen den edukia edo informazioa egokia ez delako, eta abar. Nire ustez, gakoa haurrak teknologien erabilera arduratsuan behar bezala prestatzea da. Horrek, arriskuak ezagutzea, ondoezaren seinale pertsonalak detektatzen jakitea, eta sor daitezkeen egoera desatseginei modu eraginkorrean erantzuten jakitea (laguntza edo babesa eskatuz, salatuz, etab.) esan nahi du.

Gero eta gazte gehiagok jotzen dute adimen artifizialera laguntza eskatzeko edo osasun mentalari buruzko erantzunak bilatzeko. Zer abantaila eta arrisku ikusten dizkio fenomeno horri?

Baliabide-iturriak fidagarriak eta kalitatezkoak izan behar dira. Adimen artifizialak sortutako edukia ez da beti horrelakoa. Nolanahi ere, ondoez emozionalaren maila biziaren aurrean beti ere, konfiantzazko pertsona batekin hitz egitea gomendatu behar dugu.

Jon Garcia: «Suizidioaren prebentzioak sektore anitzeko ikuspegia eskatzen du, eta horrek hezkuntza sistemari erabat eragiten dio»

Zein paper izan beharko lukete hezkuntza-zentroek gazteen suizidioaren detekzioan eta prebentzioan?

Suizidioaren prebentzioak sektore anitzeko ikuspegia eskatzen du, eta horrek hezkuntza sistemari erabat eragiten dio, gazteengan trebetasun sozio-emozionalak garatzeko programak ezarriz eta arriskuan dauden pertsonen detekzio goiztiarra eta jarraipena bermatuz.  Ikasleek ondoez emozionalaren seinaleak detektatu behar dituzte eta erregulazio trebetasunak hobetu behar dituzte.

Modu berean, norberarekiko errukitsu izan behar dute garatu behar dute, eta zentroa eta ikaskideekin lotura edo pertenentzia sentitu.

 

Laguntza eta arreta psikologikorako baliabideak

 

EHUko Aholkularitza Psikologikoko Zerbitzua

Suizidio portaeraren arretarako telefonoa: 024 (zerbitzu estatala, 24 orduz, doakoa eta konfidentziala)

Esperantzaren Telefonoa: 717 003 717 (Krisi egoeretan arreta, zerbitzu estatala) Web: telefonodelaesperanza.org

 

Suizidioaren aurkako telefonoa – La Barandilla Elkartea

Telefonoak: 910 380 600 / 911 385 385

Web: labarandilla.org / telefonocontraelsuicidio.org

 

Senide baten suizidioak kaltetutako pertsonen elkarteak

Biziraun (EAE)

Besarkada-abrazo (Nafarroa)