euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Aritz Obregón Fernández

Legezkoak al dira Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoak?

Nazioarteko zuzenbidearen arloko ikertzailea eta irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/01

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zurrumurruz eta zalantzaz betetako astearen ostean, Israelgo lehen ministroak, Benjamín Netanyahuk, lortu du Estatu Batuak Ekialde Hurbileko bere kanpaina militar berezian barneratzea. Donald Trump agintari estatubatuarrak iragarri zuenez, Estatu Batuek Iranek Fordown, Natanzen eta Isfahanen dituen instalazio nuklearrei eraso egin die ezkutuko B-2 hegazkin bonbaketariak eta urpeko ontzietatik jaurtitako Tomahawk misilak erabiliz.

Erasoa aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa zen Estatu Batuek parte hartzea; izan ere, aireontzi horiek dira bereziki babestuta dauden lurpeko baseak suntsitzeko gai den eta parekorik ez duen armamentua, GBU-57 bonbak, garraia ditzaketen bakarrak.

Indar militarra nazioarteko zuzenbideak ezarritako moduan erabiltzea

Nazioarteko harremanekin lotutako oinarrizko arauetako bat da beste estatu bat mehatxatzearen edo haren aurka indarra erabiltzearen debekua, Nazio Batuen Gutuneko 2.4 artikuluan jasota dagoena. Nazioarteko komunitateko estatu guztien kasuan aplikagarria den debeku horrek bi salbuespen bakarrik ditu.

Lehenengoa Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak baimena ematea da. Nazioarteko erakundea eratzeko itunak 42. artikuluan aitortzen du Kontseiluak nazioarteko bakea eta segurtasuna mehatxatzen edo urratzen duten egoeretan indarra erabiltzea erabaki dezakeela, bake hori berrezarri edo mantentzeko.

Nahiz eta Segurtasun Kontseilua bildu egin den Israelen aurreko erasoak eta ondoren etorri diren erasoak aztertzeko, ez du inolako ebazpenik onartu Israelen ekintza gaitzesteko, eta are gutxiago neurriren bat ezartzeko. Hain zuzen ere, jarrera hori Batzar Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak 1981ean Osirakeko (Irak) erreaktore nuklearraren aurka egindako bonbardaketa zela eta Israeli jarritako zigorrekiko oso bestelakoa da. Baina beste garai batzuk ziren.

Bigarren salbuespena defentsa legitimorako eskubidearekin lotuta dago. Eskubide hori nazioarteko ohitura-zuzenbidean eta Nazio Batuen Gutuneko 51. artikuluan jasota dago. Hala, estatu batek –edo Estatu horrek kontrolatutako eta estatukoa ez den eragile batek– beste baten aurka berehala egin dezakeen edo dagoeneko egiten ari den erasoaldi armatuaren aurrean, beharrezko ekintza armatu proportzionalak egin daitezke, eraso hori geldiarazteko helburu bakarrarekin.

Eskubide hori ez da errepresaliarako edo mugarik gabe esku hartzeko eskubidea, behin-behineko neurri subsidiarioa baizik, harik eta Segurtasun Kontseiluak bakea eta segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak hartu arte. Organo horren geldotasuna dela eta (Errusiak Ukrainari egindako erasoarekin gertatzen den bezala), eraso armatuak irauten duen bitartean, indar militarra erabil daiteke.

Horrekin lotuta, garrantzitsua da adieraztea defentsa legitimoa justifikatzen duten eraso armatuak horiei erantzuteko unean bertan gertatu behar dutela, edo berehalakoak izan. Berehalakotasun hori zer den erabakitzeko garaian adostasunik ez dagoen arren, iritzi orokorrenen arabera, denborari dagokionez gertu dagoen ekintza zehatza litzateke. Hau da, ezin daiteke izan etorkizuneko eraso baten mehatxua edo mehatxu orokorra.

Israelen (eta Estatu Batuen) legez kontrako eraso prebentiboak

Israelek aitortu duenez, bere helburua, edo, gutxienez, helburu formala Iranen programa nuklearra suntsitzea da “denbora gutxian” bonba atomikoa lortuko duen beldurra dela eta. Ildo horretan, orain egun batzuk, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi zuen Iran ez zela betetzen ari nuklearrak ez ugaritzeari buruzko bere betebeharrak, 2019tik akordio nuklearrean jasotako ikuskapenetan laguntzarik ez zuela eman egiaztatu baitzuen. Urte hartan bertan, Donald Trump presidenteak Estatu Batuak nazioarteko itunetik atera zituen.

Baina nazioarteko betebehar bat urratze hutsak ez du justifikatzen indar militarra erabiltzea. Iran arma nuklearra lortzeko saiakerak egiten ari dela dioen Israelen hipotesia onartuta ere, lehen aipatu dugun moduan, ez luke eskubiderik izango erasoaldi militar bat egiteko.

Ez da Segurtasun Kontseiluaren baimenik edo Iranen eraso armaturik izan. Horrekin lotuta, baztertu egin behar da berehalako erasoa izan dela erakusten duten ebidentziak daudela. Izan ere, 2024ko apirileko eraso trukea (biak legez kontrakoak) aztertzen badugu, edozein zalantza baztertu ahal izango dugu. Urte hartako uztailean Hamaseko orduko liderra, Ismail Haniya, Teheranen erail izanari eta Iranen Siriako enbaxadaren aurka egindako legez kontrako erasoari “erantzuna” emanez Iranek jaurtitako dron eta misilek eusteko helburua eta izaera performatiboa izan zuten.

Azken egunotan, Israel bere argudioak doitzen saiatu da eta, besteak beste, bere eraso armatua Iranek bere ‘proxien’ (Hezbola edo Yemeneko huthiak, adibidez) funtsezko ekintzetan izandako parte hartzeak justifikatuko lukeela gehitu du.

Dena den, talde horiengan Iranek duen kontrolak ez du Nazioarteko Justizia Auzitegiak eskatutako kontrol eraginkorreko maila betetzen, Iranen transmisio uhal gisa lan egitetik urrun baitaude.

Hain zuzen ere, kontrol maila hori izan balu ere, operazioek legearen kontrakoak izaten jarraituko zuketen, aipatutako taldeen erasoak geldiarazteko beharrezkoak ez liratekeelako. Nola geldiaraz daiteke Yemenetik egindako dronen jaurtiketa Irango zentral nuklearrak bonbardatuz?

Hitz gutxitan esanda, ekintza hori eraso “prebentiboa” (eta, horrenbestez, legez kontrakoa) baino ez da izan etorkizunera begira egon daitekeen zalantzazko mehatxu horren aurrean. 2003an Estatu Batuek Iraken egindako erasoaldiaren pareko kasua litzateke.

Nazioarteko bake eta segurtasunaren aurkako egungo mehatxua

Aipatutako hori guztia Estatu Batuen kasuan ere aplikagarria da, Israeli laguntza ematen ari baitzitzaion. Ondorioz, Estatu Batuek eta Israelek egindako bonbardaketak Iranen subiranotasuna eta lurraldearen segurtasuna urratzen duten eraso krimenak direla esan dezakegu.

Arma nuklearra eskuratzeko borondatea (ekintza horien ostean Irango elitean benetan sustraituko zen desioa) nazioarteko bake eta segurtasunerako mehatxua balitz, egia esan, gaur egun, eskualdean arma nuklearrak dituen herrialde bakarra Israel da.

Ondorioz, eraso armatu baten biktima den heinean, Iranek bere burua defendatzeko eskubidea izango luke. Hala eta guztiz ere, Estatu Batuek Iraken eta Qatarren dituzten baseen aurka egindako erasoak (aukera helburu gisa) ez dira beharrezkoak amaituta dagoen erasoa gelditzeko, eta ez dago berehalako eraso baten mehatxurik. Ondorioz, labur esanda, nazioarteko zuzenbideak debekatutako errepresaliak lirateke.

Nazioarteko komunitateak erasotzaileak armak isilaraztera eta gatazka bideratzera behartzeko garaia da.