Aritz Obregón
Legez kontrako erasotik erabateko setiora: Gaza desagertzeko zorian nazioarteko pasibotasunaren aurrean
Nazioarteko zuzenbidearen arloko ikertzailea eta irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/23
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Duela 18 urtetik Gazak bizi duen legez kontrako blokeoa gainditzen saiatu den azken Askatasunaren Ontzidiko partaideak “deportatzen” hasi da Israel.
Askatasunaren Ontzidia koalizioa gizarte zibilaren baitan 2009an sortu zen ekimena da. Horren baitan, aktibistek, ordezkari publikoek eta pertsona ospetsuek zuzendutako itsasontziak bidaltzen dituzte Gazako Zerrendara blokeoa hautsi nahian. Hala, Gazako herritarrei laguntza humanitarioa ematen die eta Palestinar Lurralde Okupatuen eta palestinarren aurka Israelek egiten dituen politikak eta jardunbideak salatzen ditu.
Ontzidietako bakar batek ere ez du lortu Gazara iristea, dronekin egindako erasoa dela eta (halaxe gertatu zen maiatzean Maltako kostaldetik gertu, Conscience itsasontziarekin) edo nazioarteko uretan egindako abordatzeak direla eta. Horietako batzuetan, gainera, kideetako batzuek exekuzio estrajudizialak jasan dituzte.
Arreta deia nazioarteari
Hala eta guztiz ere, kasu gehienetan, Palestina-Israel gatazkarekin lotutako alderdi lazgarrienetakoren bati buruzko arreta mediatikoa erakartzea lortu da. Oraingoan, oinarrizko helburua Israel Gazako Zerrendan egiten ari den genozidioari buruz nazioartearen arreta mantentzea zen.
Orain bi urte (Palestinako lurraldeei buruzko Nazio Batuen errelatore edo kontalari bereziak ‘Genozidio baten anatomia’ txosten esanguratsua argitaratu zuenean edo Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean Israelen aurkako demanda aurkeztu zuenean genozidio krimena egiteagatik), zalantzaren bat izan zen edo nolabaiteko zuhurtziaz jardun zuten, baina, azken hilabeteotan, Israelek egindako ekintzek uzkurtasun horiek guztiak uxatu dituzte.
Sarraskiak, erasoak eta suntsiketa
Horrekin lotuta, ez dira soilik zibilen aurkako etengabeko sarraskiak eta nazioarteko babesa duten tokien edo pertsonen aurkako erasoak; izan ere; martxoko bonbardaketen ondorioz, 404 pertsona hil ziren; konboi humanitario bat suntsitu zuten edo Gazako ospitale onkologiko bakarra dinamitatu zuten –horren ondorioz, 54.600 hildako baino gehiago izan dira, baina estimazio batzuen arabera, kopuru hori 186.000 artekoa da. Bestalde, Gazako Zerrendako hiri osoak azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak suntsitu dituzte eskualde osoa bertan bizitzeko moduan ez dagoen toki bihurtu arte–. Horiez gain, gainera, aipatu beharrekoa da ezagutu ditugun plan eta operazioen ezarpen maila.
Jeneralen Plana betez Zerrendako iparraldetik palestinar guztiak kanporatzeko operazioek aurrera jarraitzen duten bitartean, maiatzean "Gedeonen gurdiak” operazioa iragarri zuten Gazako Zerrenda osoa okupatu eta etorkizunean kolonizatu ahal izateko bertako biztanleria desagerrarazteko asmoz. Horretarako, lurraldea “korridoreka” edo “segurtasuneko eremuka” banatzeko estrategia bera ezarri nahi dute, eta gosea erabili gerrako arma gisa.
Israelek alde bakarreko erabakiaren ondorioz urtarrilean su-etena hautsi zuenetik, elikagaiak, ura, botikak eta elektrizitatea sartzea eragozteko blokeo irmoa ezarri du. “Gosetea izateko arrisku kritikotzat” jotakoaren aurrean maiatzean jasotako kritiken ondorioz, Israelek “laguntzaren” kudeaketa Gazako Fundazio Humanitarioari laga dio.
Israelek eta Estatu Batuek babestutako GKE pribatu eta militarizatu horrek egindako lanak agerian utzi du mendebaldetik jasotako kritikak baretzeko eta laguntza humanitarioa kontrolatzeko estrategia baino ez dela izan, hori guztia bere helburuekin bat etor dadin.
Aldi berean, Zisjordanian, etengabe ari da indarkeria handitzen eta Israelek Osloko Akordioetatik izandako kolonizazio handiena iragarri du legez kontrako beste 22 kokalekurekin.
Azken helburua begi bistakoa da (eta berria ere ez da) begirada nahita aldendu nahi ez duen ororentzat: Palestinako Lurralde Okupatu osoa legez kanpo anexionatzea eta, jainkoaren aginduz horretarako eskubidea dutela uste duten lurralde hartatik biztanle palestinarrak desagerraraztea. Egunotan, beraz, sionismoaren tesi kolonialistak etengabe praktikan jartzen ari direla ikus dezakegu.
Praktikan, ez dute inolako ondoriorik izan honako hauek: behin eta berriro adierazi izanak Palestinako herriak erabakiak modu librean hartzeko eskubidea duela, Gazak jasandako erasoa legez kontrakoa dela eta, aldi berean, Askatasunaren Ontzidiak jasandako legez kontrako erasoa ere legez kontrakoa dela, gosea arma gisa erabiltzen duela, eta Israelen ekintzek Nazioarteko Justizia Auzitegiak ezarritako behin-behineko neurriak nabarmen urratzen dituztela edo errefuxiatu palestinarrentzako agentziari legez kontra betoa ezarri izana (laster emango du horren inguruko epaia Nazioarteko Justizia Auzitegiak).
Estatu Batuek NBE-en Segurtasun Kontseilua geldiarazi dute
Aipatu dugun hori guztia larria den arren, Estatu Batuek betoa jarri diote Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpen proiektu berri bati. Horren helburua hiru gauza bakarrik eskatzea zen: berehalako su eten iraunkorra, bahituak berehala eta baldintzarik gabe askatzea eta laguntza humanitarioa eta banaketa segurua eta eskala handikoa sartzea.
Gainerako estatuak ere ez dira egoera horrek eskatzen zuen mailan egon, nahiz eta urraketa larri horiek egiten ez uzteko betebeharra eta horiei amaiera emateko lankidetzan aritzeko betebeharra izan.
Oinarrizko betebeharren urraketa larrien aurrean, nazioarteko zuzenbideak Segurtasun Kontseilutik kanpo nazioarteko zehapenak (erasoa edo genozidioa debekatzea edo modu librean erabakitzeko eskubidearekiko errespetua, adibidez) ezartzea ahalbidetzen duela defendatzen duten estatu berberek orain isilik egotea edo kezka handia erakustea erabaki dute, neurri praktiko eta zehatzak ezarri beharrean.
Armen merkataritza Israelekin
Turkiak abian jarritako aparteko boikota albo batera utzita, aipagarrienak Hagako Taldeak edo zenbait estatuk (Espainiak edo Txilek, esate baterako) abian jarritako neurriak aipa ditzakegu; izan ere, armak blokeatzeko edo Israelekin armekin lotutako merkataritza amaitzeko erabakiak hartu dituzte, baina horiek guztiek eraginkortasun mugatua dute.
Hori ez da soilik etorkizuneko planak direlako edo konpromiso horiek betetzen ez direlako, baizik eta Israelen arma hornitzaile nagusiek ez dituztelako beren gain hartzen, eta horiek blokeatzeak eragin zuzena eta berehalakoa izango lukeelako haien operazioei eusteko garaian: Estatu Batuak, Alemania eta Italia.
Antolatutako gizarte zibilak, bestalde, mobilizatzen jarraitzen du eta, itxuraz, ontzidiaren legez kontrako abordatzea eta partaideen legez kontrako bahiketa ekintza horietako beste bat baino ez da izango. Uneotan, Gazarako Martxa Globalaren baitan, lurreko karabanak Afrikako iparraldea zeharkatzen ari dira Egiptok kontrolatzen duen Gazarako sarbide bakarra, Rafah-erako igarobidea, jomugan jarrita.
Hurrengo asteotan jakingo dugu Israelen sabotaje saiakerak gainditzen dituzten eta ekimen horren bidez eskualdeko estatuengan presioa egitea lortzen duten itxuraz oso kezkatuta egotetik benetan esku hartzera igaro daitezen. Oraindik egin daitekeen –eta egin beharra dagoen– lan handia dago aurrean. Eta Gazako Zerrendan bizirauteko saiakera betean daudenei ez zaie denbora asko geratzen.