euskaraespañol

Redes sociales campusa

Bengoetxea: «Lorpenez betetako urtea izan da eta negoziazioa ezinbestekoa izango da etorkizunean bide beretik jarraitzeko»

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/27

EHUko Gobernu Taldearen argazkia | Argazkia: EHU.

Kolaborazioaren, elkarrizketaren eta akordioen alde lanean jarraitzeko asmo irmoa adierazi du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, kargua hartu eta urtebetera egin duen balantzean. Errektoretza talde guztiarekin Arabako Campusean egin du agintaldiko lehen urtearen balorazioa. Urte “bizia” izan dela adierazi du; “gorabehera askokoa, baina kanpainako konpromiso ugari bete ditugu eta datozen urteetarako estrategia finkatzeko ere balio izan du denbora honek. Plan estrategikoa lantzen aritu gara eta mugarri izango da datozen sei hilabeteetan”, adierazi du. 2026-2028 Plan Estrategikoa martxoaren 16an bozkatuko da EHUren Klaustroan.

Iazko urtarrilaren 27an errektore karguari zin egin zionetik onartu, aldatu eta hasi dituzten ekimenen eta hartutako erabakien birpasa egin du gaur Bengoetxea errektoreak. Kazetarien aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, dagoeneko gai izan dira hartutako konpromisoetako batzuk betetzeko; hala nola, “kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea lortu dugu. Ordezko irakasleen auzia konpondu dugu, jardun osoa ahalbidetu eta lan saria osatuz. Gainera, irakasle oso eta katedradun izateko promoziorako itxaron zerrenda murrizteko neurriak hartu ditugu eta legeak baimentzen dituen plaza guztiak onartu dira 2025ko lan eskaintza publikoan. Era berean, kontziliazio neurriak ere indartu ditugu administrazio eta  zerbitzuetako langileentzat”.

Arlo akademikoan, unibertsitatera sartzeko frogen antolaketa hobetzeko hartutako neurriak, unibertsitate mikrokredentzialen aldeko apustu irmoa eta ikerketan lortutako emaitzak gogoratu ditu, baita nazioartekotzean egin diren urratsak ere: itsas gaindiko campusa, Europako aliantzak, Arku Atlantikoa zein mugan gaindiko lankidetzak. “Nazioartean ere gure unibertsitateak erreferente izateko lan egiten du”.

Azpiegiturez ere mintzatu da Bengoetxea. “Lehentasunezkoa izan da pertsonen segurtasuna bermatzeko lanak abiaraztea”. Eusko Jaurlaritzarekin adostu zen lanak gauzatzea eta dagoeneko Leioan, esaterako, ari dira plataformak eraisten. Horrez gain, campus bakoitzeko proiektu bana azpimarratu ditu: Gipuzkoan ikasleen egoitza berria; Araban, zaintza integralerako zerbitzuaren pilotua  eta Bizkaian, Bilbon kokatuko den Klinika Odontologiko soziala. “2026an martxan jarriko ditugu”, adierazi du.

Horrez gain, lehenengoz egin den unibertsitatearen premien diagnosi zehatza gauzatu izana balioan jarri du Bengoetxeak. “Gure unibertsitateak bizi duen egoera zehatza zein den ezagutzeko balio izan digu eta ezinbesteko tresna bilakatu da EHUk merezi eta behar duen lekuari eutsi ahal izateko gutxieneko baliabideak zehazteko eta lehentasunak markatzeko”, zehaztu du. Diagnostikoa unibertsitateko komunitatearekin nahiz gizartearekin partekatu izana garrantzitsutzat jo du errektoreak “gizartea baita gure unibertsitatea finantzatzen duena eta eskubidea dauka egoera zein den ezagutzeko”.

Ildo horretan gehitu du lanean jarraituko dutela “unibertsitateak behar duen ezinbesteko finantzaketa nahikotasuna lortzeko, unibertsitatearen autonomia benetakoa izan dadin eta aurtengo lorpenekin jarraitu eta unibertsitatea eraldatzeko ezinbestekoa delako abiatutako negoziazioak burura eramatea”. Kazetarien galderei erantzunez, Bengoetxeak gogora ekarri ditu unibertsitate publikoek oro har daukaten finantzazio arazoa eta testuinguru horretan, adierazi du “Eusko Jaurlaritzak aitzindaria izan beharko lukeela egoera hori irauliko duten politiketan”.

Halaber, unibertsitate lege proiektu berriaz galdetuta, helburua unibertsitate publikoaren alde egiten duen legea izatea dela adierazi du EHUko errektoreak, unibertsitate publikoak bermatu behar duela ez bakarrik ekoizpen sistemara transferituko den oinarrizko ikerketa leku, baizik eta ezagutza arlo guztiak eskaintzen duen unibertsitatea, ikasteko eskubide oro bermatzen duena.