Mikel Bernal zornotzarrak (Bizkaia), EHUko Psikologia Fakultatean graduatuak, bigarren nota onena lortu zuen urtarrilaren 25ean egindako Barne Psikologo Egoiliar (BAPE) bihurtzeko azterketan. 2022ko ekainean graduatu zen eta uztailean hasi zen Barne Psikologo Egoiliar bihurtzeko azterketa prestatzen. Hilabete batzuez atseden hartu ostean, ekainaren 6an, ostiral honetan, hasiko du 4 urteko egonaldia Sevillako ospitale batean.
Mikel Bernal: «Tratamendu psikologikoa denentzat eta kalitatezkoa izatea nahi dut»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05
Zergatik aukeratu duzu Virgen de la Macarena Unibertsitate Ospitalea, Sevillan, egonaldia egiteko?
Zortea izan dut edozein leku aukeratu ahal izateko, eta hazteko eta nire inguruko erosotasunetik ateratzeko beharra sentitzen dudan unea bizi dudanez, baztertu egin nuen hemen geratzea. Argi neukan hegoaldera joan nahi nuela, eta Andaluziako plazei buruz informazioa eskuratzea egokitu zitzaidanean, ospitale honen deskribapena jaso nuen. Eta, egia esan, asko gustatu zitzaidan irakurri nuena. Aurretik han dauden egoiliar batzuekin hitz egin nuen eta konbentzitu egin ninduten eta, gainera, Sevilla izugarri gustatzen zaidan hiria dela gehitzen badiogu... Ez nuen gehiegi pentsatu beharrik izan.
Zer egin duzu hilabete hauetan?
Azterketaren ondorengo hilabeteak atseden hartzeko eta horrenbeste denboran ikasketen erritmo bizia izan ostean arnasa hartzeko baliatu nituen. Besterik gabe, aisialdiaz gozatzera mugatu naiz. Lehen baztertu egin behar izan nituen planetara batu naiz eta lagun eta senideen konpainiaz gozatu dut. Bidaiatzen ere ibili naiz, eta aurten plaza atera duten beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera ere izan dut.
Etapa bat itxi eta beste bat hasiko duzu. Zer moduzkoa izan da EHUn izandako esperientzia?
Beti izaten da zaila etapak itxi eta berriak hastea. BAPEra sartzeko azterketaren gai horretan barneratu aurretik, EHUko nire etapa ixtea egokitu zitzaidan. Egia esan, unibertsitatean izandako etapa oso ederra eta betea izan zen. Asko ikasteko eta pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut. Pertsona horiek, gainera, gaur egun, lagun minak dira.
Zergatik erabaki zenuen Psikologia ikastea?
Egia esan, Psikologia nolabait kasualitatez ikasi nuen. Beti esan izan didate sentiberatasun handia, entzuteko gaitasuna, enpatia... nuela, eta psikologia ikasiko ote nuen galdetzen zidaten, baina egia esan, ez nuen neure burua horretan ikusten. Hala, lehenengo Fisioterapian matrikulatu nintzen, EHUn, baina ez nintzen ondo egokitu han. Hura ez zela niretzako egina sentitzen nuen eta lehenengo ikasturtearen erdian utzi nuen. Hurrengo hilabeteetan, egun batean, arrebarekin hizketan ari nintzen hurrengo pausoa zein izango zen erabaki nahian. Ez nekien beste graduren batean matrikulatu edo zer egin... Pixka bat galduta nengoen eta ez nekien zer egin. Psikologiako gradua atera zen elkarrizketan, ikasketa plana irakurri zidan eta ez nuen askoz gehiago pentsatu: saiatuko nintzela erabaki nuen. Zorionez, astebete besterik ez nuen behar izan eskolara joan eta hura gustatzen zitzaidala eta niretzat egokia zela jakiteko. Eskerrak erabaki hura hartu nuen!
Eta, karrera amaitutakoan, BAPE iritsi zen.
Ikasketen bigarren mailan izan nuen BAPEren berri, nire kontura informazio bila ari nintzela. Gainera, irakasle batek BAPE bideaz ere hitz egin zigun (graduko 4 urteetan behin bakarrik entzun dut norbait BAPEri buruz hizketan), eta gero eta aukera erakargarriagoa eta benetako erronka zela iruditu zitzaidan. Baina karrerako laugarren mailan, praktikak egiten ari nintzela, erabaki nuen hura izango zela nire bidea. Angulema Eguneko Ospitalean eta Gasteizko Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzuan praktikak egiteko zortea izan nuen, eta asko gustatu zitzaidan han nola lan egiten zuten. Hori zela eta, hura niretzako egokia zela erabaki nuen. Gainera, tutoreek ere BAPE egitera animatu ninduten eta ez nuen askoz ere gehiago pentsatu beharrik izan. Praktikak amaitu eta GRAL defendatu ondoren, ikasten hasi nintzen.
Asko hitz egiten da psikologian dauden plaza publiko gutxiei buruz.
Nabarmena da BAPEn ez dagoela behar adina plazarik eta guztiok kezkatzen gaitu horrek: prestakuntza horretara iritsi nahi dutenak zein dagoeneko plaza lortu dugunok. Inbertsio ekonomiko gehiago, buru osasunaren birkontzeptualizazioa eta psikologo klinikoaren figura falta dira osasun sistema nazionalean.
«Egia da urteen poderioz plaza kopuruak nabarmen egin duela gora, baina ez da biztanleriaren eskaerarekiko proportzionala»
Hori dela eta beharrezkoa da plaza kopurua handitzeko borrokan jarraitzea; izan ere, arrisku eta behar handia duten eta psikologo pribatu bat eduki ezin duten biztanleak daude. Egia da urteen poderioz plaza kopuruak nabarmen egin duela gora, baina ez da biztanleriaren eskaerarekiko proportzionala. Beharrezkoa da plaza-kopurua handitzea, eta horixe lortu nahi da, baina pixkanaka egin behar da, etorkizuneko egoiliarrei ahalik eta prestakuntzarik onena eman ahal izateko, gero, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eman diezaien.
Psikologia gutxietsita al dago osasungintza publikoan?
Nire esperientziaren arabera, ez nuke esango psikologia gutxietsita dagoenik osasungintza publikoan edo ez horrenbeste behintzat. Gero eta gehiago nabarmentzen da osasun mentalaren eta psikologoaren garrantzia, eta merezi duen balioa ematen ari dira. Gainera, frogatu da psikologoa diziplina anitzeko taldeetan egoteak arazo askoren emaitzak hobetzen dituela. Taldeko lana, psikologoa barneratuta, ezinbestekoa da.
Aipatu duzunez, gero eta gehiago bistaratzen da osasun mentalaren garrantzia, eta hein batean belaunaldi berriei esker da: normaltasunez tratatzen duzue, taburik gabe. Horrekin lotuta, zer ekarpen egin nahiko zenioke osasungintza publikoari?
Niri gustatuko litzaidake nire harri koxkorra ekartzeko gai izatea. Ni iritsi aurretik beste hainbatek egindako lan bikainarekin aurrera jarraitu nahiko nuke. Tratamendu psikologikoa guztientzat eskuragarria izatea nahi dut, kalitatezkoa, zorrotza eta zientifikoa izatea, eta nire laguntza behar duten pertsonei lagundu nahi diet.
Nola irudikatzen duzu zure ibilbide profesionala 10 urte barru? Pentsatzen al duzu horretan?
Ia 3 urte ikasten eman ostean, asko kostatzen zait nire ibilbide profesionala horren epe luzera begira irudikatzea. Oraintxe bertan, 4 urteko egonaldia dut jomugan. Espero dut hurrengo 10 urte hauetan ikasi, lagundu eta aberastu ahal izatea eta, egunero-egunero, lanbide honekin maitemintzen jarraitzea.