Miren Garbiñe de Diegok, Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan gradudunak EHUn, Valentziako GOIDIari buruz egin du Gradu Amaierako Lana. Urriaren 29an gertaera izan zenetik urtebete beteko diren honetan, proiektuak -Ohorezko Matrikularekin saritua- fokuan jarri du berriro. Lanak 5 apartatu ditu: argazki erreportaje bat, albiste argazki bat, argazkidun albiste bat, erretratudun elkarrizketa bat eta GOIDIaren aurreko eta ondorengo egoera erakusten duen fotosaiakera bat.
Valentziako GOIDIari buruzko Gradu Amaierako Lanaren egilea
Miren Garbiñe de Diego: «Palarekin bi egunez aritu ondoren jakin nuen hura izango zela nire GrALa»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/23
Nolakoa izan zen ohorezko matrikula jasotzea? Zer esan nahi izan zuen zuretzat aitorpen horrek?
Indarra ematen dizu. Horrenbeste hilabetez lanean jardun ondoren, bihotzez eskertzen dut nire ahalegina aitortu izana. Harro nago proiektuaren atzean dagoen guztia hauteman eta balioetsi ahal izan delako. Hala ere, ezin dut saihestu iruzurtiaren sindrome apur bat sentitzea. Gehiagotan jaitsi nintekeela edo argazki gehiago atera nintzakeela pentsatzen dut batzuetan.
Nola sortu zen zure Gradu Amaierako Lanaren ardatza Valentziako GOIDIa izatea?
Erraietatik atera zitzaidan, etxetik hondamendia ikusten ari nintzela sentitu nuen kazetari deitik. Desinformazioz betetako giroan eta kaos mediatikoaren erdian, hara joan eta nire begiekin ikusteko premia sentitu nuen. Zer ari zen gertatzen? Zer esaten zuen jendeak? Nola zegoen dena? Etxetik kilometro “eskas” batzuetara zegoen, ez zen beste herrialde edo kontinente bat, autoz ordu batzuetara zegoen. Nola geratuko nintzen joan gabe?
Ikasketetan irakatsi didaten moduan, ateak jotzen hasi nintzen: mezu elektronikoak bidaltzen, historiak igotzen, deiak egiten… Orduan, lagun baten lagunaren lagunarekin joateko modua topatu nuen, eta hara joan nintzen. Han nengoela, palarekin bi egunez aritu ondoren jakin nuen hura izango zela nire GrALa. Batzuetan erratzarekin bazterrak garbituz eta besteetan argazkiak ateraz, Paiportan eta Catarrojan ibili nintzen, nire kamerak ikusten zuen egia dokumentatzen.
Zergatik aukeratu zenuen ikuspegi bisuala historia hori kontatzeko?
Niretzat, kamera nire gorputzaren luzapen naturala da, munduarekin erlazionatzeko bitarteko bat. Nire bi GrALak fotografikoak dira, eta kasu honetan, historia kontatzeko modurik zintzoena zela sentitu nuen. Hartu nituen irudiek helarazi nahi nuen egia islatzen dute: aurpegi bakoitzaren muinak, argiak, enkoadraketak eta ñabardura txikiek ez dute beste ezer behar adierazteko.
Fotosaiakerak, bereziki, ikuspegi hori garbi adierazten du. Ez dauka testurik, azaroan eta abenduan ateratako argazkiak soilik, bikoteka antolatuta, denboraren iragatea eta GOIDIaren ondoren ikus zitezkeen eraldaketak erakusteko. Lokatz arrastoak, utzitako tresnak, espaloi markatuak, gertakariaren oroitzapena gordetzen duten aurpegiak… Horrek guztiak hitzetatik harago doan kontakizun bisuala eraikitzen du.
Nolakoa izan zen gauzatzeko prozesua?
Guztira, hiru bider jaitsi naiz. Lehenengoz azaroaren 9an, GOIDIa gertatu eta hamar egunera. 20 urteko sei neska-mutil ginen; errepidez bi orduz materialarekin oinez ibili ondoren, Paiportara iritsi ginen. Lokatzaren usainak sortu zidan zirrararik handiena. Nahiago nuke argazkiek lokatzatik ateratzen zen kirats beldurgarri hura harrapatu ahal izango balute. Etxeak hustu eta kaleak garbitu genituen dozenaka boluntariorekin batera, eta, inguruan tarte batez ibili ondoren, nire taldetik aldendu eta Paiportan zehar ibili nintzen kamerarekin. Gau hartan manifestazio bat egin zuten Valentzian, eta han ere argazkiak atera nituen. Hurrengo egunean Catarrojara joan ginen; ez zegoen hain kaltetua. Ondoren, Bilbora itzuli ginen, sentsazio arraro batekin.
Bigarrenez, abenduaren 14an joan nintzen, RAD izeneko tokiko elkarte batekin. Paiportako haurrentzako jostailuz betetako autobus bat eraman genuen. Kiroldegi batean lo egin, eta goiza han igaro genuen. Oso bidaia azkarra izan zen, baina nahikoa inguruko argazkiak atera eta zerbaitetan lagundu ahal izateko. Boluntarioen artean sortzen den batasuna esplikaezina da, pare bat ordu lehenagora arte ezagutzen ez zenuen jendea zen, baina orain zure bizitzako parte izango dira betirako.
Hirugarrenez eta azkenekoz uztailaren 19an joan nintzen, anaiarekin. Valentzian hartu genuen ostatu, eta Cheste herrira joan ginen, Mahican animalien babeslekura. Gero, Paiportara itzuli nintzen; usainak han jarraitzen zuen, eta iritsi orduko negarrez hasi nintzen. Herria bere onera etortzen ari zela ematen bazuen ere, lokal asko lokatzez estalita zeuden artean. Behinola gerriraino iristen zitzaidan lokatza garbitu nuen kale berberetatik autoak zebiltzan orain. Bilbora itzuli nintzen, eta, hemen, denak berdin jarraitzen zuen.
Gogoratzen duzu proiektua egin bitartean bereziki markatu zaituen irudi edo unerik?
Emozio asko izan ziren: negar, barre, madarikatu eta besarkatu egin genuen. Valentziara iritsi berritan, Paiportako taxilari batek kontatu zigun uholdeetan leiho batean harrapatuta zegoen 16 bat urteko mutil bat salbatzen ahalegindu zela, baina bere begien aurrean desagertu zela. Bost minutu generamatzan han, eta negarrez ari nintzen jada.
Catarrojako une eder bat ere oroitzen dut, gitarra jotzen ari zen gizon bat ikusi nuenekoa. Inguruan, boluntarioek eta biktimek isiltasunean miresten zuten kantuan ari zen emakumea, gitarra jotzaileari laguntzen ziona, argi izpi batek argitzen zituen bitartean.
Agurrek markatu ninduten gehien, lokatzez betetako besarkadek, zeregin bat bukatutakoan ateratzen ziren zoriontasun malkoek, partekatutako otorduek, Mahicaneko txakurrekin izandako topaketa hark eta kiroldegiko gauak. Orduak pasa ditzaket hondamendi haren barruko une ederrez hitz egiten.
Zer izan zen ikusteko edo argazkiak ateratzeko zailena?
Hasieran, jendeak gaizki begiratzen ninduen, eta baten bat kamera lokatzetara botatzen ere saiatu zen. Zer komunikabidetakoa zara? galdetzen zidaten. Nik berehala erantzuten nien ikaslea nintzela, neure kontura jaitsi nintzela… Orduan, oro har, lasaitu egiten ziren eta komunikabideekiko sentitzen zutena kontatzen zidaten. Izan ere, dena galdu zuen jendeak kazetari edo erredaktoreei bihotza ireki zien eta gero hauek morboaren eta mediatizazioaren erruz, testuingurutik kanpo atera zuten guztia, hori entzutea gogorra izan zen. Ez ziren entzunak eta ikusiak sentitzen. Lotsarazi egiten ninduen gremioko nire kideek herritarrei sentipen hori eragin izanak.
