euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

UPV/EHU INklusiboa

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak 282 pertsona artatu ditu ikasturte honetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/17

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso berezia du aukera berdintasuna lortzeko eta ezgaitasunak eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta hobea emateko. Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak langileak ditu hiru campusetan, gero eta gehiago diren pertsonei arreta eskaintzeko.

II. Inklusio Plana onartzea eta abian jartzea konpromiso baten ondorio logikoa izan zen, unibertsitateko kide guztien konpromisoa, gizartearen eskaera eta beharrei erantzuteko gai izango den unibertsitate irekia eta sozialki arduratsua eraikitzeko. "Ezgaitasunen bat duten ikasleen kopurua etengabe ari da hazten eta horren eboluzioak argi erakusten digu zer-nolako ahalegina egin den eta egiten ari den Euskal Herriko Unibertsitatean, eskubide hori bermatzeko. Aukera berdintasuna helburu bat da bere horretan, unibertsitate bizitzaren barruan, eta zintzoki uste dugu plan hau lagungarria dela helburu hori lortzeko" adierazi du Maite Zelaiak, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak.

Azken urteotan, ezgaitasunak dituzten ikasleen matrikulazioak gora egin du UPV/EHUn, eta ikasturte honetan 282 pertsona matrikulatu dira. Unibertsitateko ikasgeletan ezgaitasunak eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak egoteak oso premia heterogeneoak sortzen ditu, ezgaitasunei lotutako askotariko faktoreen arabera, hala nola ezgaitasun maila, etiologia, haren bilakaera, unibertsitate testuingurua eta bestelako aldagaiak (pertsonalak, familiarrak, hezkuntzazkoak, etab.).

Ezgaitasunak dituzten ikasleen premia bereziak aintzat hartuta, UPV/EHUn ezgaitasunen ezaugarriak eta sailkapena lau kategoriatan biltzen dira: ikusmen, entzumen eta mugimen ezgaitasunak, eta "beste ezgaitasun batzuk" izeneko generikoa. Azken kategoria horretan sartzen dira, hain zuen, haien ezaugarriak direla eta, aurreko kategorietan sartu ezin diren ezgaitasunak, esate baterako: gaixotasun organikoak, nahasmendu psikikoak, ikasteko zailtasunak (ikasle talde heterogeneo bat, nahasmenduak dituztenak irakurmenean, idazmenean, kalkulu aritmetikoan edo arretan), eta "sailkatu gabeko" beste batzuk, non askotariko urritasunak eta gaixotasun arraroak sartzen diren. "Unibertsitate ikasleek dituzten premia bereziak ezgaitasun baten ondorioz sortzen dira; alabaina, badira ikasketa nahasmendu espezifiko batzuk, esate baterako, dislexia edo irakurtzeko nahasmendua, premia bereziak sortzen dituztenak, ezgaitasun gisa onartu ez arren" azaldu du Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak.

Unibertsitate hezkuntza inklusiboa

Ezgaitasuna ez da hesi bat, unibertsitateko ikasketarako sarbidea eragozten duena. Horregatik, ezgaitasunak dituzten unibertsitate aurreko ikasleentzako hainbat ekintza positibo daude martxan: plazen % 5 erreserbatzea plaza muga duten tituluetarako, tasen salbuespena, baliabide teknikoak eta giza baliabideak, garraio egokiturako beka, eta egokitzapenak, bai sarbide probetan bai unibertsitate ikasketak egin bitartean.

Ezgaitasunak eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen inklusioa eta parte hartzea bermatzea, baliabideak edukitzea ez ezik, erronka bat ere bada unibertsitateko kide guztiontzat. Hala, helburu hori lortzeko, unibertsitateko ikasleei, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei inklusioaren inguruko jardunbide egokiei buruzko prestakuntza eskaini beharko zaie.

Unibertsitateko irakasleek erronka berri bat dute ikasgeletako aniztasun horren aurrean, eta, horregatik, hain zuzen, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren erronketako bat hezkuntza inklusiboari buruzko I. Prestakuntza Plana egitea eta ezartzea da, irakasle eta ikertzaileentzat. Izan ere, prestakuntza hori lagungarria izango da irakasleek ikasgelan dauden hesiak identifikatu, eta metodologia inklusiboak martxan jar ditzaten.

Etengabeko hobekuntza

Horrez gainera, zerbitzua hobetzeko asmoz, irisgarritasuna eta aukera berdintasuna optimizatzeko hainbat proiektu bultzatzen ari dira. Horien artean, aipagarriak dira, besteak beste: ahots sintetizatzaile baten ezarpena, zerbitzuaren webgunean; begizta magnetikoen instalazioa hainbat aretotan, audiofonoak eta/edo kokleako inplanteak erabiltzen dituzten pertsonen entzungarritasuna errazteko; postu egokituen instalazioa campuseko liburutegietan; irakats materiala transkribatzeko zerbitzuaren sorrera, irakasle-ikertzaileentzat; bideo konferentziaz zeinuen hizkuntza interpretatzeko zerbitzua; eta, laguntza produktuen bankuaren eraketa.

Atal honetan, nabarmentzekoa da, halaber, 2014-2015 ikasturtean UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren Telekomunikazio Ingeniaritza saileko Aholb ikertaldearekin batera abian jarritako egitasmoa. Horren bidez, testua ahots bihurtzeko AhoTTS izeneko sistema bat instalatu nahi da web edukietan. Proiektu hori ikasturte honetan jarri da martxan, eta testua ahots bihurtzeko merkaturatutako euskarazko lehen sistema da.

Gaur-gaurkoz, nabarmendu beharreko beste bi proiektu hauek daude martxan: hezkuntza inklusiboaren gaineko Irakasleen eta Ikertzaileen I. Prestakuntza Plana eta "Inklusioari" buruzko Master Amaierako Lanerako saria. Horrez gain, unibertsitatearen aniztasuna agerian uzteko eta ikusgai izateko bideo bat egin da, UPV/EHU INklusiboa izenburupean.