euskaraespañol

Redes sociales campusa

Laura García-Urtiaga

Esaten dugun hori jaten al dugu? Odol tanta batek gure dietari buruzko egia ezagutarazi dezake

Doktoratu aurreko ikertzailea Nutrizio Zehatzean

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/02

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Posible ote da odol tanta bakar batek ondo elikatzen ari garen ala ez esatea? Pertsona askok dieta osasungarria egiten dutela dioten arren, jaten duguna neurtzeko ohiko metodoak (inkestak edo elikadura egunkariak, adibidez) ez dira beti fidagarriak izaten. Azken finean, erraza da zer jan dugun ahaztea edo, are gehiago, irentsitako kantitateei buruzko pertzepzio okerrak izatea.

Zorionez, ordea, badaude horretarako alternatibak. AZTI teknologia zentroan egindako azterlanean, hatzetik ateratako odol lagin txiki batek (‘dried blood spot’ edo DBS deitzen zaio horri) jaten duguna zehaztasunez isla dezakeen ala ez aztertu genuen (bereziki omega-3 gantz osasungarrietan aberatsa den arrain urdinaren kontsumoari dagokionez).

Azterlanean 18 parte hartzaile sartu ziren, 18 eta 65 urte bitarteko gizon-emakumeak, gaixotasunik gabeak. Bost urtez, 18 kideek elikadura mailako jarduketa batean hartu zuten parte. Lehenik eta behin, ohiko dieta egin zuten, gero arraina saihestu zuten eta, azkenik, ontziratutako berdela jan zuten astean behin baino gehiagotan. Fase bakoitzean, odol laginak bildu eta gantz azidoen mailak aztertu genituen.

Galdetegietatik analitika objektibora

Emaitzak argiak izan ziren. Prozesuari ekin aurretik, gantz azidoen profilak dieta eredu desberdinak azaldu zituen parte hartzaileen artean.

Alde batetik, esneki azukreztatuak, edari karbonatatuak eta azukrea kontsumitu ohi zituzten pertsonek omega-6 gantz gehiago eta omega-3 gantz gutxiago zuten. Hori garrantzitsua da; izan ere, omega-6 modu deskonpentsatuan goian dagoenean, heriotza izateko arriskua handitu egiten da. Arrain urdina, edari alkoholdun hartzituak, edulkoratzaileak eta intxaurrak hartzen zituztenek, aldiz, gantz monoasegabeen eta omega-3aren maila handiagoa zuten.

Barazki, zereal integral, gazta eta gurin gehiago kontsumitu zutenen hirugarren taldeak omega-3ri eta omega-6ri dagokienez tarteko mailak izan zituen, eta gantz saturatuetan, aldiz, maila altuenak.

Baina, elikagai jakin batzuk kontsumitu ondoren, zenbat denbora behar dute gure gantz azidoen profila aldatzeko? Uste duguna baino gutxiago. Esperimentuetan ikusi genuen subjektuek ontziratutako berdela kontsumitzen bazuten, omega-3 batzuen odoleko mailak (EPArenak, adibidez), egun bakar batean handitzen zirela. Beste batzuek (DHAk, adibidez), aldiz, denbora gehiago behar zuten islatzeko. Horrek erakusten du teknika honek aldaketak detekta ditzakeela dietan, bai epe laburrera, bai luzera.

Gainera, gantz horien mailak aldatu egiten ziren parte hartzaile bakoitzaren ohiko dieta ereduaren arabera. Normalean arrain urdinik jaten ez zuten partaideen kasuan, EPAren mailak gehiago igotzen ziren arraina jan eta hurrengo egunean. Baina parte hartzaile horien kasuan DHA ere prozesuak iraun zuen bi asteetan handitu egin zen arren, mailak ez ziren normalean arraina kontsumitzen zutenen parera iritsi. Horrek esan nahi du arrain urdinaren kontsumo egokiari dagozkion omega-3 mailak eskuratzeko, bi aste baino gehiagoz jaten jarraitu beharko luketela.

Dieta egokia den identifikatzea galdetegirik gabe

Metodo berria, batez ere, bizkorra, erosoa eta ez hain inbaditzailea da. Ez da profesional medikorik behar eta erraz aplika daiteke lagin handietan (edo baita etxean ere). Gainera, dieta egokia den identifikatzeko eta elikadura galdetegietan egin ohi diren akatsak saihesteko aukera ematen du, askotan ez baitute islatzen benetan jaten duguna. Bestetik, zenbait gantzek epe laburrean eta luzean izango dituzten aldaketei esker, pertsonek elikadura planean zehaztutako argibideei jarraitzen dieten ala ez jakin dezakegu.

Ikerketa honek nutrizio gomendio benetan pertsonalizatuak eskaintzeko aukeratik gertuago jartzen gaitu. Izan ere, azken finean, garrantzitsuena ez da zer jan dugun esatea; benetan zer jan dugun baizik.