euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Qasem Budair: «Zuzenbidea ikastea ez zen soilik karrera bat izan; eusteko modua ere izan zen»

Bere tesia Palestinatik defendatu du gerraren erdian

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/07/24

Qasem Bilal Qasem Budair, Zuzenbide Korporatibo eta Zibileko doktoregoa
Qasem Bilal Qasem Budair, Zuzenbide Korporatibo eta Zibileko doktoregoa | Argazkia: Qasem Budairrek utzitakoa

Qasem Budair-ek (30 urte) Zuzenbidean doktoregoa lortu zuen uztailaren 7an Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bere tesia jaioterritik, Tulkarem-etik (Zisjordania), defendatuta. Familia apal batean hazi zen eta Palestina-Israel gatazkaren eraginpean bizi izan da beti. Bere defentsa ez zen besteenaren modukoa izan: Internetez egin behar izan zuen eta hori ezohikoa da EHUn, doktorego guztiak, oro har, aurrez aurre egin behar izaten baitira. Baina Israelek ezarritako mugek herrialdetik ateratzea eragotzi zioten. Hori zela eta, zuzendariak, Juan Manuel Velázquez Gardeta irakasleak, eta unibertsitateak egindako aparteko ahalegina ezinbestekoak izan ziren bere lana aurkeztu ahal izateko. Valentzian, Bilbon eta bere jaioterrian prestakuntza jasotzen urteak eman ondoren, Budairrek tesia erresistentzia akademiko moduko zerbait bihurtu zuen. Orain, Espainian ikerkuntzako lanarekin aurrera jarraitzea espero du.

Zergatik erabaki zenuen Zuzenbidea ikastea?

Esperientzia pertsonal baten ondorioz sortu zen Zuzenbidea ikasteko erabakia. Familia apal batean hazi nintzen Ez genuen oinarrizko aukera askotarako sarbiderik eta, horren ondorioz, oso gaztetatik sentitu nuen zer den bidegabekeria bizitzea, baina ez kontzeptu abstraktu gisa, eguneroko bizitzaren zati gisa baizik. Bizipen horrek, okupaziopean bizi den nire herriaren, Palestinaren, errealitatearekin batera, legezko sistema ulertzeko beharra piztu zidan nire baitan: nola funtzionatzen duen, nor babesten duen eta ahotsik ez dutenei ahotsa emateko nola bihur daitekeen baliagarri.

Niretzat, Zuzenbidea ez zen karrera bat bakarrik, bokazioa baizik. Beren kabuz defendatu ezin direnen ondoan egon nahi nuen: behartsuak, zapalduak, ahaztuak. Denborarekin, nire interesa zuzenbide islamiarraren, sistema juridiko modernoen eta Golkoko merkataritzako jardunbidearen arteko loturarantz zabaltzen joan zen. Jakin-min hark bultzatuta hasi nuen doktoregoa eta EHU hori garatzeko toki bikaina zela ikusi nuen.

Maila akademiko altuaz gain, ingurune irekia, solidarioa eta inklusiboa ere eskaini zizkidan unibertsitateak. Zirrara berezia eragin zidaten bertako askatasun intelektualak, pentsamendu kritikoak eta justiziarekiko eta giza duintasunarekiko konpromisoak. Beti egongo naiz erakunde honekin eskertuta; izan ere, ikertzaile gisa ez ezik, pertsona gisa ere trebatu ninduen.

Zure doktorego tesia merkataritza zuzenbideari buruzkoa da: Golkoko merkataritzari buruzkoa. Azalduko al zeniguke?

Nire doktorego tesia merkataritzako liskarrak konpontzeari eta legezko erantzukizunari eta horrek lege islamiarrarekin duen loturari buruzkoa da, Arabiar Emirerri Batuetako, Qatarreko eta Saudi Arabiako arbitrajearen inguruko testuinguruan kokatuta. Golkoko herrialde horietan arbitrajea nola aplikatzen den eta zuzenbide islamiarraren printzipioekin nola harmoniza daitekeen aztertzen dut, legedi mailako jardunbide modernoen eta balio tradizional islamiarren arteko puntu komunak aurkitzeko helburuarekin.

Honako hau izan da nire tesiaren izenburua: "Commercial dispute resolution and legal liability: a study of arbitration in the United Arab Emirates, The State of Qatar, The Kingdom of Saudi Arabia, and Islamic law” (Merkataritzako gatazken konponbidea eta legezko erantzukizuna: Arabiar Emirerri Batuetako, Qatar Estatuko, Saudi Arabiako Erresumako eta lege islamiarreko arbitrajearen azterketa). Nire tesiaren gaia nire interes akademikoen eta eskualdeko garapen juridikoari ekarpena egiteko nire nahiaren arteko konbinazioa da.

Nork zuzendu du doktorego tesia? Nola sortu zen harreman hori?

Nire tesi zuzendaria Juan Manuel Velázquez Gardeta irakaslea izan da. Funtsezkoa izan da prozesu osoan zehar eta, niretzat, mentore akademiko soila baino gehiago izan da.

Hasiera-hasieratik, eta zeregin akademikotik harago joanda, giza laguntza eskaini zidan etengabe. Bere konpromiso eta eskuzabaltasunak eragin handia izan zuten nire bidean eta gure arteko harreman hori oso berezia da niretzat, konfiantzaren, errespetuaren eta afektu zintzoaren gainean eraiki baita.

Defentsara aurrez aurre ezin joatearen zailtasunari aurre egin behar izan nionean, modu nekaezinean egin zuen borroka nire doktoregoaren defentsa urrunetik egiteko aukera izan nezan. Bere dedikazioak, adeitasunak eta nigan jarritako konfiantzak nire bizitzan ordura arte bizi izandako guztia gainditu zuten. Egia esan, bere laguntza inoiz jaso dudan opari onenetako bat dela uste dut. Gure harremana hazi egin zen, eta aita-semearen arteko harremanaren moduko zerbait bihurtu zen (konfiantzan, errespetuan eta benetako zaintzan oinarrituta).

Zer zailtasun topatu duzu bidean? Hemen, Euskadin, bizi al zinen?

Ikasketak hasi nituenean, Valentzian bizi nintzen. Han, gaztelania ikasten eta Bakearen Aldeko Mugimendua erakundean boluntario gisa lanean ari nintzen. Hilabete horiek oso garrantzitsuak izan ziren niretzat, hizkuntzara eta kulturara egokitzen eta komunitateko kide sentitzen lagundu baitzidaten.

Bizitzeko gastuak eta ikasketa tasak ordaindu ahal izateko, eraikuntzan eta pinturan hasi nintzen lanean. Gogor egin nuen lan eta, bien bitartean, ahal nuenean, diru pixka bat bidaltzen nion Palestinako familiari laguntzeko. Geroago, Bilbora joan nintzen bizitzera unibertsitatetik gertuago egoteko.

«Niretzat, Zuzenbidea ez zen karrera bat bakarrik, bokazioa baizik. Beren kabuz defendatu ezin direnen ondoan egon nahi nuen»

Ondoren, Palestinara bidaia egin nuen familia bisitatzeko eta, zoritxarrez, orduan piztu zen gerra. Eta horrek Espainiara itzultzea eragotzi zidan. Bidaia kostu handiek, horrek berekin zituen arriskuek eta gurasoen segurtasunarekiko beldurrak (adinekoak baitira) itzultzea eragotzi zidaten.

Ordutik, Palestinatik lanean eta ikasten aritu naiz, aldi berean. Zailtasunak zailtasun, Juan irakasleak babes osoa eman dit. Doktoregoa defendatu aurretik, Jerusalemen Espainiako kontsuletxean bisa eskatu ostean, pasaportea atxiki zidaten. Estatu Batuen, Israelen eta Iranen arteko tentsio belikoek are gehiago zaildu zituzten nire bidaia planak. Erronka gehiegi izan dira.

Zure doktorego tesia aurkezteko garaian, zure egoera pertsonala dela eta EHUren babesa sentitu al duzu?

Erabat. Nire doktorego prozesu osoan zehar eta, batez ere, une zailenetan, Euskal Herriko Unibertsitatearen babes osoa sentitu dut. Unibertsitateak nire egoera pertsonalaren aurrean erakutsi zuen malgutasunak eta ulermenak posible egin zuten nire ikerkuntzarekin aurrera jarraitzea eta nire tesia urrunetik defendatzea, nahiz eta oztopo askori aurre egin behar izan nien.

Esker on hitzak bakarrik ditut erakundeak eta Juan Manuel Veláquez Gardeta irakasleak erakutsitako aparteko babesa dela eta. Irakasleak egindako lana gainbegirale baten rol tradizionaletik harago joan da; modu nekaezinean egin zuen borroka tesia urrunetik defendatzeko aukera izan nezan, bizi nituen zailtasunak ondo ulertuta. Izan duen dedikazioak, adeitasunak eta nigan jarritako erabateko fedeak nire bizitzan mugarria sortu zuten.

Unibertsitateak, bertako langileen eta politiken bidez, ikasleen ongizatearekiko benetako konpromisoa erakutsi zuen eta bereziki ezohiko gorabeherak bizi dituztenen kasuan. Laguntza horrek aurrera jarraitzeko eta nire doktoregoa arrakastaz osatzeko beharrezko indarra eta motibazioa eman zizkidan.

Espero dut unibertsitatearen babes eskuzabala izaten jarraitu ahal izatea, beken, baliabide akademikoen edo mentoretza programen bidez, nire ikerkuntza lanarekin aurrera jarraitzeko eta arlo juridikoari ekarpen positiboa egiteko.

Zein da gaur egun herrialdean bizi duzuen egoera? Zer arrisku bizi duzu egunerokotasunean Tulkaremen?

Tulkaremen, Palestinan, bizitzea setiopean bizitzearen pare da. 170 egun baino gehiagoz jarraian, Israelgo indarrek etengabeko operazio militarra egin dute hirian. Armadak hiria okupatu du, eta ia egunero erasoaldiak egin ditu Nur Shamseko errefuxiatuen kanpamenduan eta bizitegi zonetan. Erasoaldi horien barruan, atxiloketak, etxean indarrez sartzea, azpiegitura suntsitzea eta etxeratze aginduak ezartzea gertatzen dira, eta, ondorioz, eguneroko bizitza jasanezina da.

Tulkaremeko gauak bereziki arriskutsuak dira. Ia ezinezkoa da ilunabarraren ondoren mugitzea, batez ere Nur Shams bezalako errefuxiatuen esparruetatik gertu. Gune horietara hurbiltzen den edonork aldez aurretik abisatu gabe tiroa jasotzeko arriskua izaten du. Giroan beldurra, isiltasuna eta biziraupena dira nagusi.

Reutersen arabera, operazio horiek direla eta, 40.000 biztanle baino gehiago lekualdatu dira, eta Nur Shamseko auzo osoak hutsik geratu dira. Orain, bertakoek "kanpamentu fantasma" deitzen diotenak sortu dira. Gainera, Associated Pressek jakinarazi zuenez, Zisjordaniako 100 etxebizitza eta eraikin komertzial baino gehiago eraitsi dituzte, Tulkaremekoak barne, askotan aldez aurretik abisatu gabe, eta dozenaka familia babeslekurik gabe geratu dira.

Eguneroko mugimendua oso mugatuta dago. Israelen kontrolgune eta blokeoak direla eta, ia ezinezkoa da libreki mugitzea. Neronek, adibidez, zortzi ordu eman nituen kontrolgune batean, besterik gabe lanera iritsi nahian nenbilela. Denbora tarte horretan, autobusean zihoan gazte batek bere mugikorreko Internet partekatzea eskaini zidan. Nire doktorego ikerkuntzako materiala berrikusteko erabili nuen. Horrek argi erakusten du ikaste hutsa ere erresistentzia modu bihurtzen dela Palestinan.

«Palestinan, ikasteko ekintza bera ere erresistentzia-modu bihurtzen da»

Baldintza ekonomikoari eta emozionalari dagokienez, egoera itogarria da. Jendeak bere lana, etxea eta segurtasun sentsazioa galdu ditu. Baina aurrera jarraitzen dugu: lanean, gure familiak zaintzen eta ikasten. Tulkaremen geratu naiz ez soilik beharragatik, baita konpromisoagatik ere: gurasoei laguntzeko eta ezagutzaren, helburuaren eta komunitatearen bidez egoerari eusteko. Beldurrak beldur eta egunero bizi ditugun arriskuek hor jarraitzen duten arren, hezkuntza, egia eta justizia nagusituko direla uste dut. Palestinarrok ez gara soilik bizirauten ari; duintasunez bizitzeko borrokan ari gara.

Beldur al zara zeure buruagatik edo familiagatik?

Bai, beldur naiz, egunero, baina nire beldurrik sakonena ez dago nirekin lotuta, nire familiarekin baizik. Beste ezer baino gehiago maite ditudan horiengatik.

Tulkarem bezalako leku batean bizitzeak, non erasoaldi militarrak eta indarkeria eguneroko bizitzaren parte bihurtu diren, beldurra sentitzeko modua aldarazten du. Kontua ez da bakarrik zeure buruagatik beldurra izatea. Etengabe gurasoekiko, anai-arrebekiko, bizilagunekiko eta axola dizuten horiekiko kezka izatea da kontua.

Auzoko haurrekiko kezka sentitzen dut; izan ere, dronen burrunba hotsa eta tiroen zarata entzunez hazi dira, beren barren soinua entzun beharrean. Beren haurtzaroak okupazioak eta traumak markatu dituen gazteekiko kezka sentitzen dut; izan ere, askatasunarekin egiten dute amets, baina ziurgabetasun betean bizi dira.

Gauzarik sinpleenak (azokara joatea, eskolara joatea edo, besterik gabe, lo geratzea) arriskuz beteta daude. Denok egoera okerrenak ditugu buruan. Horren handia eta arriskutsua dirudien mundu horren erdian, txiki eta babesgabe sentitzen gara. Hala ere, beldur horrek hor jarraitzen duen arren, aurrera jarraitzen dut. Beldurrak ezin gaitzake gelditu. Ezin gaitzake geldiarazi. Aitzitik, indartsuago borroka egitera bultzatu behar gaitu horrek: bakearen, duintasunaren eta gure seme-alabek beldurrik gabe bizitzeko aukera izango duten etorkizunaren alde. Beldurra nirekin daramat egunero, baina ez diot utziko nor naizen definitzen.

Hemen bizitzen jarraitu nahi al duzu?

Nire ibilbide akademiko eta ikertzailearekin aurrera jarraitzeko Espainiara bidaiatzeko ametsa dut. Kontua ez da bakarrik nire hezkuntzan aurrera egitea, baizik eta nire herriaren eta familiaren ahotsa zabaltzea, gure historia munduarekin partekatuz.

Niretzat, Espainia aukera, ezagutza eta elkarrizketarako lekua da. Han ikasteak nire ulermena sakontzea, hainbat ikuspegirekin konektatzea eta Palestinarentzat etorkizun hobea eraikitzen lagun dezaketen ideiak bueltan ekartzea ahalbidetuko dit.

Zure ustez, tituluak lagundu edo kalte egingo dizu? Zer egiteko asmoa duzu orain?

Gazan, ezagutzaren prezioa izugarri altua izan da. Txostenek erakusten dute doktorego tituluak zituzten gutxienez 18 aditu hil direla indarkeriaren eta gatazkaren erdian. Baina ez dira zenbaki hutsak: gurasoak, anai-arrebak, lagunak eta gure komunitateko zutabeak dira, hezkuntzaren bidez etorkizun hobea lortzeko ametsa zuten, baina amets horiek bizkorregi lapurtu zizkietenak dira.

«Beldurra nirekin daramat egunero, baina ez diot utziko nor naizen definitzen»

Doktorego titulua izatea lorpen akademikoa baino gehiago da: nire herriarentzat baliagarri izateko desio sakona eta itxaropenaren eta erresistentziaren ikurra da. Baina, garai zail hauetan, gure zaurgarritasunaren oroigarria ere bada. Ezagutza eta justizia bilatu nahi izate horrek ere arriskuan jar ditzake gure bizitzak. Amets egitera eta ikastera ausartu ziren askok preziorik altuena ordaindu behar izan dute.

Niretzat, errealitate horrek tristura eta erabakitasuna dakartza aldi berean. Horrek guztiak gogorarazten dit nire lana ez dela niretzako bakarrik. Beren bideari jarraitu ezin diotenentzat eta haien ahotsak bizkorregi isilarazi zituzten haientzat ere bada. Aurrera begira, ausardiaz eta umiltasunez beteta hartu dut neure gain erantzukizun hori.

Nire helburua da Espainiako nazioarteko erakundeetan aukerak topatzea.

Hau da, nire hezkuntza nire hazkunde pertsonalerako ez ezik, justiziaren, bakearen eta giza duintasunaren aldeko plataforma gisa ere erabiltzea. Nire lanaren eta ikerkuntzaren bidez, nire lurraren eta familiaren ezaugarri diren erresilientziaren, itxaropenaren eta erabakitasunaren mezua zabaldu nahi ditut.

OXFAMeko kidea zarela entzun dugu. Nola laguntzen duzu?

Bai, oso harro nago Oxfameko kidea izateaz. Justizia ekonomikoaren barruan, nekazaritzako aseguruen sektorean egiten dut lan espezifikoki. Rol horri esker, nekazariei eta landatar eremuko komunitateei laguntza eman diezaieket, eta bidezko aseguruen soluzioak lortzen lagundu, haien bizibideak babesteko laboreen galeraren edo hondamendi naturalen arriskuen aurrean.

Lan horren bidez, biztanle zaurgarrien erresilientzia indartzen laguntzen dut, beren familiak eta komunitateak mantentzeko beharrezko segurtasuna eta laguntza dutela ziurtatuz. Oso pozgarria da pobrezia murriztea eta gizarte ekitatea sustatzea helburu duen misio baten parte izatea.

Oxfameko kide izatea guztiz lotuta dago justiziarekin, duintasunarekin eta guztiontzako ahalduntzearekin dudan konpromiso pertsonalarekin.

Ba al dago kontatu, adierazi edo salatu nahiko zenukeen beste ezer?

Nire esker ona adierazi nahiko nioke nire tesi zuzendariari, Juan Manuel Velázquez Gardeta irakasleari, nire doktorego ibilbide osoan zehar erakutsi dizkidan babes baldintzagabeagatik eta egindako gidari lanagatik. Bere mentoretza arlo akademikotik haratago joan zen, une zailetan adorea eta indarra eskainiz.

Horrez gain, nire doktorego epaimahaiko kideei ere eskerrak eman nahiko nizkieke: Juan José Álvarez Rubio, EHUko irakaslea eta presidentea; Marta Gonzalo Quiroga, Universidad Rey Juan Carlos unibertsitateko kidea eta irakasle titularra; eta Diego Agulló Agulló, Comillaseko Pontifize Unibertsitateko idazkaria eta kolaboratzailea.

Bene-benetan estimatzen ditut haien profesionaltasuna, egindako iruzkin baliotsuak eta nire tesia urrunetik defendatzeko emandako aukera.

Era berean, esker on berezia adierazi nahiko nioke EHUri gorabehera zail hauetan nire doktoregoaren defentsa online egiteko emandako baimenagatik. Haien malgutasunari eta babesari esker egin ahal izan nuen hori, eta hitzek adieraz dezaketena baino esanahi handiagoa izan zuen horrek niretzat.

Amaitzeko, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Espainiako herriari bere adeitasun, abegi on eta babesagatik. Haren irekitasuna eta elkartasuna indar eta inspirazio iturri izan dira nire ibilbide akademiko osoan zehar.