XARE egitasmoak seigarren urtez egin zuen geldialdia Donostian
Orotara, Donostiako 10 ikastetxetako 542 gaztek parte hartu zuten aurtengo bi saioetan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/12
XARE egitasmoak seigarren urtez egin zuen geldialdia Donostian. Lehen saioa, Euskal herriko Unibertsitatearen (EHU) Gipuzkoako Campuseko Ignacio Mª Barriola zentroko areto nagusian izan zen. Bertan ekimen hau babesten duten erakundeetako ordezkariek eman zieten ongietorria gazteei.
Naiara Aginako Bengoa EHUren Informatika Fakultateko ikasleen dekanordeak “unibertso digitala aniztasunetik elikatzearen garrantzia” azpimarratu zuen, eta ikasleak gonbidatu zituen “nork bere zaletasunetatik eta arduretatik teknologia erabilgarriak garatzera”.
Kerman Orbegozo Uribe Donostiako Udaleko Euskarako zinegotzi ordezkariak ere hartu zuen hitza, eta mezu itxaropentsua zabaldu zuen: “munduko hizkuntza gutxituen artean eta horiekin alderatuz, euskarak leku handi samarra du eremu digitalean”. Horren atzean “sortzaile eta garatzaile euskaldunak” daudela ohartarazi zuen, eta horretan segitzeko deialdia luzatu zien gazteei.
Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, bestalde, gaur egungo gazteek duten “ardura” jarri zuen erdigunean. “Gure hizkuntzaren ibilbidean, zuek zarete kate-begi berria; gure eta, batez ere, zuen esku dago Europako hizkuntza zaharrenak bizirik segitzea”. Horretarako, ezinbestean, euskarak eremu digitalean bizi behar duela esan zuen.
Bigarren saioa EHUko Carlos Santamaría zentroan egin zen.
Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak, EHUren Informatika Fakultateak eta Eusko Jaurlaritzak babesten duten XARE egitasmoak hiru zutabe nagusi ditu: GAZTEAK, Informazioaren eta Komunikazioaren TEKNOLOGIAK (IKT), eta EUSKARA. Hain justu, horien inguruan ardazten da ekimenaren helburu behinena ere: euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen. Era berean, plano digitalean ere pentsamendu kritikoa garatzeko tresnak eman nahi dizkie XAREk nerabeei.
Orotara, Donostiako 10 ikastetxetako 542 gaztek parte hartu zuten EHUn egindako aurtengo bi saioetan: Herri Ametsa, Ekintza, Antigua-Luberri, Axular, Altza eta Salesiarrak ikastetxeetako 272 ikasle batu ziren lehen saioan; eta Arantzazuko Ama, Nazaret, Lauaizeta eta Zubiri Manteo ikastetxeetako 270 ikasle bigarrenean.
Askotariko edukiak eta formatuak
Euskarazko Kultura Digitalaren mapa oso samarra esploratu eta euren zaletasun eta gaitasunei hegalak emango dizkieten oinarri-oinarrizko tresna eta ezagutzak eskuratu zituzten parte-hartzaileek: musika autoekoizteko hastapen-lanabesak, argazki-teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, 3D inprimagailuak, app-ak nork bere neurrira sortzeko lanabesak, Adimen Artifiziala, pribatutasuna Sarean… askotariko gaiak jorratu zituzten eta askotariko tresnetan trebatu ziren.
Gazteek XARE saioa bizipen positibo eta dibertigarri gisa gogora dezatela ere bada ekimenaren antolatzaileek buruan zuten helburu garrantzitsua. Euskaratik eta euskaraz bizitako esperientzia ona izan dadin, jokoek (Egunean Behin joakoaren zuzeneko partida kolektiboa eta Zainduz Sartu ihes-jokoa), zuzeneko musikak (Sara Zozayaren formatu txikiko kontzertua) eta zozketek ere izan zuten lekua egitarauan.
Euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunek osatzen dute XARE jardunaldien atzean dagoen lantaldea: ERAGIN komunikazioa, TALAIOS kooperatiba, ELURMALUTA proiektu artistikoak, BIKONET telekomunikazio kooperatiba, EMAIZE sexologia zentroa eta MUNDU BERRIAK berrikuntza sexologikorako irabazi asmorik gabeko elkartea, CODESYNTAX, PROTOMAKERS club, KATUBI ikus-entzunezkoak, GAME ERAUNTSIA euskarazko bideojokozaleak eta Dj MAKALA, besteak beste.
Donostia, 2025-2026 ikasturteko zortzigarrena
Donostiako hitzordu bikoitz hau XARE jardunaldien zortzigarren geldiunea izan zen 2025-2026 ikasturte honetan. Bilbotik, Iruñatik, Baionatik, Barakaldotik, Amorebieta-Etxanotik, Errenteriatik, Laudiotik eta Donostiatik pasatu ostean, Gasteizen egingo du azken geldialdia.
2017an abiatu zenetik eta 2025era bitarte, 14.340 gaztek hartu dute parte XARE jardunaldietan. 2025-2026 ikasturtean, 4.570 gazte gehiagorengana helduko da Euskarazko Kultura Digitala sustatzen duen egitasmo hau.
