Berezko ikasketen arautegia

HITZAURREA

Estatu osoan balioa duten ikasketa ofizialez gain, unibertsitateek, beren autonomia erabiliz, berezko titulu eta diplomak eskuratzeko ikasketak eskain ditzakete, bai eta etengabeko prestakuntzako programak eta ikasketa osagarriak ere, hori guztia Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak zehaztutakoaren babesean.

UPV/EHUren Estatutuetako 82. artikuluaren arabera (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2011ko otsailaren 15eko Dekretuaren bidez onartuak), UPV/EHUk eman ditzake berezko tituluak lortzeko eskubidea dakarten unibertsitateko ikasketak.

Berezko ikasketek erantzun azkarra eta eraginkorra ematen diete gizarte eskakizunei esparru kultural, zientifiko, artistiko edo profesionalean. Curriculum ofizialeko ikasketak osatzen dituzte, eta, haiekin batera, unibertsitate bakoitzari berezitasuna ematen dion irakats eskaintza eratzen dute.

Beraz, ikasketa horiek arautu eta garatuko dituen araudi bat behar da eta, azken urteotako esperientzia baliatuta, eskaintza zorrotza, kalitatekoa eta bikaina lortzeko.

Unibertsitate esparru akademikoan gertatu diren lege aldaketak direla-eta, beharrezkoa da aipatu den arautegi bateratua berrikusi eta egokitzea.

III. TITULUA. ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK

50. artikulua.- Definizioa eta iraupena

Ikastaro osagarriak ezagutzak eguneratzeko, espezializatzeko, birziklatzeko eta zabaltzeko ikastaroak dira, eta ikasleen prestakuntza osagarri eta jarraitua dute helburu.

Enpresen edo kanpoko beste edozein erakunderen eskariz antolatzen diren etengabeko prestakuntzako ikasketek eta unibertsitateko ikastaro osagarriek 20 ECTS kreditu izango dituzte gehienera, eta haietan sartzeko baldintzak ikastaroen proposamenean zehaztuko dira.

Berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak etengabeko prestakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere, 20 ECTS kreditu baino gutxiago badituzte. Ikasketa hauek antolatu eta emateko irizpideak aurrerago zehaztuko dira.

51. artikulua.- Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak

Ikasketetan sartzeko eta bertan onartua izateko betekizunak ikastaroaren proposamenean zehaztuko dira.

I. KAPITULUA. ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK EMATEKO PROPOSAMENAK

52. artikulua.- Proposamenak egin ditzaketen organoak

Errektoreak, errektoreordetza eskudunek, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez ditzakete etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak emateko proposamenak. Proposamenak batzorde eskudunari aurkeztuko zaizkio.

Proposamena UPV/EHUri atxikitako ikastegi eta institutuek egiten dutenean, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmena aplikatuko da, bai eta UPV/EHUk eta erakunde atxikiak ikasketa hauek eman eta kudeatzeko sinatu beharko duten hitzarmena ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute.

Hitzarmen horretan informazio hau jasoko da gutxienez: zelan antolatuko den irakaskuntza; zein organo arduratuko den antolaketa akademikoaz; nor arduratuko den kudeaketa ekonomikoaz; nor izango den ikasketen arduraduna; finantzazioari buruzko xehetasun nagusiak; UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak. Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.

53. artikulua.- Proposamenaren edukia

  1. Ikastaroaren arduraduna. UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.
  2. Irakaskuntza gida. Bertan honako hauek zehaztu beharko dira: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; eskola orduen kopurua; ikastaroaren hasiera eta amaiera eguna; eskolak emateko tokia; egin beharreko praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema.
  3. Gutxieneko ikasle kopurua: ezingo dira izan 5 baino gutxiago, baldin eta ez badira berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako moduluak; halakoetan, haien proposamenean egongo da zehaztuta gutxieneko kopurua.
  4. Irakasleen zerrenda, emango duten ordu kopurua zehaztuta.
  5. Prestakuntza antolatzen duen egiturak dauzkan baliabide materialak eta giza baliabideak ikastaroaren premiei aurre egiteko. Proposatzaileak kasuan kasuko baimena eduki beharko du gelak erabiltzeko.
  6. Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
    • Diru sarreren aurrekontuan honako hauek zehaztu behar dira:
      • Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
      • Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.
      • Aurreikusitako beste diru sarrera batzuk.
    • Gastuen aurrekontuan honako hauek zehaztu beharko dira:
      • UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
      • UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
      • Gastu orokorretarako atxikipena.
      • Gainerako gastu orokorrak.

54. artikulua.- Proposamenak onartzea

  1. Etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak batzorde eskudunak onartuko ditu. Ikastaroak berriro ere eman nahi izanez gero, aurreko ikasturteetako memoria hartuko da kontuan. Matrikularen prezioa onartzea Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari dagokio eta organo horrek ezarritakoari jarraituko zaio.
  2. Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena.

II. KAPITULUA. IKASTAROAK ANTOLATZEA

55. artikulua.- Arduradun akademikoa

  1. Arduradun akademikoa UPV/EHUko plantillakoa izan behar da. Beste erakunde batekin batera irakasten diren ikastaro osagarrien kasuan bi arduradun akademiko egon ahal izango dira, baldin eta horietako bat UPV/EHUko plantillakoa bada.
  2. Arduradun akademikoaren eginkizunak honako hauek dira:
    • Ikasketak emateko proposamena aurkeztea.
    • Azken memoria egitea.
    • Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.
    • Ikasketetan parte hartuko duten irakasleen irakaslanari dagozkion ziurtagiriak egitea.
    • Ikasketekin zerikusia daukaten gaiei dagozkien ziurtagiriak egitea.
    • Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz.
    • Ikasleen praktika programaz arduratzea, halakorik badago.
    • Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.
  3. Arduradun akademikoaren eginkizunak honela mugatuko dira:
    • 10 ordu, 10 ECTS kreditu baino gutxiagoko ikastaroetan.
    • 20 ordu, 10-20 ECTS kredituko ikastaroetan.

56. artikulua.- Gestio organoak

Ikastaro osagarrien gestio ekonomiko eta administratiboa arduradun akademikoa atxikita dagoen ikastegi, sail, institutu edo errektoreordetzari dagokio.

57. artikulua.- Irakasleen lanorduak

  1. UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan.
  2. Ikasketa hauetan irakasten duten edo zuzendaritza lana egiten duten irakasle-ikertzaileak, UPV/EHUkoak izan zein kanpokoak izan, ezin izango dira matrikulatu ikastaro horietan.

58. artikulua.- Irakasleen ordainsariak

  1. UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsarien mugak izango dira 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan zehaztutakoak (dekretu hori 1450/89 Errege Dekretuaren bidez eguneratu zen).
  2. Aurreko paragrafoan aipatutako mugak kalkulatzeko, batu beharko dira graduko eta graduondoko berezko tituluetan, etengabeko prestakuntzako ikasketetan eta ikasketa osagarrietan egindako irakaslanagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak. Gehienezko kopuruak izango dira unibertsitateak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko araudian zehazten dituenak.
  3. Baldin eta titulazio hauetako irakasleek ikasketa ofizialetako irakats betebeharrak beteta badituzte ikasketa ofizialotan benetan ere ematen dituzten eskolekin, berezko ikasketetan ematen dituzten gehiegizko kredituengatik diru sarrerak jaso ahalko dituzte graduko eta graduondoko berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien kargura. Aurreko paragrafoan esandakoa eragotzi barik, berezko ikasketetan (berezko tituluetan eta ikasketa osagarrietan) parte hartzen duten irakasleek ez badituzte beteta dagozkien irakats betebeharrak, berezko tituluei dagokion ordainsaria heren batean murriztuko zaie, legez edo kontratuz dagozkien irakats betebeharrak osatu arte. Behin irakats betebeharrak beteta, dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.
  4. Master ofizialetako ikasketa planetan sartuta dauden berezko titulu eta ikastaro osagarrien kasuan, unibertsitateko irakasleek, arautegi honi jarraituz, ezin izango dute ordainsaririk hartu, ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharren parte delako.

59. artikulua.- Administrazio eta zerbitzuetako langileak

  1. Gestio lanak UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte.
  2. Langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko Gerentziaren bidez, eta Gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dituena. Kontratu horiek ikastaro osagarriaren aurrekontuaren kargura egingo dira.

III. KAPITULUA. FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA

60. artikulua.- Finantziazioa

Arautegi honen bidez araututako ikastaro osagarriak autofinantzatu egingo dira beti, eta proposamenetan orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.

61. artikulua.- Gestio ekonomikoa

Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehazten dena bete beharko du.

62. artikulua.- Gune organikoak irekitzea eta ixtea.

  1. Gestio ekonomikoa egiteko, ikastaro osagarri bakoitzak gune organiko bat izango du, arautegi orokorrari jarraituz, baina urte naturalaren barruan edizio bat baino gehiago egiten direnean, gune organiko bera erabiliko da bi edizioetarako.
  2. Berezko Ikasketen Atalak jakinaren gainean jarriko du Kontabilitate Zerbitzua ikastaroa onartzen denean, eta arduradun akademikoak egingo du gune organikoa irekitzeko eskaria.
  3. Gune organikoko lehenengo sinatzailea ikastaroaren arduradun akademikoa izango da, eta bigarrena organo proposatzaileak aukeratuko du, baina UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.
  4. Etengabeko prestakuntzako ikasketak edo ikasketa osagarriak berezko titulazioetako edo ikasketa ofizialetako moduluak edo irakasgaiak badira, gune organikoa berezko titulukoa edo master ofizialekoa izango da.
  5. Ikastaro osagarriaren edizioa amaitu ondorengo urtean gune organikoa zabalik mantenduko da edizio horretako gastuak likidatzeko edo hura 65. artikuluan ezarritakoaren arabera erabiltzeko. Edonola ere, aldi hori igarotakoan, gune organikoa itxi egingo da eta bertan geratzen den zenbatekoa unibertsitatearen kontu orokorrean sartuko da.

63. artikulua.- Matrikulen diru sarrerak

Matrikularen diru sarrerak campusak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere, aurrekontuari jarraituz.

64. artikulua.- Diru laguntzen sarrerak

Diru laguntzarik jasoz gero ikastarorako, diru laguntza hori eskatu, gestionatu eta justifikatzearen ardura ikastaroa proposatu duen organoak eta arduradun akademikoak izango dute.

65. artikulua.- Superabita

Superabitik egonez gero, hurrengo edizioan erabili ahal izango da baldin eta defizita sortzen bada matrikulen diru sarrerak gutxiago direlako aurkeztutako aurrekontuan jasotakoak baino.

66. artikulua. - Prezio publikoak

Ikasketa hauen prezio publikoak eta ziurtagiriak egiteko tasak Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, batzorde eskudunaren proposamena ikusita.

67. artikulua.- Gastuen gestioa

Ikastaro osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta, hala badagokio, aurreko edizioko superabitarekin ordainduko dira. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta honako hauek:

Ikasketa osagarrietan % 12ko atxikipena egingo zaie matrikulako tasen diru sarrerei. Kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta gainerako % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Esperientzia Gelen kasuan atxikipena % 10ekoa izango da.

Ikastaroaren irakaskuntzan eta gestioan lanean ari diren UPV/EHUko irakasleei eta AZPko langileei nominaren bidez egingo zaizkie ordainketak, horretarako arautegi espezifikoari jarraituz.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean dagoen PFEZaren atxikipena egingo zaie.

Unibertsitateko ikasketa osagarrien finantziazio espezifikoaren bidez eskuratutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarera pasatuko da.

Master ofizialetako moduluak diren ikastaro osagarrietan, diru sarrerak erabili ahal izango dira masterraren gastuei aurre egiteko, masterrak kudeatzeko arautegiari jarraituz.

IV. KAPITULUA. HITZARMENAK

68. artikulua.- Hitzarmen motak

Arautegi honetan aipatutako hitzarmenez gain, ikasleen praktiketarako, finantzaziorako, lokalak erabiltzeko eta egoki den beste edozein helburutarako hitzarmenak sinatu ahal izango dira.

69. artikulua.- Hitzarmenak onartzea

  1. Horretarako finkatzen diren hitzarmen ereduekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko ditu ikasketen arduradun akademikoak, eta jakinaren gainean jarriko du batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.
  2. Hitzarmenak ez datozenean bat finkatutako ereduekin, batzorde eskudunak onartu beharko ditu eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko; aipatutako batzordeak baimena emanez gero, ikasketen arduradun akademikoak izenpetu ahalko ditu.
  3. Hitzarmena ikastaro osagarria emateko proposamenarekin batera tramitatu bada, batzorde eskudunari helaraziko zaio aztertu eta onar dezan, eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko du.

V. KAPITULUA. IZENA EMATEA ETA MATRIKULA

70. artikulua.- Izena ematea eta matrikula

Ikastaro osagarria proposatu duen egiturak kudeatuko du bertan izena emateko prozesua eta matrikula.

71. artikulua.- Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era

  1. Prezio publikoak osorik ordainduko dira, organo eskudunak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.
  2. Matrikula epeka ordaintzeko eskaria egin ahal izango dio ikasketak proposatzen dituen organoak batzorde eskudunari.

72. artikulua.- Matrikula onartzea eta baliogabetzea

  1. Ikastaro osagarriak proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak onartuko dituzte ikasleak.
  2. Prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan, matrikula baliogabetu egingo da. Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak eskaria eginez gero, eta horrelakoetan itzuli egingo zaio ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.

73. artikulua.- Aseguruak

UPV/EHUn matrikulatutako ikasle guztiek «matrikulako gastu finko» batzuk ordaintzen dituzte matrikulan. Haien barruan asegurua sartzen da. Kontzeptu hori behin baino ez da ordaintzen, nahiz eta UPV/EHUko titulazio batean baino gehiagotan matrikulatuta egon, berdin da titulazio ofizialak edo berezkoak edo are ikastaro osagarriak diren.

Beste ezertan matrikulatuta egon barik ikastaro osagarri batean lehen aldiz matrikulatzen direnek kasuan kasuko zerbitzuak aseguruagatik ezartzen duen prezioa ordaindu beharko dute.

VI. KAPITULUA. EBALUAZIOA

74. artikulua.- Ebaluazioa

Ikasketa osagarrietan edo etengabeko prestakuntzako ikastaroetan, arduradunak ikasleen zerrenda bidaliko du, zehaztuta ikasle bakoitzari eman beharreko ziurtagiri mota (bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria, bigarren hau ebaluazioa gainditu dutenentzat, baldin eta ikastaroan ebaluazio motaren bat zehaztuta egon bada). Zerrenda ikastaroaren arduradunak sinatuko du.

VII. KAPITULUA. ZIURTAGIRIAK

75. artikulua.- Bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiria

Unibertsitateko ikasketa osagarrietako eskoletara eta mintegietara joanez gero, «bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «onuraz parte hartzearen ziurtagiria».

76. artikulua.- Ziurtagiriak ematea

Aurreko artikuluan aipatutako bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiriak kasuan kasuko errektoreordetzak emango ditu, eta beste erakunderen batek ere parte hartu badu ikastaroak antolatzeko lanean, ziurtagiriok erakunde horrekin batera eman ahalko dira. Edozelan ere, ziurtagiriak Berezko Ikasketen Atalean erregistratuko dira.

Gizarte Kontseiluak ikasturte bakoitzerako onartzen dituen tarifak ordaindu beharko dira ziurtagiriak eskuratzeko.

VIII. KAPITULUA. AZKEN MEMORIA

77. artikulua.- Aurkezpena eta edukia

  1. Ikasturte bakoitzaren amaieran, arduradun akademikoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera, gehienez ere hilabeteko epean. Azken memoria aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.
  2. Txosten ekonomikoan erakutsi beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa aurkeztuko da. Honako hauek zehaztu beharko dira:
    • Hasierako aurrekontuarekiko aldea.
    • Aurrekontuaren behin betiko kitapena.
    • Ondasunen inbentarioa.
    • Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.
  3. Datu akademikoen arloan honako hauek zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua (sexuaren arabera banatuta), inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).

Lehenengo xedapen gehigarria: UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.

Bigarren xedapen gehigarria: Ahalmena ematen zaio hala dagokion errektoreordeari batzorde eskudunaren txostena oinarri hartuta arautegi honetan zehaztutako hitzarmenetarako ereduak onartzeko.

Xedapen iragankorra: 2018/19 ikasturterako eskainitako tutuluetan arautegi honetako izendegia erabili ahal izango da, bai eta aurreko arautegien aldean jasotako hobekuntzak ere, betiere, aldez aurretik batzorde eskudunaren baimena lortuta.

Xedapen indargabetzailea: Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen zirkular, xedapen eta erabaki guztiak.

Azken xedapenetatik lehenengoa: Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan zehaztuta ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.

Azken xedapenetatik bigarrena: Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean.