Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Titulo - Programa

Programa

Ebaluaketa

Ebaluaketa

Batzorde akademikoak urtero ebaluatuko du doktoregaia, oinarri hartuta ikerketa plana eta jardueren dokumentua.

Ebaluazio epe bat dago, 30 egun ingurukoa, irailean, eta tarte horretan ezin dituzu dokumentu horiek aldatu. Doktorego Eskolak urtero jakinaraziko ditu, bai web orriaren bidez eta bai posta elektronikoz, epe horren data zehatzak.

Doktoregaiek GAUR aplikazioaren bidez ikusi ahal izango dituzte ebaluazioaren emaitzak.

Ebaluazioa negatiboa izanez gero (betiere arrazoitu egin beharko da), sei hilabeteko epea izango duzu batzorde akademikoaren iruzkinak kontuan hartu eta dokumentazio berria aurkezteko. Epe hori amaitu aurretik berriz egingo dute ebaluazioa. Negatiboa bada berriz ere, behin betiko utzi beharko duzu programa.

Doktorego programa batean jarraitzea

99/2011 Errege Dekretuko 11.7 artikuluak dioenaren arabera, honako hauek ezinbesteko baldintzak dira programan jarraitu ahal izateko: doktorego programako batzorde akademikoaren ebaluazio positiboa, hala ikerketa planarena nola jardueren dokumentuarena; eta doktorego tesiaren zuzendariak eta tutoreak GAUR aplikazioaren barruan horretarako egin behar dituzten txostenak.

Batzorde akademikoek ebaluaziorako izango duten epea behin amaituta, eta matrikula egiteko Graduondoko Batzordeak onartuko duen egutegiari jarraituta, ebaluatutako ikasle guztien bigarren matrikula gestionatuko da.

Ebaluazioa negatiboa izanez gero (behar bezala arrazoitu beharko da), doktoregaia berriz ere ebaluatua izango da sei hilabeteko epean. Horretarako, ikerketa planaren beste txosten bat egin beharko da. Berriz ere ebaluazio negatiboa jasoz gero, doktoregaiak behin betiko utzi beharko du programa.

Ikerketa Plana

Lehen urtea amaitu aurretik, ikerketa plan bat egin beharko duzu zuzendariarekin batera, gutxienez honako hauek zehaztuta: erabiliko duzun metodologia, lortu beharreko helburuak eta ikerketarako baliabideak eta epeak. Horrez gain, prestakuntza aldian egingo dituzun prestakuntza jardueren plana ere jarri beharko duzu.

Ikerketa plana urtero igo beharko duzu GAUR aplikaziora PDF formatuan. Ikasturtean zehar aldatzeko aukera izango duzu, tutoreak eta zuzendariak ebaluatu arte.

Gero, batzorde akademikoak ebaluatuko du, urteko ebaluazioa egitean (ikusi 19. galdera).

Zehazki, ikasle berriek Ikerketa Plana garatu beharko dute eskainitako inprimakiaren bidez (ikus 6. puntua), ezpada ikaslearen doktorego programako Batzorde Akademikoak aipatutako inprimakiaz jarraibide zehatzagoak eman dituela (kasu horretan, doktorego programako Batzorde Akademikoak dagokien ikasleei inprimaki zehatza eman beharko lieke).

Jardueren dokumentua

Agiri hau banakakoa da, doktoregoan egindako jarduera guztiak jaso behar dira, betiere, ikerketako prestakuntzarako interesgarriak badira.

Agiria doktoregaiak sortzen eta osatzen du GAUR aplikazioan jarduerak zehaztuz. Doktorego guztian zehar aldatu ahal izango da agiria, urte bakoitzean ebaluaziorako zehaztutako aldietan izan ezik.

Tutoreak eta zuzendariak gainbegiratuko dituzte jarduerak eta, egoki denean, oniritzia emango dute.
Jardueren dokumentu hau izango da programako batzorde akademikoak doktoregaia ebaluatzean kontuan izango duen elementuetako bat (ikus 19. galdera).

Gainera, tesiaren defentsa egiterakoan, epaimahaiak doktoregaiaren tesiaren ale bat eta jarduera dokumentua izango ditu eskura.

Ebaluazio egutegia