Facultad Cero

Zero Fakultatea

Irudia

“Gelditu, hitz egin, pentsatu, aurrera egin, akatsak izan, elkarlanean aritu,… azken finean, hobetu”

Facultad Cero-Zero Fakultatearen UPV/EHUko lehen topaketan 111 pertsonak eman zuten izena. Guztira 106 pertsona egon ziren konektatuta Blackboard Collaborate (BBC) plataforma bidez. Baja gutxi eta hobetzeko gogo handiak.

Mirari Ayerbe, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko Zuzendaritza daramana, eskerrak emanez hasi zen argi utziz kexak aukera bihurtu daitezkeela. Antzera, Mikel Villamañek, eCampuseko zuzendariak, aurreko zuzendaria izan zen José Luis Pizarro eta gainontzeko taldeari egindako guztiagatik eskerrak eman zizkien. Mikelek ikaragarrizko datuak eman dizkigu: 14000 zeregin inguru gehiago sortu, 10000 proba baino gehiago eginak, egunero 3800 saio baino gehiago BBC-n, 2500 zalantza erantzunda Erabiltzailearentzako Arreta Zerbitzuaren (EAZ) bidez,…”Kexak? Noski, egon dira. Kexak dira atentzio gehien ematen dutenak eta batzuetan horrekin bakarrik geratzen gara. Baina horretaz aparte, lan asko egin da eta bai, noski, asko dago hobetzeko. Aldaketak izango dira eGelan interakzio gehiago izateko eta baita BBC-ko arbelean ere.

Mikel hitz egiten ari zen bitartean txat bidez gai batzuei buruzko eztabaida sortu da: “Tresna pribatu hauek erabiltzen ditugu, zergaitik ez ditugu irekiak diren tresnak erabiltzen? Zenbat diru inbertitu du UPV/EHUk BBC tresna honetan?

Bi pertsona hauen parte hartzearen ostean, Medialab UGRko (Facultad Cero ekimenaren sortzaileak dira) zuzendari den Esteban Romeroren txanda izan da. Hasteko, Facultad Cero proiektuaren sorrera gogoratu du. Orain dela urte eta erdi gutxi gora behera Granadako Unibertsitatea osatzen duten pertsonek hurrengo galdera honi erantzun zioten: Nolakoa izango litzateke gure unibertsitatea 0-tik hasiko bagina? Momentuan utopikoa zirudien baina COVIDaren ondorioz zentzua hartuz joan zen galdera honi erantzuna bilatzea. Horrela sortzen da ekimen hau, existitzen ez zen toki hori betetzeko. Granadako unibertsitateko topaketan, eta 11 unibertsitatek parte hartu zuten ikasle topaketan gertatukoari buruz ere laburpen bat egin du. Hurrengo kurtsoari begira topaketa formatu berriak antolatuko direla adierazi du adimen kolektiboa aprobetxatuz.

Une horretan UPV/EHUko irakasle eta ikasleen esperientziak ezagutzeko momentua heldu da. Hona hemen euren parte hartzeen laburpena:

Aritz Lopez de Guereñok (Ekonomia eta Enpresa fakultatea, Bilboko kanpusa) hausnarketa interesgarri batzuk aipatu ditu. Hasteko: “Ez dut kexatzeko denborarik izan”. Gero, orain 20 urte “campus virtuala”rekin bizitako esperientzia aipatu ostean komentatu du nahiz eta urruntasun fisikoa izan, azken 20 urteetan inoiz ez dela ikaslegoarengandik hain hurbil sentitu: enpatia gehiago eta…harreman estilo berriak? Garrantzitsua iruditzen zaio “benetako” lan taldeetan aritzea eta berrikuntza behetik gora joan behar dela beti kontuan izanik, geurea unibertsitate publikoa izanik, inpaktu soziala beharrezkoa dela. Bere parte hartzea DOI elkarteari lotutako proiektu batzuk aurkeztuz amaitu du Aritzak.

Daniel García González (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioako kanpusa) EHU Edonondik plataformara konektatuta izan da behin eta berriz zalantzak argituz, ahal izan duen guztia lagunduz. Egoera honek guda baten antza duela dio. Horrela mintzatuz “Larria den zeozer gertatzen denean, zerbait aldatu behar dugu. Nahiz eta derrigorrez izan, hobetzea tokatu zaigu. Lehen iniziatiba propioagatik zen, orain mundu mailako kontua da. Aldaketak arin eraman behar izan ditugu aurrera”. Azken finean guztioi tokatu zaigu pixka bat hobetzea, pausu bat gehiago ematea eta hurrengo mailara pasatzea. Azkenik, ebaluazio eta kalifikazioari buruz hitz egin du: “Ebaluazio on bat egiteko denbora behar da. Adibidez, berdinen arteko ebaluazioa alternatiba interesgarria izan daiteke”.

Unai Alonso Pinillosek (Bilboko Ingeniaritza Eskola, Bilboko kanpusa) bere eskoletan arbela asko erabiltzen zuen klasean. Hauek online modalitatera pasatzean BBCko arbelak muga asko zituela ohartu zen. Honen ondorioz beste tresna batzuk probatzen hasi zen. Officen OneNotekin izandako esperientzia kontatu du: “Oso erraz ikasten da, Wordeko komandoak ditu. Arkatz eta Tablet batekin nahikoa da. Gelan egongo bazina moduan funtzionatzen du. Gainera talde lanean aritzeko tresna batzuk ere baditu eta baita galdetegiak barneratzeko aukera ere”.

Unai hitz egiten ari zen momentuan, beste pertsona batzuek OpenBoard plataforma aipatu zuten arbela ordezkatzeko. Esan beharra dago ere BBCko arbelak hobekuntzak izango dituela datorren kurtsoan.

Beatriz Zabalondok (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioako kanpusa) bere azken 20 urteetako esperientzia onena izan du. Esperientzia polit honek Berria egunkarian ere izan zuen bere tokia. Beatrizek bi mezu jaso zituen UPV/EHUtik: (1) Klaseak ezin dira gelditu eta (2) Ez galdu kontakturik zuen ikasleekin. Horrela egin du berak gauza bat argi izanik: “Aurrera egin behar dugu. Ikasleak euren ondoan nengoela sentitzea nahi nuen. Ez da egoera erraza izan. Eta gutxiago hirugarren adin bezala kategorizatzen direnentzat, hau da, nire ikasleentzat”. Bere parte hartzearen amaieran irakaskuntza ikaslearengan, akzio dinamiko eta kolaboratiboetan

oinarrituta egon behar dela adierazi du: “Komunikazioan bi gauza hartu behar ditugu kontuan: ondo entzun eta enpatia”.

Lorea Fernández Olaskoagaren (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako kanpusa) parte hartzea azken hilabeteetan gertatutakoren isla izan da. Bere bi “bitxoak” izan ditu inguruan, euren musika propioa jarriz saioan. Aurretik bazuen esperientzia teknologia berrien erabileran eta hau aprobetxatu du: “Hau berria izan da guztiontzat. Lehen asteak zoramenez beteak izan ziren. Eta gehiago etxean familiarekin dena kudeatu behar denean”. Denbora izan du pentsatzeko, hori garrantzitsua iruditu zaio: “Ezin dugu normala ez den egoera bat normalizatu. Arin erantzun da, baina bere lankide batek dioen moduan erantzuna kamikaze pedagogian oinarritu da”. Bere esperientzian ikasleen babesa sentitu du eta bai, inoiz baino lan gehiago egin duela aitortu du. Bere azken hitzak hauek izan dira: “Gure kasuan hurrengo kurtsoari begira irakasgai bat osorik online diseinatu dugu. Benetako online irakaskuntza eskaini nahi diegu ikasleei, zerotik hasita. Gure ikasleek esperientzia hori izatea nahi dugu”.

Jose Maria Etxabe Urbieta (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako kanpusa), Lorearen lankidea denak, ikasleek pentsatzea, irakurtzea, entzutea eta idaztea zuen helburutzat. Bi ideia azpimarratu ditu: “Alde batetik, jaso ditugun datuak beste kide batzuekin konpartitzeko eta guztion artean hobetzeko. Bestetik, ebaluazioa garrantzitsua da prozesu osoan”. Ikasleekin izandako interakzioa gustatu zaio; izan ere, hau ikaskuntzarekin lotzen du. Zer ez da ondo atera? Ba pertsonalki UPV/EHUtik martxoaren 20an bidalitako mezua ez zitzaion gustatu, izan ere, “jarraitu, jarraitu eta jarraitu” baitzen mezu bakarra. Bere parte hartzetik honako 3 ideia hauek azpimarra daitezke:

(1) Gure pentsatzeko era aldatu behar dugu, klase bat=helburu bat, ezin dugu berdin jarraitu.

(2) Ebaluazio errubrikak ikasleei eskatutako helburuekin lotu.

(3) Zerbait originala/propioa eskatu ikasleei lan bezala.

Iñigo Oleagordia Aguirrek (Bilboko Ingeniaritza Eskola, Bilboko kanpusa) bere ikuspuntua eman du irakasgai desberdinetan izandako esperientziaren ondoren. Hasteko, bere lan taldeari eman dizkio eskerrak, lankide batek COVIDa izan du eta hala ere lanean aritu da laguntzen momentu oro. Bere irakasgaiek proiektuetan oinarritutako ikaskuntza dute oinarritzat non esperimentazioa beharrezkoa den. Iñigok honakoa esan du: “Ez da erraza izan, esango nuke zaila izan dela. BBCk informazioa transmititzeko balio du baina ez guk behar ditugun beste zenbait gauza aurrera eramateko. Gainera babesgabe sentitu naiz ikasleak kopiatzen ari zirela baitakit”. Ikaskuntza hobetzeko metodologiei buruzko kurtsoak eskatu ditu eta hurrengo hausnarketa utzi du: “DATUAK, hau prozesatzen bada= INFORMAZIOA, ikasten denean=EZAGUTZA, hau aplikatzen denean=GAITASUNA/JAKITURIA”.

Unai Tamayo Orbegozo (Ekonomia eta Enpresa fakultatea, Bilboko kanpusa) bere esperientzia pertsonala kontatzen hasi da: “Ni lagun batzuekin Sain Patricksera nindoan. Martxoaren 12a zen ostegun hartan dena aldatu zen. Gainera etxean Erasmusa egiten ari zen neska bat genuen. Martxoaren 16an esan genion abioi bat hartzeko Sofiara eta bertan 14 egun egon zen konfinatuta”. Azpimarratu du irakasleak, instruktoreak, laguntzaileak,…garela baina guztiaren gainetik, pertsonak. Horregatik klasean egiten zuen lehen gauza zen ikaslegoari galdetu ea zer moduz zeuden. Garrantzitsua iruditzen zitzaion ere jakitea zertan pasatzen zuten euren denbora librea, aktibitate fisikoaren garrantzia azpimarratuz. Unaik zioen: “Lehenengo paper higienikoa agortu zen, gero alkohola,…honen inguruan hausnartu dut eta pentsatu beharko genuke ea gizarte bezala ondo ari garen”. Amaitzeko Unaik beldur bat du, kurtsoa ezagutzen ez dituen

ikasleekin online hastea, izan ere lehen konfinamenduan taldeak eginda zeuden eta honek dena erraztu du.

Unaik esandakoarekin lotuta, parentesi bat egon da ekitaldian eta Mentimeter web orrialdea erabiliz galdera honi erantzun diote parte hartzaileek: Nola sentitu gara azken hilabeteotan?

Eva Epelde Bejeranok (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Leioako kanpusa) lehen egunetan bere lana eskaneatzen eta azaltzen pasa zuen. Baina ez zen nahikoa eta honako hau adierazi du: “Pausu bat eman nahi nuen, hobetu eta Khan Academyko kurtsoetan oinarrituz nire bideo-tutorial propioak grabatu nituen, Wancom Intuos (nahiko prezio ona du) tableta erosi nuen eta Openboard hasi nintzen erabiltzen. Hasierako bideoak ez ziren onenak baina denborarekin asko hobetu dut. Eta bai, bideoen edizioan denbora asko galtzen da, horrek lan asko ematen du”. Tresna hauetaz aparte (Padlet ere erabili du kongresu batean”, Evak aipatu digu Blackboardek talde lana errazten duela taldekako seminarioen bidez. Amaitzeko honako hau azpimarra dezakegu bere hitzetatik:

(1) Hausnarketak:

1. Oso kantsatuta nago. Baina nahiz eta parte hartzea baxua izan, oso ondo sentitzen naiz egindako lanarekin.

2. Asko bota dut faltan jendearekin kontaktua izatea: pantailarekin hitz egitea ez da berdina. Ni oso soziala naiz eta honek eragin handia izan du nigan.

3. Produktiboak izatera derrigortu dugu gure burua. Eta batzuetan ez da posible.

4. Klaseak laburrak egin zaizkit. Ordu batean ez zidan ezer egiteko denborarik ematen.

(2) Zer aldatuko duzu?

“Flipped classroomarekin jarraituko dut printzipioz. Ez diot dena bideoa erabiliz egingo dudanik baina metodologia egokia aplikatuz aukera bat izan daiteke. YouTubeko kanal bat sortu dut, oraingoz ezkutuan dut. Eta Kahoot edo Socrative bezalako tresnak erabiltzen jarraituko dut”.

Ander Urkijoren (Medikuntzako 4. mailako ordezkaria Vitoria-Gasteizen, Arabako kanpusa) perspektiba desberdina izan da: ikaslegoaren esperientzia. “Niri COVIDari buruzko lehen berria ProMED bidez urtarrilaren 2an heldu zitzaidan. Gutxi-gutxika martxoaren 2an praktikak bertan behera geratu ziren. Gasteizen “avanzadilla” moduan jokatu genuen. Martxoaren 9an klaseak bertan behera utzi eta osasun alerta hasi zen. Egoera honetan gu etxean eta gure irakasleak lanean”. Hor pentsatzen hasi ginen ea nola lan egin okupatuak zeuden irakasleekin; izan ere, haiek beste asunto garrantzitsu batzuetan lanean zeuden. “Irakasle batzuk bideoak grabatuta uzten zituzten igande gauean adibidez”. Azpimarratu du apunteen komisioa oso garrantzitsua izan dela: “Egoera honetan irakasleek ere berrikusi dituzte apunteak. Gure graduak tradizio handia du, beste errekurtso bat besterik ez da”. Bere parte hartzea laburbiltzen duten 4 ideia:

(1) Onena? Gure aldetik ikasteko gaitasuna hobetu dugu autonomian oinarrituz.

(2) Okerrena? Praktika ordu asko galdu ditugu, espero dugu etorkizunean berreskuratzeko aukera izatea.

(3) Nola sentitu gara? Galduta, konfiantza gabe eta estres handiarekin, izan ere, ebaluazioa oso desberdina izan baita. Era berean gizarteari laguntzeko premia izan dugu osasun zientzietako ikasleak izanik.

(4) Eskerrik asko etxean, laborategian, liburutegietan,…gurekin egon diren pertsona guztiei. Eskerrak apunteen komisioari ere bai, oinarrizko tresna baita. Eta noski eskerrak urteetan apunte hauek burutu dituzten pertsona guztiei ere bai.

Azken finean, “berria den normalitate honetan “unibertsitate zaharrari” toki bat egin behar diogu”. Bere parte hartzea poema bat errezitatuz amaitu du: “Ohe hertzeko Zizpuruak”.

Leyre Gravina Alfonsoren (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, Leioako kanpusa) parte hartzea honako ideia hauetan laburbildu daiteke:

Zer egin izan ahal da ondo?

-Paper gutxiago erabili da.

-Arrazoiketan oinarrituta galderak erabili dira (oso gomendagarriak) testa beharrean.

-Denbora gehiago behar zuten pertsonei lana egokitzea posible izan da.

-EHU Edonondik bitartez jasotako formakuntza oso baliagarria izan da.

Zer ez da ondo egin?

-Ikasleak ezin ikusi eta entzutea arazo bat izan da gehienbat ebaluazioan.

-Galdetegiak atalean ezin da galdera bakoitzean denbora mugatu.

-Nola konpondu konexio arazoak?

2 ideia garrantzitsu:

1. Ni oso soziala naiz. Pertsonen aurpegiak ikusi behar ditut bai klaseetan eta bai ebaluazioan.

2. BBCko txata ez zait gustatzen, ez du interakzioa bultzatzen.

Proposamenak?

-Beste plataforma batzuk erabiltzea, ez beti BBC.

-BBC plataformaren hobekuntza, bikaina litzateke.

-Ebaluazioan irakasle bat baino gehiago egoteko aukera edo BBCn batzar bat baino gehiago izateko aukera.

Zer mantenduko luke Leyrek?

-Irakaslegoaren autonomia, lan kolaboratiboa sustatu eta irakaskuntzari lotutako tresnen aprobetxamendua.

Amaitzeko Leyrek azpimarratu du irakaslegoaren eskubideak kontuan izan behar ditugula baina hurrengo hausnarketa ere egin: “Zeintzuk dira irakaslegoaren eskubideak? Zer gertatzen da iruzur bat detektatzen bada? Nola demostratu?”.

Andere Larrinaga Cuadrak (Arte Ederren Fakultatea, Leioako kanpusa) 193 ikaslerekin izandako bizipenak kontatu ditu 3 irakasgaitan honako adaptazioak burutuz:

Hilabete hauetan non bi umerekin (4 eta 10 urtekoak) konfinatuta eta gizona etxetik kanpo lanean egon diren, coaching-a behar-beharrezkoa izan da Andererentzat: “Pertsonalki online klaseek akitu egiten naute”. Hori bai, ebaluazio jarraituko ikasle gehienek oso pozik amaitu dutela aipatu du. Honako hausnarketa hauek utzi ditu:

(1) Irakaskuntza presentzialak ez du ordezkorik.

(2) Hobeto kalkulatu behar dut lanak zuzentzeko denbora.

(3) Talde txikiak izango banitu, online azterketak ezabatuko nituzke.

(4) Coachingari buruz gehiago ikasi nahi dut. Uste dut psikologiari lotuta dagoena oinarrizkoa dela.

Azken parte hartzea Facultad Ceroko bultzatzailea den Beñat Urrutikoetxea Arrietarena (Ekonomia eta Enpresa fakultatea, Bilboko kanpusa) izan da. Hasteko unibertsitatea osatzen dugun guztion arteko konfiantza oinarrizkoa iruditzen zaio. Kontuan izan behar dugu unibertsitatea pertsona askok osatzen dugula: “Ez dezagun era inpertsonalean hitz egin. Unibertsitatearen inguruan kexak egiten ditugunean konturatu behar gara geu ere unibertsitatearen parte garela: ikaslegoa, irakaslegoa, administrazioko eta zerbitzuetako langileak, erabakiak hartzen dituzten pertsonak edo agintariak,…zerbaiten parte garen sentimendu hori garrantzitsua da eta gehiago ahoz-ahokoak ez duenean mugarik; izan ere, orain online munduan iruzkin bat munduko edozein tokitara heltzen baita”.

Topaketan izan duen harrera ikusita Beñatek proposamenak idazteko esteka bat utzi du hobetzen jarraitzeko. Hemen irakurri eta zuen aportazioa egin dezakezue.