Erakusketak

Erakusketa

“Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena”

Noiz eta non

Noiztik: 2019/04/01 Noiz arte: 2019/05/17, 09:00 - 20:30

Irudia

Deskribapena

Lekua: Pabellón Universitario del Campús de Álava (Los Apraiz Kalea)

Antolatzailea: EHU Kultura Araba

Autorea: Xabier Artola Zubillaga

Aspaldiko asmo bat gauzatzeko zortea izan nuen 2016an, motxila hartu eta sei hilabeterako Amerikan zeharko bidaia bati ekin bainion, ekainetik abendura. Udako solstizioarekin Ternuako kostaldean nenbilen, eta handik urte erdira Ushuaia mitikoan. Guztira, 27.000 km-edo korrituko nituen: Eskozia Berria, Ternua, Quebec Hiria, Concord, New York, New Orleans, Monterrey, Mexiko Hiria, Puebla, Costa Rica, Panama, Medellín, Mompox, Cartagena, Ekuador, Trujillo, Lima, Atacama, Santiago, Araucanía, Chiloé, Bariloche, Perito Moreno, Ushuaia... trenak, autobusak, autoak, txalupak, hegazkin gutxi batzuk... kaleak, hiriak, herrixkak, museoak, hondartzak, oihana, basamortua, mendiak, jendea... geltokiak, tabernak, ostatuak. Bidaia bera egunero oraindik gogora etortzen zaidan bizipen ederra izan zen, zeina islatuta geratu zen, nolabait, −blogoetak− izeneko blogean, eta, nola ez, bueltan nire kameraren txarteletan nekartzan 9.000tik gora argazkietan.

Hamabost edo hamasei urte nituela heldu zidan argazkigintzaren harrak, eta iazko bidaia horretan egiaztatu nuen —beste behin— ez nekiela munduan zehar ibiltzen kamerarik gabe. Erakusketan, bidaiatik itzulitakoan nekarren argazki pila horren lagin ezinbestean txiki bat baino ez dut jarri: 56 irudi, zuri-beltzean batzuk, koloretan gehienak: jendea, erretratu zenbait, paisaiak, monumenturen bat edo beste, natura...

Bistan denez, askotariko gaiek erakartzen dute nire argazkilari begirada. Eta pozik geratzen naiz erretratu bat egin eta harrapatutako espresioak zerbait esaten badit, irudiak altiplanoko gizon-emakumeen harrotasun jipoitua islatzen duela iruditzen bazait, esaterako; edo ostera sekula errepikatuko ez den une hori atzitu izana uste dudanean; edo, bat-batean eguzkia irten, eta ordura arte grazia izpirik ez zeukan mendi paisaia ilunari uste eztako distira aterarazi diolarik, aurrekoarekin zerikusi gutxi duen irudi iheskor eta berri hori atzematen dudanean. Eta berdin zait hori lortzeko goizeko lauretan jaiki behar izan badut ere, Paineko Dorreen begiratokira eguneko lehen argi txinten aurretik iritsi ahal izateko; edota egun nekagarri baten ondoren ohera noala, urrunean Ruka Pillañ sumendiaren barruko suaren dirdaia sumatu, tripodea jarri eta argazki txukun bat lortu arteko onik gabe aritu behar izatea, azkenean ohera izoztuta ailegatuko banaiz ere.

Horra, bada, erakusketa honen nondik norakoak, ea gustuko duzuen.

Xabier Artola Zubillaga