Erakusketak

Erakusketa

Aire fresco

Noiz eta non

Noiztik: 2018/06/06 Noiz arte: 2018/06/27, 09:00 - 20:45

Irudia

Deskribapena

Unibertsitate Pabilioa. Vitoria-Gasteiz

Aire freskoa

Badira urte batzuk UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak antolatzen dituela kultura hedakuntzako ikastaroak unibertsitateko kideen
prestakuntza osoa sustatzeari begira, bai eta eta unibertsitate proiekziorako jarduerak ere, gizarte osoari irekiak. Ikastaro hauetan unibertsitatea kulturarekin nahasten da, bereziki gure ingurune hurbilenean egiten denarekin, sarritan oharkabean pasatzen baita, edo zor zaion aitorpena jaso gabe. Saio hauetan beste pertsona batzuekin elkartu ohi gara sorkuntza proiektu txikiak abian jartzeko eta ustekabeko harremanak sustatzeko, esparru akademikotik at, campuseko jardunetik kanpo geratu ohi diren jakintzak aktibatuz.

Erakusketa honetako lagintxoaren bidez, ikastaro hauetan irakasten duten bi artista aurkezten ditugu: Karmelo C. Iribarren poeta eta Ikorkotx izenaz ezagutzen den argazkilaria. Karmelok poesia tailerra ematen du (gaztelaniaz) eta Ikorkotxek argazkigintzakoa (euskaraz). Biek begirada zorrotz eta kritikoaz egiten diote so gure inguruko munduari, eta, ikaste
esperientziak bideratzeaz gain, topaketa informalerako eta gozamenerako abagunea sortzen dute hitza eta irudia ardatz hartuta. Beren lanak «aire freskoa» dakarkigu, eta, hain zuzen ere, esapide horixe azaltzen da bai Karmeloren poema batean eta bai Ikorkotxen azken liburuaren hitzaurrean. Bost urteko proiektu kolektibo eder baten emaitza da liburua —Paotxa! deritzo—, bere irudien inguruan bertoko artista eta aktibista sare bat bildu duena; proiektuko hogei argazki hautatu ditugu hona ekartzeko.

Karmeloren poesia biluzia eta irakurterraza da, baina haren soiltasun landuaren atzean ahots propio bat dago, unibertso ezagun eta aldi berean enigmatiko eta guztiz pertsonal bat, kritikaren nahiz irakurleen estimua ekarri diona. Horixe da biek daukaten beste ezaugarri bat: poemak edo irudiak bakarka sortu beharrean, asko zaintzen dute publikoarekiko harremana, sare sozial digitalak beren eguneroko lanerako tresna bihurtuz.

Gipuzkoako Campusean EHUkulturako bi ikastaro hauek dinamizatzeaz gain, biak dira «uneen ehiztariak», betikotasun kutsua duen lipar iheskor hori harrapatu nahian dabiltzanak. Koadernoarekin nahiz kamerarekin, biek irakasten digute erne egoten jendeak eta kaleak esaten digunari, itsasoari eta hormei, hitzei eta keinuei, eguraldiari eta bizipenen denborari, amodioari eta desamodioari, urtaroen eta belaunaldien joanari, barealdiari eta enbatari, edo eguneroko erresistentzia eta heroismo ekintza txiki horiei, zeinek laguntzen diguten elkarri egiten diogun mina zelanbait ere eramaten. Eta, hori guztia erregistratuz, badakite gure oroimenean zizelkatzen. Bere testuetako batean aipatzen den «poeta txikia»rekin gertatzen den legez, publikoak ez daki Ikorkotx nor den eta ez dauka bere zirkunstantzien berri. Hala ere, denok ezagutzen dugu Euskal Herria haren argazkietan, Karmeloren poemetan Donostiako paisaia ezagutzen dugun bezala. Hortxe dago gure bizitza, bere argi, itzal eta argi-ilunekin.

Bi artista hauei inork ez die ezer oparitu, baina haiek erakusketa hau oparitu digute. Biek ikasi dute beren kabuz, eta orain gure esku jartzen dute esperientzia hori campusean. A zelako pagotxa guretzat, biak hain hurbil edukitzea.

Antonio Casado da Rocha