Erakusketak

Erakusketa Erakusketa

TUBERKULOSIA

Noiz eta non

Noiztik: 2016/04/04 Noiz arte: 2016/04/29, 16:15 - 21:00

Irudia

Deskribapena

Irekiera: 2016ko apirilaren 4an, astelehena, 16:15ean
UPV/EHU (Arabako Campusa)
Unibertsitate pabiloia.
Vitoria-Gasteiz

 

Medikuntza Historiaren Euskal Museoak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak tuberkulosiari buruzko aldi baterako erakusketa bat inauguratu dute Arabako Campusean, ikertzaile talde handi batek prestatu ondoren. Tuberkulosia, hain zuzen ere, XX. mendearen hasierako gaixotasun larrienetakoa eta hildako gehien eragiten zutenetako bat izan zen.

Gaixotasuna, jatorriz, zoonosi bat da; garai batean behi aziendari erasaten zion, baina, Neolitikoan, gizakiengana igaro zen, eta ordutik erasaten digu. Francisco Etxeberriak eta Lourdes Errastik egin dute Erdi Aroko Arabako nekropolietako lehen kasuen paleopatologia eta identifikazioa.

José Ramón Gurpeguik eta Begoña Madarietak, berriz, gaixotasunaren azterketa historikoa egin dute: "tisia" Corpus Hipocraticum idazkian aurrenekoz deskribatu zenetik hasi eta Robert Kochek 1882an mikroorganismo erantzulea aurkitu zuenera arteko errepasoa, hain zuzen. Diagnostikorako eta tratamendurako erabilitako tresna mediko guztiak (X izpiak, bronkoskopioak, pneumotoraxak eta abar) museoaren funtsarenak dira, eta horietako batzuk jarriko dituzte jendaurrean.

Juan Gondrak Bizkaian XIX eta XX. mendean izan zen tuberkulosia ikertu du, baita hartu ziren neurriak, medikuak eta sortuz joan ziren erakundeak ere.
Bestalde, Kepa Lizarragak aztertu ditu Tuberkulosiaren kontrako Ledo Anbulatorioaren hastapenak (1915ean inauguratu zuten, 1943an handitu, eta 2008an desagertu zen), alde batetik, eta haren sortzaile Francisco Ledoren bizitza eta pandemia horren aurkako borrokari egindako ekarpena, bestetik.

Ricardo Francok, ikertzaile talde handi baten laguntzarekin, gaixotasunak XX. mendearen azken hamarkadetan eta mende honetan izandako intzidentzia eta bilakaera ikertu ditu. Gaur egun, Bizkaian 200 kasu diagnostikatzen dira urtean, eta horietatik % 30 baino gehiago immigranteak dira.

Anton Erkorekak berriro azaleratzen ari diren gaixotasunen artean kokatu du tuberkulosia, eta adierazi du mundu osoan oraindik ere 9 milioi pertsona gaixotu eta 1,5 milioi pertsona hiltzen direla urtean. OMEren arabera, erresistentzia anitzeko tuberkulosiek milioi erdi gaixo eragiten dituzte urtean; tuberkulosi horietatik % 10 ultraerresistentetzat jotzen dira, eta oso-oso zailak dira terapia bidez tratatzeko.