Aurkezpena

Gaur egungo egoera ekonomikoak eragin kaltegarria du enpresa gehienetan, izan ere, azken urte hauetako krisialdiaren ondorioz, barne merkatuak murrizten ari zaizkie eta zailago egiten zaie kanpoko merkatuetara heltzea. Gipuzkoako Lurralde Historikoko langabezia-tasa igotzea krisiaren konstatazio argia da.

Ekonomia politikak koordinatzeko estrategia europarraren ildotik –hazkunde barneratzailea, lurralde kohesioa, kohesio ekonomikoa eta soziala, hala nola enpleguaren hobekuntza eta garapen iraunkorra lehenesten dituzten politikak–, Gipuzkoako Foru Aldundia, krisialdiari aurre egiteko, ekimen desberdinak bultzatzen ari da lurralde estrategia esparruan, hainbat esku-hartzeren bitartez. Horien artean, honako helburu hauek bultzatzeko ildoak azpimarra daitezke: enpresen sorrera eta garapena; antolakuntza berritzea; nazioartekotzea; ezagutza eta ikasketa bultzatzea; Gipuzkoako ETEei laguntzea enpresa traktoreekin elkarlanean jarduteko; eta abar.

Europan eta euskal lurraldean, enpresa txikiak eta ertainak ezinbestekoak dira enplegua sortzeko eta mantentzeko. Funtsezko zeregin hori aitorturik, bai Europa 2020 Estrategia eta bai komunitateko laguntza programak eta jarduerak, batez ere ETEei zuzenduak daude, hazkundea eta enplegua sustatzeko helburuarekin. Xede horri begira, enpresa- izpiritua bultzatzera, beren egoera bizitza-ziklo osoan zehar hobetzera, eta merkatu berrietan sartzera bideratutako politikak garatzen dituzte.

Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako eskualdeetako garapen agentziek, Garapen Agentzien Euskal Elkartean bildurik, 2014ko otsailaren 14an lankidetza hitzarmena sinatu zuten "Txoke Planeko" Garaituz programaren esparruan, Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta beren iraunkortasuna ziurtatzeko xedez. Horretan aurreikusi zen industri ehunaren, eta bereziki enpresa txiki eta ertainen, arazo nagusien diagnostiko bat egitea, etorkizunean enpresa horiei laguntzeko plan instituzionalak diseinatzerakoan lagungarria izan zedin.

Ekimen honen helburu den enpresa- segmentuaren ezaugarri nagusia da enpresa txikiak direla, gehienez 50 langilekoak; batez ere industri jardueran dihardute, eta gehienak enpresa lagungarriak dira. 10 langiletik 50 langilera bitarteko enpresa asko daude Gipuzkoan. Guztira 2.834 enpresa daude, enpresa guztien % 84, eta enpleguaren % 39a 10 langiletik gora dituzten Gipuzkoako enpresetan. Bestalde, mikroempresak enpresa guztien % 94 dira.Diagnostiko fase hori 2014ko uztailean amaitu zen, lortutako ondorio nagusienak ondoren adierazten direnak izan zirelarik: