Helburuak

Diagnostiko fasearen emaitza nagusi gisa, detektatutako arazoei erantzutera bideratutako esku-hartze proposamen batzuk identifikatu ziren, eta sei jarduketa ildotan banatu ziren:

  1. Urgentziazko bideragarritasun plana.
  2. Kudeaketa ereduaren definizioa eta ezarpena.
  3. Lehiakortasun produktiboaren hobekuntza.
  4. Negozioaren jarraipena segurtatzea.
  5. Arrisku komertzialaren dibertsifikazioa.
  6. Dimentsioa areagotzea.

Erabilgarri dauden baliabideen muga dela eta, lehentasuna eman zaie lehen hiru ildoei.

Hala, 2014ko urriaren 6an, Garaituz programa arautzen duen laguntzen deialdia (pdf, 255 Kb) argitaratu zen GAOn. Bertan adierazten denez, aipatutako ildoetako lehenengoa programan parte hartzen duten enpresei aholkularitza zerbitzuak eskainiko dizkieten enpresa edo profesionalek garatuko dute. Horrez gain, bigarren ildoa UPV/EHUk garatuko duela ezartzen du, eta hirugarrena Tknikak; Garapen izango da eragile desberdinen esku-hartzea koordinatuko duena.

UPV/EHUk garatuko duen 2. ildo honen garapen eraginkorrerako, GFAren eta UPV/EHUren arteko Lankidetza Hitzarmen bat ezarri da, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 6an onartutakoa. Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak sustatutako hitzarmen horri jarraituz, Unibertsitateko langile adituek, graduko azken mailako eta graduondokoetako ikasleen eta unibertsitate titulatuen laguntzarekin (2012-13 eta 2013-14 promozioak), babesa eman beharko diete Garaituz programan parte hartzen duten enpresei, aipatutako esku-hartze ildoaren barnean.

UPV/EHUren ikuspegitik, Garaituz programaren helburuak bat datoz erabat bere egitekoarekin, bere helburu orokor nagusiekin eta bere jarduketa ardatz nagusiekin. Besteak beste, nabarmentzekoa da bere gizarte inguruneari ikerketa emaitzak helaraztea sustatzeko helburua. Halaber, bat dator etengabeko prestakuntzarekin, borondatezko praktikekin, ekintzailetzarekin eta laneratzearekin zerikusia duten ekimenak sustatzeko eta bultzatzeko helburu estrategikoaren ere. Era berean, aurrez aipaturiko hitzarmenean ezarritako hizpaketetan eta zioen azalpenean zehazten den bezala, oinarriko planteamendua campus anitzeko eredu batean integratuta dagoen eta kokatuta dagoen lurralde historiko bakoitzeko behar sozio-ekonomikoei erantzuteko bokazio garbia duen UPV/EHU batena da. Halaber, UPV/EHUren programa honetako jarduketa optika integratzaile argi batean finkatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakundeekin eta hitzarmenaren jarduketa esparruan balio nabarmena duten beste eragile publiko zein pribatu batzuekin eraikitzen diren harreman eta itunei dagokienez.