Aurkezpena

Esperientzia Gelak Euskal Herriko Unibertsitateko egitasmo bat dira, eta ondorioz, oinarrizko helburu bat daukate: unibertsitate kultura Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.

Gure Unibertsitateak alor akademiko tradizionaletan egiten duen zeregina ezin ezagunagoa da (Berariazko Tituluak, masterrak, diplomaturak, udako ikastaroak, hainbat motatako katedrak, etab.). Alabaina, "Esperientzia Gelek" aurrera daramaten jarduera ez da hain ezaguna: Esperientzia Gelek Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua eskaintzen diete 55 urtez gorako herritar guztiei.

Bizkaiko campus honetan eman ziren, hain zuzen, lehenengo pausoak. Horretarako, Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) lankidetza hertsia izan genuen. Bilboko Zazpikaleetan dagoen Espainiako Bankuaren eraikin zaharra berritu eta hogeita bost urterako utzi ziguten. Eta, ondoren, Gipuzkoako eta Arabako campusetara ere zabaldu zen esperientzia hau.

Orain arte, hamabi promozio aritu dira ikasketak egiten, Giza Zientzietako Titulua eskuratzeko. Egun, egitasmo honek indarturik dauka bere hastapenetako xedea. Ikasleek, irakasleek eta irakasleak ez diren langileek harrera ona egin diete Esperientzia Gela hauei, eta, horrenbestez, hasierako bideari jarraitzeko gogoa areagotu zaigu. Bizkaiko eta Euskal Herriko gizarteari geureari eustea eta zeregin horrekin jarraitzea zein komenigarria den jakinarazi nahi diegu.

Gaur egun dituen ezaugarrien arabera, Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua unibertsitate egitasmo bat da, bi zentzutan:

  • Unibertsitatea bera da zuzen-zuzenean Tituluaren diseinuaz, kudeaketaz eta erantzukizun akademiko eta irakaskuntza erantzukizunaz arduratzen dena.
  • Ikasleek, irakasleek, administrariek eta kudeatzaileek osatzen duten unibertsitate komunitate osoa bildu nahi du bere inguruan. Ondoko programan laburbilduko dugu bere helburua: irekiera espiritua, giza trukea eta kontraste intelektuala praktikara eraman nahi ditu, horiexek baitira unibertsitatea irekia, begirunetsua eta parte-hartzailea bilakatzen dutena.

Beren diseinuaren arabera, ikasketa horiek ez dira beste akademia edo unibertsitate ikasketa batzuetara sartzeko bideak, eta ezta lan mundu profesionalerako gaitasuna bideratzeko aukera bat ere.

Giza Zientziak unibertsitate-tituluko ikasketak amaitzen zituzten ikasleek behin eta berriz egindako eskariari erantzunez, 2003/04 ikasturtetik aurrera erabaki zen ikasketa horiek osatzeko beste eskaintza bat egitea, murritzagoa:  Adinekoentzako Unibertsitate Ikastaroak. Ikastaro horiek 2013/14 ikasturtera arte eman dira. 2014/15 ikasturtetik aurrera, berriz, Adinekoentzako Unibertsitate Ikastaroen ordez ikasketa hauek eskainiko dira: Prestakuntza Eguneratzeko Ikastaro Osagarriak I eta II.

Prestakuntza Eguneratzeko Ikastaro Osagarriak I eta II ikastaroetako bakoitzak urtebeteko iraupena izango du, eta bi lauhilekotan banatuko dira. Lauhileko bakoitzean, lau ikasgai egin ahal izango dira, gehienez. Arratsaldeko ordutegian emango dira (astelehen eta ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara).

Prestakuntza Eguneratzeko Ikastaro Osagarriak I eta II egiteko, ezinbesteko baldintza da Giza Zientziak unibertsitate-titulua edukitzea.