‘Introducción a la Cartografía Geológica’ liburuaren bosgarren edizioa atera da, eta 3.400 kopia saldu dira dagoeneko

Liburua UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak editatu du, eta ikasleei eskola praktikoetan laguntzeko karpeta gisa sortu zen.

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/27

Arturo Apraiz eta Luis Miguel Martinez-Torres egileak dira, R.Ramón-Lluchekin batera. (Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU)

“Introducción a la Cartografía Geológica” liburua UPV/EHUko hiru belaunaldiko irakasleek marraztu eta idatzi dute, eta bosgarren ediziora iritsi da. 1993an lehen aldiz inprimatu zenetik, 3.400 ale saldu dira. Liburua apunteen karpeta gisa sortu zen, eta egileak UPV/EHUko Rafael Ramón-Lluch, Luis Miguel Martínez-Torres eta Arturo Apraiz irakasleak dira. Liburuak bost edizio eta bi berrinprimatze izan ditu, eta, gaztelaniaz ez ezik, euskaraz eta ingelesez ere argitaratu da.

Liburua Geologiako lizentziako (Geologiako gradua, gaur egun) eskola teoriko eta praktikoetan laguntzeko asmoarekin sortu zen. Hasieran, orri solteekin osatutako karpeta bat zen, fotokopiak errazago egiteko eta ikasleek proposatutako soluzioak zuzendu ahal izateko.

Liburua ez da unibertsitatearen eremuan soilik erabili. Aitzitik, irakaskuntza ertainetako irakasleei zuzendutako prestakuntza ikastaroetan ere erabili da. Halaber, institutuetako ikasleen selektibitate azterketa prestatzeko erabili da, eta liburutik ateratako “ebakidura geologiko” batzuk unibertsitaterako sarbide probak prestatzera zuzendutako argitalpenetan erabili dira.

Introducción a la Cartografía Geológica

Liburuak testu teorikoak eta mapa geologiko batean islatutako ariketa praktikoak eskaintzen ditu. Maketa ebakigarri batzuk ditu abiapuntu, oinarrizko elementu kartografikoak topografiarekin lotzen ditu, eta, azkenik, mapa geologikorik konplexuenak interpretatzen ditu. Halaber, hainbat irakaskuntza urteren ondoren hautatu eta delineatutako mapa ugari agertzen dira liburuan.

Irakaskuntza maila guztietarako baliagarria den baliabide pedagogikoa da, oso modu sinplean egituratuta baitago. Izan ere, egitura geologiko gutxi batzuk eta haien irudikapena ezagutuz gero, mapa geologiko aurreratuak interpreta daitezke.