Breadcrumb

Edukia

Drone banatzaileei buruzko egia: teknologia ez da esaten diguten bezain heldua

JULIÁN ESTÉVEZ SANZ, Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslea

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/03

Irudia

Artikulu hau, jatorriz, The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Sei urte daramatzagu banatzaileak ordezkatuko dituzten eta gure eskaerak etxera ekarriko dizkiguten aparatu hegalariei buruzko promesak entzuten. Garai horren titularrak ohiko enpresa susmagarrienak dira: Amazon, Google eta Walmart.

Hala ere, errealitatea tematuta dago itxaropena zapuztearekin eta erakustearekin ez dela batere erraza hori gertatzea. Ikus dezagun zergatik.

Gaur egun, Amazonen Prime Air zerbitzua –erreferenteetako bat– baldintza eta ezaugarri hauetan oinarritzen da:

- 30 minutu banaketa bakoitzeko.
- 24 kilometro inguruko autonomia duten droneak.
- Paketeen % 86k 2,3 kg baino gutxiago pisatzen du.
- Banaketa zentroak jar ditzakete, iparramerikarren ehuneko handi bat banaketa zentro batetik 8 kilometrora bizi dadin.

Premisa horien arabera, ARK Invest inbertsio enpresak negozio horren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlanik ezagunenetako bat argitaratu zuen, 2015. urtean. Azterlanak adierazten zuen banaketa bakoitzak 88 zentimoko kostea izango lukeela; beraz, Amazonek banaketa zerbitzu hori euro baten truke eskainiko balu, azpiegituraren eta piloturik gabeko tripulaziorik gabeko aire ibilgailuaren dirua berreskuratuko luke. Era berean, lehiak baino garraio aukera merkeagoak eskainiko lituzke.

Azterlanak adierazten zuen, baita ere, 30.000-40.000 aparatu kontrolatzeko, 6.000 operadore beharko liratekeela –nagusiki– lurreratze lanetan.

Deutsche Bankek antzeko datuak eman zituen 2016an. Bideragarritasuna azaltze aldera, zapata kaxa bat garraiatzeari zegokion kostuari buruzko datu hauek eman zituen:

- Lurreko zerbitzuak; esaterako, UPS edo FedEX: 6 eta 6,5 dolar artean.
- Maila ertaineko garraiolariak; esaterako, OnTrac: 4 eta 5 dolar artean.
- AEBetako Posta Zerbitzua (USPS) azken miliarako: 2 dolar, gutxi gorabehera.
- Robotak eta droneak: miliako 0,05 dolar baino gutxiago, banaketa egitean.

Azkenik, Aerotasek –tripulaziorik gabeko aire ibilgailuak fabrikatzen dituen enpresak– esan zuen merkantzia tona bat garraiatzeko kostua, droneen kasuan, kamioi baten kostua baino 10.000 aldiz handiagoa dela.

Utz ditzagun prezioak alde batera eta pentsa dezagun dirua amaigabea dela. Gaur egun, munduko 75 hiritan aurki daitezke merkantziak aparatu horien bidez garraiatzeko saiakerak egiten dituzten programa esperimentalak. Haietako bat Zürich da.

Suitzako hiri horretan, 2018an, iragarri zuten odol poltsak garraiatuko zituztela ospitaletik unibertsitate campuseraino. Kotxez 45 minutu dira. Droneak Matternet enpresarenak ziren, baina Swiss Postek maneiatuko zituen (Suitzako posta zerbitzua). Proiektuak 2018ko abenduaren 10ean hasi behar zuen, eta urtebete iraungo zuen.

Ez zuten Zürich halabeharrez hautatu; izan ere, hiriak badu esperientzia merkantziak airez banatzen, eta arlo horretako ikertalde eta industria oso garrantzitsuak ditu. Baina proiektuaren emaitzak nahiko etsigarriak izan ziren.

2019ko urtarrilean, aireko robot horietako batek istripu bat izan zuen, eta laku batera erori zen. Hardware arazo bat gertatu zen GPSan, jausgailua ireki, eta poliki-poliki erori zen. Urte bereko maiatzean, beste ibilgailu bat erori zen; jausgailuak huts egin, eta jolasean ari ziren haur batzuen ondoan egin zuen talka.

Gertakari horien ondorioz, 2019ko ekainaren 28an, zerbitzu hornitzaileek erabaki zuten proiektuari amaiera ematea. 2020ko urtarrilaren 27an, baina, konpondu behar zituzten akats guztiak konpondu ondoren eta segurtasuna indartu ondoren, berriro ekin zioten proiektuari.

Ikus daitekeenez, droneen startupek esperientzia handia izan arren eta Daimler eta UPS bezalako industria handiekin elkarlanean aritu arren, merkantzia tripulaziorik gabeko aire ibilgailuekin banatzeko benetako teknologia ez da batere erraza.

Jarduera mota honi buruzko albisteen artean, aipatu beharra dago 2019an, FAAk, Estatu Batuetako hegazkintza administrazioak, eskumena eman ziola UPS konpainiari droneekin odol poltsak garraiatzeko, aurretik zehaztutako ibilbide batean.

Kasu horretan ere, Matternet zen robot horien hornitzailea; GPS bidez nabigatzen dute, eta startupeko langileek monitorizatzen dituzte. Zürichen kasuaren eta honako kasu honen arteko desberdintasun handiena eta funtsezkoena da UPSk merkataritza lizentzia lortu duela. Hau da, irabaziak lor ditzake jarduera horretan.

Bi proiektuek odol poltsak garraiatzen dituzte; beraz, horrek esan diezaguke zertara bideratu daitekeen negozioa. Hiri baten gainetik gauzak garraiatzeak arriskuak ditu; horregatik, beste aukera bat probatzen ari dira: objektuak iristea zaila den guneetara, errepiderik gabeko tokietara eta hondamen eremuetara bidaltzea. Adibidez, Ruandan eta Ghanan, Zipline enpresa ere plasma poltsa ospetsuak banatzen ari da.

Estatu Batuetako azpiegituren ordezkari batek zera esan zuen: “Bi erreiko errepide bat sortzeak 2 eta 5 milioi dolar artean balio du, milia bakoitzeko. Eta, Maserun (Lesothon) droneen sare bat egiteak? Milioi bat dolar baino gutxiago”.

Laburbilduz, teknologia oraindik ez da nahikoa heldu. Gainera, ez du balioko edozein motatako merkantzia garraiatzeko, azkar garraiatu behar diren edo iristea zaila den tokietara eraman behar diren merkantzietarako bakarrik erabiliko da. Ikusiko dugu zer ekartzen digun etorkizunak.