Industriarako Ingeniaritza Kuantikoko gradua
Jakintza adarra: Ingeniaritza eta Arkitektura
Ingeniaritza Kuantikoa mekanika kuantikoaren printzipioetan oinarritutako teknologiak diseinatu, garatu eta integratzean datza. Helburua, industrian, komunikazioetan, konputazioan, sentsorika aurreratuan eta material berrietan eragin handiko arazoei irtenbidea ematea da. Jakintza-arlo emergentea da, eta fisikako, elektronikako, informatikako, materialetako eta informazioaren teknologietako ezagutzak uztartzen ditu, hurrengo iraultza teknologikoaren protagonista izango diren sistemak garatzeko.
Industriarako Ingeniaritza Kuantikoa Graduko ikasketek beharrezko prestakuntza zientifiko eta teknologikoa ematen dute gailu eta sistema kuantikoak ulertu, diseinatu eta ezartzeko, baita horiek ahalbidetzen dituzten azpiegitura elektroniko, fotoniko eta konputazionalak ere. Titulazioak matematiketan, fisikan eta elektronikan oinarri sendoa eskaintzen du, eta, aldi berean, ezagutza espezializatuak ematen ditu mekanika kuantikoan, material kuantikoetan, nanoelektronikan, fotonikan, konputazio kuantikoan eta azpiegitura teknologikoetan. Gainera, zure prestakuntza industria-ingeniaritzaren hiru adarretako batean osatu ahal izango duzu: Mekanika, Elektronika eta Automatika Industriala edo Elektrizitatea. Graduko kredituen laurden bat ingelesez emango da, nazioarteko inguruneetan jarduteko prestakuntza indartuz. Enpresa, zentro teknologiko eta ikerketa-talde aurreratuekin lankidetza estua dugu, eta horietan praktikak egiteko eta teknologia kuantikoen ekosistema industrial eta zientifikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango duzu.
Irteerak
Titulazio honek gaitasuna emango dizu gailu, material eta sistema kuantikoen diseinuan, garapenean eta integrazioan parte hartzeko, baita teknologia horiek industria-inguruneetara eramateko ere. Arazo konplexuak modelizatzeko eta ebazteko, datu esperimentalak aztertzeko eta interpretatzeko, sistema elektroniko eta fotoniko aurreratuak diseinatzeko eta ingurune eleaniztun eta diziplina anitzekoetan lan egiteko gaitasunak garatuko dituzu. Halaber, teknologia berrien eragin ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ebaluatzeko eta berrikuntza teknologikoko prozesuak gidatzeko prestakuntza jasoko duzu.
Zehatzago esanda, gai izango zara doitasun handiko sentsore kuantikoak, material funtzional berriak, sistema fotonikoak, elektronika aurreratuko sistemak eta konputazio kuantikoko aplikazioak garatzeko. Horrez gain, aukera profesionalak izango dituzu elektronika aurreratuarekin, erdieroaleekin, fotonikarekin eta teknologia kuantikoekin lotutako enpresetan, baita zentro teknologikoetan, ikerketa-erakundeetan, laborategi zientifikoetan eta enpresa industrial eta teknologikoetako I+G+b sailetan ere. Energiaren, aeroespazioaren, biomedikuntzaren eta instrumentazio aurreratuaren sektoreetan jardun ahal izango duzu, baita software zientifikoaren garapenean eta unibertsitateko irakaskuntzan ere.
Irteera profesionalak
Batez ere, honako esparru hauetan:
- Elektronika aurreratuarekin, erdieroaleekin, fotonikarekin eta sentsoreekin lotutako enpresa teknologiko eta industrialetan.
- Teknologia kuantikoen industrian: konputazio kuantikoa, komunikazio kuantikoak eta sentsorika kuantikoa.
- Zentro teknologikoetan, ikerketa-erakundeetan, laborategi zientifikoetan eta enpresa industrial eta teknologikoetako I+G+b sailetan.
- Ingeniaritza- eta aholkularitza teknologikoko enpresetan.
- Energia-, aeroespazio-, biomedikuntza- eta instrumentazio aurreratuko industrietan.
- Software zientifikoaren garapenean eta simulazio konputazionalean.
- Unibertsitateko irakaskuntzan eta prestakuntza espezializatuan.
Fisika, elektronika, informatika, material aurreratuak eta teknologia berriak gustuko badituzu, eta arrazoiketa logikorako, pentsamendu abstrakturako eta sormenerako gaitasuna baduzu, baita berrikuntzarako interesa ere, Industriarako Ingeniaritza Kuantikoa Gradua aukera bikaina da datozen hamarkadetan hazkunde teknologikorik handiena izango duten sektoreetako batean zure ibilbide profesionala garatzeko.