LINEAS_INVESTIGACION

Ikerketa-ildoak

Taldearen ikerketa-ildo nagusiak bi gai hauen inguruan egituratzen dira:

Demografia historikoa

Gure helburu nagusiak, sakonki aztertu nahi ditugunak, horrela laburbildu daitezke:

  • Oinarrizko egitura sozio-ekonomikoak eta demo-familiarrak aztertzea, "Industria-mendea" (1876-1975) deritzon garaiko euskal gizarte industrialaren ikuspegi osoa lortze aldera.
  • Euskal industrializazio-prozesuaren ikuspegia aberastea. Horretarako, batik bat, bi probintzietako modernizazio-eredu sozio-ekonomikoak, demo-familiarrak eta urbanoak erkatuko ditugu:  bata, bizkaitarra, Bilboko Itsasadarraren inguruan biltzen eta gauzatzen dena, eta, bestea, gipuzkoarra, barreiatua lurralde osoan, non hiri txiki eta ertainak nagusi diren.
  • Euskal gizartearen zati batek (landa-ingurunea eta hiri txikiak) aldaketaren aurrean dituen erresistentziak aztertzea, familia-tipologia, etxearen tamaina, egitura sozio-profesionalen bilakaera eta hezkuntzaren bilakaera kontuan hartuta.
  • Lehen trantsizio demografikoaren ondorioen bidez, bilakaera demografikoa aztertzea, arreta berezia jarrita heriotza-tasan eta bere kausetan, bai eta ezkontza-tasan eta ugalkortasunean ere.
  • Industria-ziklo osoaren migrazio-jarioen ikuspegi bateratua eskaintzea, jatorriari lotutako ezaugarri nagusiak eta beren osagaiak aztertuz. Migrazio-mugimenduen tipologiak ezartzea, euskadiko industrializazio-erritmoen arabera eta Euskadiko biztanleriaren gizarte-osaeran migrazioek izandako funtsezko betekizunaren arabera.
  • Emakumearen eginkizuna aztertzea, bai ekoizpen- eta ugalketa-sisteman, bai eraldaketa sozialetan eta mentaletan. Euskadiko emakumeen jarduera ekonomikoa berreraikitzea, hainbat toki-ingurunetan izandako lan-aukeren eta familia barruan giza baliabideak erabiltzeko estrategien arabera. Era berean, ezkontza-merkatuaren funtzionamendua aztertzen dugu, aroz aro. Hasieran, merkatu horretan neskame ezkongabeek eta gazte langile ezkongabeek betetzen zuten papera aztertuko dugu. Immigrazioa da bi talde horien jatorria.
  • Euskadiko biztanleriaren ezaugarrien gaineko ikuspegia osatzea, industria-mendean zehar. Horretarako, garapen-adierazle interesgarrienetako bat aztertuko dugu: kintoen garaieraren azterketa eta bilakaera; biztanleen ikerketa antropometrikoak eta horien arteko aldeak jatorria, lanbide eta abarren arabera. XX. mendearen erdialdetik aurrera, Gorputz Masaren Indizea kalkula daiteke (GMI).

Hiri historia

  • Bilboko Itsasadarraren ardatzean sortutako lurralde-eremuak definitzea eta aztertzea, eta horren emaitza gisa ageri den gizarte-zonakatzea: planeamenduaren eta plangintzarik ezaren ondorioz aplikatutako formulek sortutako hiri-morfologiaren alderdiak, oinarrizko azpiegituren definizioa (ura, saneamendua, argiteria,...), ekipamendu kolektiboak (eskolak, azokak, garbitokiak, ospitaleak...) eta erkidegoko zerbitzuak (gasa, argindarra, telefonoa, telegrafoa,...), eragile publikoen interesak (udalak, diputazioa,...) eta, batik bat, eragile pribatuenak (jabeak, enpresak).
  • Hirigintza kapitalistaren logikaren baitan sortutako eta ekonomia-hazkuntzako une jakinean eta berrikuntza zikloetan txertatutako eredu hori ulertzea. Enuntziatu horren bidez mekanismo horiek ezagututa, xehetasun handiagoz ulertzen ditugu hiri-espazioen eraketan eragiten duten indarrak eta horiek gaur egun duten hedapena.

    Era berean, horrek etxebizitza-oinarrizko zerbitzuak binomioa ezartzeko aukera ematen digu (ura/saneamendua, energía, ekipamenduak).

  • Hiri-lurzoruaren ekoizpen-mekanismoak aztertzea: partzelazioen jatorria eta motak, beren jabetza, promozioen ezaugarri orokorrak -pribatuak edo publikoak-, eta horien barruan, bere osagai soziala eta ekonomikoa.
  • Etxebizitzaren gaineko politika eta araudi orokorrak definitzea, bai eta bere aplikazioak ere tokiko ekimenekin batera. Aurreko puntuak kontuan hartuta, espazioaren gizarte-zonifikatzearen irizpideak eta gizarteari eta morfologiari dagokienez amaierako emaitza aztertzea.
  • Epe luzeko ikuspegia azpimarratzea, gerra zibilaren hesiaren ondoren, jarraipena eta desberdintasunak ezarriz. Izan ere, erregimen eta lege-esparruaren aldaketak hausturaren handitzea ekarri du.