Aurkezpena

HGH (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza-Media, Society & Education) UPV/EHU unibertsitateak ofizialki onartutako ikertaldea da (erref. GIU 11/04; GIU 14/09).

2003. urtean hasi zen lanean, Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait irakasle bere baitara bilduz. Diziplinarteko lan-taldea da, eta sinesten du gizarteak eta, bereziki, komunikazioak mahai gainean jarri dituen galderei erantzuteko bide bakarra jakintza alor askoren ikuspegitik heltzea dela eta, egun, ikerkuntza garatu eta sendoak baino ezin duela horretan lagundu.

Une honetan, Kazetaritza saileko irakasle titularra Txema Ramirez de la Piscinak zuzentzen du taldea. Une honetan hiru dira gure ikerketa lerro nagusiak: kazetaritzaren etorkizuna, informazioaren kalitatea eta hizkuntza minorizatuetako hedabideak. Begi bistakoa da hiru ikerketa-lerro horien artean dagoen harremana. Tarteka-marteka, talde honek beste ikerketa lerro batzuk lantzen ditu: Hedabieak eta gatazka, Kazetaritza Espezializatua, Komunikazio Kabineteak, eta Ikus-entzunezko Alfabetizazioa edo Media Literacy. Egun, aipatu ikergai guztiak gaurkotasun handikoak dira eta, itxura guztien arabera, antzera gertatuko da aurrerantzean ere.

Teknologia berrien zabalpenak eragin nabarmena izan du mundu osoko hedabideen eskaintzan. Haatik, orain arte, ikerketa gutxi egin dira aldaketa teknologikoak XXI. mendeko informazioaren kalitatean izan duen eraginaz, baita faktore horrek kazetaritzaren garapenean izan lezakeen ondorioez ere. Hori da, hain zuzen, gure helburuetako bat: Europako erreferentziazko hedabideen kalitatea testatzea, baita etorkizunari begira zenbait irtenbide proposatzea ere. Gauza bera egingo dugu euskaraz eta beste hizkuntza minorizatuetan zabaltzen diren hedabideekin. Ikerketa horri dagokion testuinguruan kokatu ahal izateko, HGH taldea harremanetan dago Europan antzeko ikergaia lantzen duten taldeekin.