klaustrorako_hauteskundeak_2013_presentar_candidatura

Hautagai aurkezteko baldintzak

Klaustroko ordezkari izateko hautagai zerrendak, kolektiboak, itxiak eta ordenatuak, idatziz aurkeztuko dira, azaroaren 20ko 12:00ak baino lehen, Erregistro Orokorraren edozein bulegotan.

Idatzia kasuan kasuko ikastegiko hauteskunde batzordeko buruari zuzenduko zaio, Giza Zientzietako titulazioko ikasleen kasuan izan ezik; ikasle horiek egoitza Idazkaritza Nagusian duen Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzenduko diote idatzia.

Erregistro Orokorreko bulegoek lehentasuna eman beharko diete hautagai zerrendei eta berehala helarazi beharko dizkiote zerrenda horiek kasuan kasuko hauteskunde batzordeko buruari. Hautagai zerrendetan ordezkoak aurkeztu ahal izango dira.

Hautagai zerrenda guztiak sinatuta egon beharko dira, hau da, hautagai guztien jatorrizko sinadurak izan beharko dituzte. Hautagai zerrendan gutxien dela bi kide izan behar dira zehaztuta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko oreka gorde behar da eta zerrendan bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa...izan behar dira.

Hautatuak ateratzen ez diren hautagaiak ordezko izango dira, hautagai zerrendan agertzen diren ordenan, kide hautetsiren batek karguari uko egiten dioenerako edota Klaustroko kide izateari utzi behar dioenerako, hautatua izan zen taldeko kide izateari utzi diolako.

Hautagai zerrenda baten izen bakarra badago, sinaduraren bat falta bada, edo sinaduraren bat jatorrizkoa ez bada, Hauteskunde Batzordeak behin-behinekoz onartuko du hautagai zerrenda, baina honako baldintza honekin: azaroaren 26ko 12:00etarako (behin-behineko aldarrikapenaren kontrako inpugnazioak aurkezteko epea ixten denerako, alegia) formako akats hori zuzenduta ez badago, hautagai zerrenda hori behin betiko baztertuko da.

Hautagai zerrendak kolektiboak dira, eta kide guztiak jakitun egon behar dira zerrendaren osaeraz. Bestalde, ezingo da sartu izen gehiago zerrendan gerora.

Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 16.3 artikuluaren arabera, hautagai zerrenda bakoitzak, ahal izanez gero, posta elektronikoko helbide bat edo harremanetarako baliabide arinen bat zehaztuko du, barrutiko hauteskunde batzordeak, berak bakarrik, prozesu guztian erabili ahalko duena agiriak eskatzeko, informazioa bidaltzeko edo hautagai zerrendei eskariak egiteko; horrela, azkar eman ahal izango zaie hauteskunde batzordeak hartutako erabakien berri hautagai zerrendei, eta hauteskunde prozesua bizkorragoa eta eraginkorragoa izango da.

Hautagai zerrenda aurkezteko eredu bat doa gidaliburu honekin batera, eta hori erabiltzea gomendatzen da.

Behin-behineko aldarrikapena baldintzatua denean, barrutiko hauteskunde batzordeak jakinaren gainean jarri beharko du zerrendako lehen sinatzailea, ikusitako akatsak zuzendu ditzan.

HAUTESKUNDE BARRUTIAK ETA HAUTAGAI ZERRENDAK

Gidaliburuaren lehenengo fasean esan zen moduan, erroldak hauteskunde barrutien arabera egiten dira eta, hortaz, hautagai zerrendak ere hauteskunde barrutiari daude lotuta.

Graduko edo lizentziaturako ikasleentzat hauteskunde barrutia ikastegia da. Beraz, kasuan kasuko ikastegiko erroldan agertzen diren pertsona guztiek aurkez dezakete hautagai zerrenda.

Horrek esan nahi du Medikuntza eta Odontologia Fakultateak ospitaleetan dauzkan ataletara atxikitako ikasleak, ikastegi horretako ordezkari izateko aurkeztu behar direla (eta guztiak Bizkaiko Campuseko klaustrokide izango dira); Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak Donostiako eta Gasteizko Enpresa Ikasketen unibertsitate eskoletan dauzkan ataletara atxikitako ikasleak, ikastegi horretako ordezkari izateko aurkeztu behar direla (eta guztiak Bizkaiko Campuseko klaustrokide izango dira); edota Zuzenbide Fakultateak Bizkaian daukan atalera atxikitako ikasleak Zuzenbide Fakultateko ordezkari izateko aurkeztu behar direla (eta guztiak Gipuzkoako Campuseko klaustrokide izango dira).

Graduondoko ikasleen barrutia UPV/EHU da, eta hautagai zerrenda aurkez dezakete graduondoko (Master eta Doktoregoa) ikasleen erroldetan agertzen diren pertsona guztiek (ikasketa horiek egiten diren ikastegietan argitara emandako erroldetan, alegia), ikasketak egiten ari diren ikastegia edo campusa edozein delarik ere.

Azkenik, Giza Zientzietako titulazioko (Esperientzia Gelak ) ikasleen barrutia ere UPV/EHU da, eta hautagai zerrenda aurkez dezakete ikasketa horietako ikasleen erroldan agertzen diren pertsona guztiek (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastegietan argitara emandako erroldetan, alegia), ikasketak egiten ari diren campusa edozein delarik ere.

BARRUTIKO HAUTESKUNDE BATZORDEAK

Barrutiko (edo ikastegiko) hauteskunde batzordeek egiaztatu behar dute hautagai zerrendak osatzen dituzten kide guztiek bete egiten dituztela hautagai izan ahal izateko baldintza guztiak.

Ikastegietako hauteskunde batzordeek toki egokietan argitaratuko dituzte hauteskunde prozesura aurkeztutako hautagai zerrendak, bai eta barruti bakoitzaren berezitasunak ere, hala dagokionean (azken horrekin esan nahi da, besteak beste, egokitzat har daitekeela hauteskunde mahai bat baino gehiago eratzea; hurrengo puntuan aztertzen den gaia hain zuzen ere).

Ikastegiko hauteskunde batzorde batek ikusiko balu hautagai zerrenda bateko kide batek edo batzuek ez dituztela betetzen bete beharreko baldintzak, akatsak zuzentzeko epea eman behar zaio hautagai zerrendari. Berebat, behin-behineko aldarrikapena egin ondoren, inpugnazioak aurkeztu ahal izango dira. Kasu batean zein bestean unibertsitateko Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztu behar dira, .2013ko azaroaren 26ko 12:00ak baino lehen

Hauteskunde Batzorde Nagusiak ebatziko ditu inpugnazioak eta behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatuko ditu; era berean, zerrenda horiek ikastegietako eta campusetako iragarki oholetan argitaratzeko agindua emango du. Hautagai zerrenden aurkezpenari buruzko atalean esan denaren ildotik, Erregistro Orokorreko bulegoek lehentasuna eman beharko diete inpugnazioei eta berehala bideratu beharko dituzte. Behin betiko hautagai zerrendak azaroaren 28an aldarrikatuko dira.

Bestalde, barrutiko batzordeei dagokie hauteskunde mahaietako kideen zozketa egitea (hiru kide eta ordezkoak), bai eta mahaiak egoki osatu direla egiaztatzea ere.

Horren harira, gogorarazi nahi diegu unibertsitateko kide guztiei NAHITAEZ ONARTU BEHAR DUTELA MAHAIKO KIDE IZATEA.