Erabakia, 2018ko urriaren 25ekoa, UPV/EHUko Errektorearena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen ardurapekoak diren datu pertsonalei dagozkien tratamenduen barne erregistroa sortu eta argitara emateko dena

Erabakiaren erregistro zenbakia: 3805/2018

2016ko apirilaren 27an onartu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, indar gabe uzten duena 95/46/CE Zuzentaraua (datuak babesteko arautegi orokorra). Aipatutako erregelamendua aurtengo maiatzaren 4an eman zen argitara Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean. Araua argitaratu eta hogei egunera sartu zen indarrean eta, 99. artikuluak dioen moduan, elementu guztiak dira betebeharrekoak eta zuzenean aplikatu beharrekoak Europar Batasuneko kide diren herrialde guztietan, 2018ko maiatzaren 25etik aurrera.

Bestalde, 30. artikuluak dioenez, datu pertsonalen tratamenduaren arduradunak erregistratu egin behar ditu bere ardurapekoak izango diren tratamendu jarduerak. Erregistro horretan artikuluan adierazitako informazio guztia jaso beharko da, idatziz, eta bide elektronikoetatik ikusteko moduan. Hori da, hain zuzen, erabaki honen bidez onartuko dena, bai eta unibertsitateak horretarako prestatu duen Interneteko helbidean argitaratzea ere (http://www.ehu.eus/babestu), oinarri hartuta Euskal Herriko Unibertsitatean dauden datu pertsonalen eta tratamenduen multzo egituratua.

Erregistroa eguneratuta egon dadin, bertan erregistratuta ez dagoen tratamendu jarduera bat egin aurretik, sartu egin beharko da, eta gorago aipatu den Interneteko helbidean argitaratu, betiere balioztatuta badago tratamendua bat datorrela (EB) 2016/679 Erregelamenduan eta arlo horretan aplikagarria den gainerako arautegian zehaztutakoarekin.

Horregatik guztiagatik, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteari buruzko UPV/EHUren Arautegiko 5.4 artikuluak dioenarekin, eta Estatutuetako 181.2 artikuluaren babesean, honako hau

ERABAKI DUT:

LEHENENGOA.- Onartzea UPV/EHUren datu pertsonalei dagozkien tratamendu jardueren barne erregistroa, bai eta horretarako prestatu den Interneteko helbidean argitaratzea ere (http://www.ehu.eus/babestu).

BIGARRENA.- Tratamendu jarduerak erregistroan jaso eta aipatutako helbidean argitaratu aurretik, txosten baten bidez balioztatuko da tratamendua bat datorrela (EB) 2016/679 Erregelamenduan eta arlo horretan aplikagarria den gainerako arautegian zehaztutakoarekin.

HIRUGARRENA.- Argitara ematea erabaki hau aipatu den webgunean, guztiek horren berri dezaten.

 

UPV/EHUko ERREKTOREA

Iz. Nekane Balluerka Lasa