Zeharkako Ardatzak

Egungo ziurgabetasunari erantzuteko, unibertsitatea murgilduta dagoen agertoki global eta aldakorretan aurrera egiteko, eta euskal gizartearentzat erreferentzia eta identifikazio eredu bihurtzeko, datozen urteetan garrantzi berezia eman nahi diegun hainbat eraldaketa elementu zehaztu ditugu. Zeharkakotasunaren ikuspegitik, bektore hauek Planaren Ardatz Estrategiko guztiak zeharkatzen dituzte, eta aukera ematen digute ekintzak zehazteko ardatz bakoitzean:

 

  • Nazioartekotzea: sakondu egin behar dugu gure nazioartekotzean, mundu osoan aitortua izango den unibertsitate bihurtzeko. Horretarako, unibertsitate guztiz eleanitza izan behar dugu, gai izango dena leku guztietako ikasleak erakartzeko, nazioartean erreputazio sendoa izango duena, ikerketaren kalitateagatik eta irakasle-ikertzaileen ospeagatik. Nazioartekotze ikuspegi integral bat behar dugu, ezaugarri izango dituena gure zerbitzuen kalitate maila handia eta gure jardueren garrantzia, gure egresatuak eta langileak prest egon daitezen egoki erantzuteko toki eta mundu mailako desafioei.

 

  • Eraldaketa digitala: COVID-19aren pandemiak agerian utzi du aurrean dugun desafio digitala. Teknologia digitalak aprobetxatzeko unea da, ezagutza eskuratu eta zabaltzeko lana errazteko, ikaskuntzaren esperientzia hobetuz eta erronka digitalei egoki erantzuteko ikasleak ahaldunduz, baita prozesu eta tresna digital berriak garatuz ere, kudeaketaren eta zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko.

 

  • Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH): 2015ean GJHak onartzeak berekin ekarri zuen erreferentzia esparru global bat, unibertsitate jarduerak barne hartzen dituena. Hain zuzen, UPV/EHU aitzindari izan zen 2030 EHUagendaren garapenean, unibertsitatearen lana planetaren erronka handiekin lerrokatu nahi duen ibilbide orria, ekarpen egiaztagarri eta pragmatiko bat eginez. NBEk onartutako 17 GJHei beste bat gehitu zaie, euskarari eta euskal kulturari loturikoa.

 

  • Komunikazioa: azken urteotan, komunikazioaren protagonismoaren lekuko izan gara, ertz asko dituen fenomenoa: teknologia berrien garapena, harreman sozialen eredu eta ohitura berriak, profil profesional berrien eskaera, euskarri teknologiko berriak, etab. Pandemiak prozesu hori azeleratu besterik ez du egin. Komunikazioak funtsezko zeregina du UPV/EHUn, eta iritsi da garaia etengabeko elkarrizketa eta kanpo komunikaziorako bideak eraikitzeko gure ingurune sozioekonomiko eta kulturalarekin. Elkarrizketa horretan, unibertsitateko kide guztiek lagundu behar dute, gure baitan sortutako ezagutza gizartearekin partekatze aldera. Testuinguru horretan, oinarrizkoa da barne komunikazioko mekanismoak ezartzea, informazio fluxu egonkorrak eta etengabekoak ahalbidetuko dituztenak.