EHUko IKASLE KONTSEILUAREN MANIFESTUA ETXEBIZITZA ESKURATZEKO EGUNGO KRISIAREN AURREAN
Etxebizitza duin bat izatea guztiontzat bermatu beharreko eskubidea izan beharko litzateke, eta ez desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen dituen negozioa.
Bizitzaren garestitzeak unibertsitate-bizitzaren alderdi guztietan du eragina: mantenuan, ikasmaterialetan, aisialdian eta, bereziki, alokairuen eta unibertsitate-egoitzen prezioetan. Egungo etxebizitza-krisiak eta alokairuen garestitzeak eragin zuzena dute gure bizi- eta ikasketa-baldintzetan, batez ere ikasketak egiteko ohiko bizilekutik lekualdatu behar dutenen kasuan. Horren guztiaren ondorioz, unibertsitate publikoan ikastea inoiz baino garestiagoa da gaur egun.
EHUren titulazio-eskaintza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan banatuta dago, eta titulazio guztiak ez dira lurralde guztietan eskaintzen. Horren ondorioz, ikasle batzuek egunero joan-etorriak egin behar dituzte eskoletara joateko, edo ikastegitik gertu ostatua bilatu. Garraio publikoaren loturek eta ordutegiek joan-etorri horiek ez dutenean jarduera akademikoarekin bateratzea ahalbidetzen, ostatuaren kostuak zer ikasi aukeratzeko erabakia baldintza dezake. Egoera horretan, ikasle batzuek etxetik hurbilago dagoen unibertsitate pribatu batera joateko aukera azter dezakete; beste batzuek, berriz, kasurik larrienetan, unibertsitate-ikasketak egiteari uko egin behar izan diezaiokete.
Unibertsitatean sartzea lortzen dutenentzat ere, gero eta gogorragoak diren baldintza horiek, egungo beka-sistemak konpentsatu ezin dituenak, ikasle asko beren ikasketa-aukerak berriro aztertzera edo, kasurik larrienetan, unibertsitatea uztera behartzen dituzte.
Gainera, egoera horrek ez die ikasle guztiei modu berean eragiten. Pertsona bakoitzaren baliabide ekonomikoek gero eta gehiago baldintzatzen dituzte hain oinarrizkoak diren kontuak, hala nola campusetik gertu bizi ahal izatea, eguneroko joan-etorriei aurre egitea, beharrezko ikasmaterialak eskuratzea edo ikasteko behar adina denbora izatea. Batzuek familiaren laguntzari esker gastu horiei aurre egin diezaieketen bitartean, beste batzuek ikasketak lanaldiekin bateratu behar dituzte, edo aukera akademiko jakin batzuei zuzenean uko egin. Horrela, hasiera batean ekonomikoa besterik ez dirudien desberdintasun bat, etxebizitzaren kasuan bezala, ikasketa-baldintzetako desberdintasun ere bihurtzen da.
Izan ere, paradoxikoa bada ere, gure belaunaldiak prestakuntza-maila handia izan arren, gazte askorentzat gero eta urrunago dago emantzipatzeko, etxebizitza bat eskuratzeko edo norberaren bizi-proiektua garatzeko aukera. Ikasketetan urte gehiago emateak eta unibertsitate-titulua eskuratzeak ez dute bermatzen geroago proiektu hori autonomia eta askatasunez gauzatzeko behar diren baldintza materialak lortuko direnik. Unibertsitate-garaian bizi dugun prekarietatea ez da nahitaez desagertzen ikasketak amaitzean; aitzitik, gazteoi bereziki eragiten digun arazo zabalago baten parte da.
Horregatik, erakunde eskudunei eskatzen diegu pertsona guztiei etxebizitza duin eta prezio eskuragarriko bat izateko aukera bermatuko dieten politika publikoak abian jartzeko. Unibertsitateko ikasle garen aldetik, arreta berezia jarri nahi dugu egoera horrek gazteei eta ikasketak egiteko lekualdatu behar dutenei sortzen dizkien zailtasunetan.
Hori lortzeko, alokairuen garestitzea geldiarazteko eta etxebizitza publikoen nahiz prezio eskuragarriko etxebizitzen eskaintza handitzeko neurriak eskatzen ditugu. Halaber, jarduera akademikoarekin bateragarriak diren ordutegiak dituzten garraio publikoko loturak eskatzen ditugu, baita ostatuaren eta joan-etorrien benetako gastuak kontuan hartzen dituzten bekak eta unibertsitateko laguntzak ere, bereziki ikasteko ohiko bizilekutik kanpo bizi behar denean. Unibertsitate publikoan sartzeko eskubidearekin batera, bertan ikasten jarraitzeko baldintzak ere bermatu behar dira.
EHUk ere badu erantzukizuna bere jardun-eremuaren barruan. Ikasleentzako prezio eskuragarriko ostatu-aukerak indartzeko eskatzen diogu, unibertsitate-egoitzetako eta ikastetxe nagusietako plazak barne, eta horiek zabaltzeko erakunde eskudunekin lankidetzan aritzeko, campus bakoitzean dauden beharrak kontuan hartuta. Neurri horiek ikasleen ordezkaritzaren parte-hartzearekin garatu behar dira, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak ezin baitira unibertsitate-politiketatik kanpo utzi.
Horregatik guztiagatik, EHUko Ikasle Kontseiluak 2026ko azaroaren 11rako etenaldi akademikoa deitzen du, eta ikasle guztiak egun horretako mobilizazioetan modu baketsuan parte hartzera gonbidatzen ditu, etxebizitza duin baterako eskubidearen eta bizi- eta ikasketa-baldintza egokien alde, baita sartzeko, bertan ikasteko eta ikasten jarraitzeko aukerak bakoitzaren egoera ekonomikoak baldintzatuko ez dituen unibertsitate publiko baten alde ere.
EHUko Ikasle Kontseilua
- (Beste leiho bat zabalduko du)EHUko IKASLE KONTSEILUAREN MANIFESTUA ETXEBIZITZA ESKURATZEKO EGUNGO KRISIAREN AURREAN (pdf, 228,96 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)EHUko Ikasle Kontseiluaren Batzorde Iraunkorraren akordioa (pdf, 792,32 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)PRENTSA-OHARRA (pdf, 573,53 Kb)