Komunikatua
UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren 2021eko Ekainaren 2ko Komunikatua
Leioan, 2021eko ekainaren 2an
UPV/EHUko Ikasle Kontseilutik askotan adierazi dugu ez gaudela ados 2021/2022 ikasturterako matrikulazio-prezioekin.
Azken hamarkadan, hirugarren matrikularen prezioa ia bikoiztu egin da; laugarren matrikulak, berriz, 2011n kostatzen zenaren % 272 balio du. Gure iritzia argia da: UPV/EHUk duen finantzaketa publikoa ikusita eta azken urte honetan Hezkuntza Sailak aurrekontuetan izan duen igoera, gure ustez, unibertsitateko tasei buruzko beste politika mota bat onargarria da ikuspuntu ekonomikotik, baina ez dago hura gauzatzeko borondate politikorik. Horrela, gure ustez, politika hori Euskal Herriko
Unibertsitatearen pixkanakako pribatizazioaren zantzua da.
Ikasle Kontseilutik orain arte ezikusiak izan diren aldarrikapen hauek egin dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:
• Unibertsitateko tasa guztiak 2011ko prezioetara jaistea, krisiak eragindako murrizketen aurretik. Beraz, hirugarren eta laugarren matrikulen gehikuntza kentzea.
• Master guztien prezioak graduen prezioekin parekatzea.
Gure jarrerak defendatzeko, Ikasle Fronteak, Ikasleok Hemenek eta Unibertsitateko Indar Batasuna plataformeekin bat egin dugu mobilizazio bat antolatzeko, ekainaren 7an, 18:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren aurrean (Kale Nagusia 85, Bilbo).
Anima zaitez!