Eginkizunak

UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren egiteko nagusiak honako hauek izango dira:

  1. UPV/EHUren ikasleak ordezkatzea beren interesekoak izan daitezkeen gai orokor guztietan, eta, horren harira, talde horrek onartutako solaskide gisa jardutea.
  2. Campusetako ikasleen kontseiluak koordinatzea eta, oro har, ikasleen kontseilu guztiek dagozkien eremuetan UPV/EHUko ikasleen eskubideen eraginkortasuna modu koordinatuan defendatzen dutela zaintzea.
  3. Ikasleen jarduera-ildo orokorrak proposatzea unibertsitatearen eremuan, eta horiek aurrera eramatea, ikasleen eskubideen defentsa eta aplikazioa zainduta, horiek betetzea eskatuta, horietan gehiago sakontzeko lan eginda, eta ikasleen baldintza orokorrak hobetzeko ekimenak sustatuta eta bultzatuta.
  4. UPV/EHUko aurrekontuetan esleitutako aurrekontuaren banaketa erabakitzea, eta Unibertsitateak Kontseiluari esleitutako aurrekontuen exekuzioa onartzea eta kontrolatzea. Era berean, diruzainak eginiko proposamenaren arabera, urteko aurrekontuaren % 5 gainditzen duten funts eskuragarrien aplikazio zehatzerako aldeko txostena egingo du, gero Ikasleen Errektoreordetzaren aurrean justifikatzeko.
  5. UPV/EHUko ikasleei zuzenean eragiten dieten unibertsitateko arautegiak onartu aurretik, haren iritzia entzutea, eta alegazioak aurkezteko aukera izatea. Batez ere, haren iritzia entzun beharko da, Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko Ikasleen Arautegi hau eta Diziplina Araubidearen Arautegia onartu aurretik.
  6. Ikasleei eragiten dieten gatazken ekimenak eta erabakiak kudeatzea, bere eskumenen esparruan, eta etenaldi akademikorako deialdia egitea UPV/EHUn.
  7. Emandako irakaskuntzari eta ikasketei lotutako arazoak instantzia eskudunei jakinaraztea, eta, hala behar izanez gero, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea, ikasleen irakaskuntzako eskubideak bermatzeko neurriak ezartzeko.
  8. Kontseiluburua hautatzea, eta, hala behar izanez gero, horren aurkako zentsura-mozio eraikitzailea onartzea.
  9. UPV/EHUn emandako ikasketen eta irakaskuntzen kalitatea zaintzea, bai eta ikasleen prestakuntza intelektuala, kritikoa, soziala, profesionala, zientifikoa eta kulturala ere, tituluen ezaugarriak kontuan hartuta.
  10. Ikasleen ordezkariei lana egiteko laguntza, babesa eta koordinazioa eskaintzea, unibertsitatearen edozein instantziatan.
  11. Ikasleei bideratutako bekak eta bestelako laguntzak emateko irizpideak finkatzeko zereginetan parte-hartzea, baldin eta deialdietan horrela zehazten bada.
  12. Unibertsitate-hedakuntzaren antolakuntzan parte hartzea, eta, oro har, unibertsitateko kideen kultura-, arte- eta kirol-jarduerekiko interesa piztea, horretara bideratutako lanak babestuz eta bultzatuz.
  13. Ordezkatzen dituzten pertsonei informazioa ematea, eskura dituzten bitartekoen bidez. Batik bat, gobernu-organoek eta ikasleen ordezkaritza-organoek hartutako erabakiak jakinarazi eta zabalduko dituzte, ikasleentzat garrantzia dutenean.
  14. Ikasleen parte-hartzea bultzatzea. Batik bat, ikasleen taldeko antolakuntza bultzatuko du, eta horren alde lana egingo, eta bere ordezkarien jarduerak sustatu eta koordinatuko ditu, gobernu-, ordezkaritza- eta partaidetza-organoetan, dagokien jarduera eremuan.
  15. Parte-hartzeko organoetako ikasleen ordezkariak hautatzea, UPV/EHUtik kanpoko instantzietan.
  16. Eztabaidatzea, eta, gutxienez, hiru ikastegitako ikasleen kontseiluek, campuseko ikasleen kontseilu batek edo UPV/EHUn matrikulatutako ikasleen % 5ak aurkeztutako ekimenak onartzea, hala behar izanez gero.
  17. Arautegi honen osagarri izango den barne-funtzionamendurako araudia onartzea.
  18. Ikasleen Kontseiluari esleitutako espazioak erabiltzeko araudia ezartzea, indarrean dagoen araudiaren esparruan, UPV/EHUk Ikasleen Kontseiluari utzitako baliabideen, ondasunen, instalazioen eta lokalen erabilera zuzena zainduta.
  19. UPV/EHU mailako etenaldi akademikorako deialdia egitea, Arautegi honek ezarritako baldintzetan.
  20. Arautegi honek eta gainerako araudiek ematen dizkioten gainerako egiteko guztiak.