Matrikula ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezioak murriztuta izateko eskubidea
Interesdunek onuradun egoera aitortuta izan beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasuan kasuko beharrezko dokumentazioa entregatu beharko dute. Data horretan onarpena izapidetze prozesuan badago, interesdunak aitorpen edo azterketa eskaeraren kopia konpultsatu bidez frogatu beharko du bere egoera.
Era berean, interesdunek administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horrek 2025eko urtarrilaren 1ean interesdunaren etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda barne hartuko du.
Edonola ere, 2025eko abenduaren 31 baino lehen entregatu beharko dute dagokion dokumentazio guztia.
Eskola asegurua nahitaezkoa da 28 urtetik beherako ikasleentzat, eta ez dago prezio murrizketarik edo prezioa ez ordaintzeko aukerarik. Kasu guztietan, matrikularen lehen epearekin batera ordaindu behar da.
11. artikulua.– Familia ugariak
- Familia ugariko ikasleek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta familia ugaritzat aitortuta badaude, familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean jasota dagoen bezala.
- Tratamendua:
- a) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietakoak badira. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- b) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen ehuneko 50eko murrizketa, kategoria orokorreko familia ugarietakoak badira. Murrizketa I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiak edo arlo honetan eskumena duen administrazioak emandako titulu ofiziala, indarrean dagoena, eta familia ugarikoa dela aitortzen duena (kategoria ere adierazi behar da bertan); horrez gain, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.
12. artikulua.– Guraso bakarreko familia.
- Guraso bakarreko familia-unitate bateko ikasleek prezio publikoen salbuespena edo murrizketa lortu ahal izango dute, baldin eta behar bezala justifikatzen badute.
- Tratamendua:
a) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena, bi ondorengo edo gehiago dituzten guraso bakarreko familietakoak direnean. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
b) Unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen ehuneko 50eko murrizketa, ondorengo bat duten guraso bakarreko familietakoak direnean. Murrizketa I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: familia-liburua eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.
13. artikulua.– Terrorismoaren biktimak eta haien senideak
- Terrorismoaren biktimek eta haien senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren arabera halakotzat aitortuta badaude.
- Salbuespenetarako, biktimaren senidetzat joko dira ezkontidea, edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat duena, eta biktimaren seme-alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.
- Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzera joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.
- Tratamendua: salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena, indarrean dagoena. Horrez gain, biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena.
14. artikulua.– Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia
- Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia batek agindu honetan arautzen diren salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetako batean egon beharko da: edo unibertsitate-ikasleak berak % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideren batek % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea. Honako hauek hartzen dira zuzeneko senidetzat: ezkontidea edo edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat duena, aita, ama, seme-alabak, neba-arrebak eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen esparruko harrerakoak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude.
- Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiaren edo arlo honetan eskumena duen administrazioaren ebazpena, indarrean dagoena eta minusbaliotasun-maila zehazten duena, eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatzearena: desgaitasuna duen pertsona bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senitartekoa bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena.
15. artikulua.– Genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima
- Genero-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren arabera), eta haiekin bizi diren haien kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek, eta sexu-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren arabera), artikulu honetan arautzen diren salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.
- Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibidualarena; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboarena. Kasu batean zein bestean, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Oro har, 5 urteko indarraldia hartuko da kontuan, egiaztapenean beste indarraldi bat zehazten ez bada. Norbait genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko, bitarteko hauek erabil daitezke:
- Pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima dela edo izan dela deklaratzen duen ebazpen judiziala.
- Biktimaren aldeko indarreko babes-agindua.
- Ministerio fiskalaren txostena, babesteko agindua eman bitartean pertsona genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena.
- 2021eko azaroaren 11ko Berdintasuneko Konferentzia Sektorialaren Akordioak, genero indarkeriako edo/eta sexu-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa bera, bere II. eranskinean zerrendatutako gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo harrera-zerbitzuen txostena.
- Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izatearen egiaztapenari dagokionez, Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 27ko Akordioan ezarritakoa, sexu-indarkeriaren egoera egiaztatzeari buruz.
16. artikulua.– Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileak zein onuradunak eta aberrigabeak
- Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileek zein onuradunek eta aberrigabeek agindu honetan araututako prezio publikoak ordaintzetik salbuestea lortu ahal izango dute, baldin eta maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.
- Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV., V eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko dokumentuak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria, eta hauetako agiri bat:
- Nazioarteko babesa eskatu izanaren frogagiria eta, hala badagokio, borondate-adierazpena formalizatzea.
- Asilo-eskatzailearen agiria, eskaera izapidetzeko onartu dela egiaztatzen duena (txartel gorria).
- Aberrigabearen estatutuaren eskaera edo onarpen-agiria.
- Ukrainatik alde egin duten pertsonentzako aldi baterako babesa lortzeko eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria, babesa ematen duen ebazpena edo egoiliar txartela.
- Nazioarteko babesaren onuradunaren ziurtagiria: errefuxiatua edo babes subsidiarioaren onuraduna izatearen justifikazioa edo arrazoi humanitarioen ziozko bizileku-baimena.
17. artikulua.– Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak
- Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa aitortuta duten onuradunek, Agindu honetan araututako prezio publikoen salbuespena lortu ahal izango dute, betiere maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.
- Tratamendua: unibertsitateko zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.
- Aurkeztu beharreko agiriak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera kobratu izanaren ziurtagiria.
18. artikulua.– Trans pertsonei aplikatzeko salbuespena
- Erregistro Zibilean sexu-aldaketagatik izena zuzendu ondoren, trans pertsonek salbuespena izateko eskubidea izango dute titulua berriro eman dakien.
- Tratamendua: VI. eranskineko 2.1.8 tarifaren prezio publikotik salbuestea.
- Aurkeztu beharreko agiriak: Nortasun Agiri Nazionala, sexu-aldaketaren zuzenketa jasotzen duena.
19. artikulua.– Agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak emateko baldintzak
- Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoen prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek kasuan kasuko baldintza bete beharko dute, edo, gutxienez, dagokion administrazioaren aurrean izapidetzen hasi matrikula egiteko ezarritako epean, eta kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa aurkeztu. Data horretan aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpenaren edo berrikuspenaren eskabidearen kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da, eta dagokion ikasturteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da prezioaren salbuespena edo murrizketa eragiten duen baldintza aitortzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
- Horretaz gainera, agindu honetan ezarritako kasuetan, interesdunek 2025eko urtarrilaren 1ean zeukaten administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Hala badagokio, errolda-ziurtagiriak barnean hartuko ditu etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda.
Nazioarteko eta aldi baterako babesaren eskatzaileek edo onuradunek, bai eta aberrigabeek ere, auzotasun- edo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu ahal izango dute geroago, baldin eta ziurtagiri hori matrikulazio-data baino lehenagokoa bada. Nolanahi ere, dagokion ikasturteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da dagokion dokumentazioa.
- Aipatutako paragrafoetako agiriak ezarri den epean ekarri ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuen prezio publikoak ordaindu beharko dira.