"Autopase" metodoaren bidez iritziak jasotzeko prozedura

"Autopase" metodoaren bitartez, irakasleak ikasleen iritziak jasotzen ditu bere irakasgaien irakaskuntza amaitu baino lehen eta Erregistroko baldintzak guztiak betetzen ditu.

Zer inkestatu behar den

Inkesta egiteko, irakaskuntza honako bi baldintza hauek bete behar dira: irakasgai honetan gutxienez 5 ikasle egotea matrikulatuta eta irakasleak 8 ordutik gorako irakaslana egitea taldean (ordu-kalkulu hau egiteko bai eskola-teorikoak bai eskola-praktikoak kontuan hartzen dira).

Inkestatu ez diren salbuespenak: Doktoregoa, Oinarrizko Gaien Trebakuntzarako ikastaroak eta GAUR-en "tutoretzapeko irakasgaiak" izenekoak, hau da, Gradu/Karrera-Amaierako Proiektuak, Praktika integratuak eta Egonaldiak eta UPV/EHUn atxikiturik ez dauden ikasgaiak (unibertsitateen arteko masterrak).

Irakasgai Birtualak eta Mistoak: online bidez biltzen da ikasleen iritzia.

Noiz jasotzen diren ikasleen iritziak

Galdetegiak irakaskuntza-egoera bakoitzeko BEHIN pasatu behar dira. Irakaslea-Irakasgaia-Taldea kateak osatzen du irakaskuntza-egoera. Ikasleen iritziak jasotzeko unea irakaskuntzaren amaiera baino bi aste lehenago izango da. Irakasgaia urte osokoa bada eta irakasle bakarrak ematen badu, ikasleei bigarren lauhilekoaren amaieran emango zaie inkesta.

Nola egiten den inkesta talde-praktikoetan. Ikasleek ezin dute irakasgai jakin bat ematen duen irakasleari buruzko iritzia birritan eman.

Irakasgai jakin bat ematen duen irakasle bati irakaslan teorikoa amaitzen bazaio, eta taldea praktikako bi taldetan banatzen bada, praktikako bi taldeei egin behar die inkesta, azterketa-eguna baino bi aste lehenago. Aipatutako irakasleak praktikako talde batean baino ez baditu eskolak ematen, orduan, beste praktikako taldean eskolak ematen dituen irakasleak inkesta egingo du bestearen izenean. Servicio de Evaluación Docente/Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuak (SED/IEZ) irakaskuntza-egoerari buruzko txosten bakarra egingo du.

Irakasle batek talde bati irakasten badio eta praktikak egiteko ikasle horiek bitan banatzen baditu, teoriako taldean baino ez du egin beharko inkesta; betiere, azterketa-eguna baino bi aste lehenago. SED/IEZek irakaskuntza-egoerari buruzko txosten bakarra egingo du.

Irakasle batek laborategian bi talderi irakasten badie, eta ez badago bere bizkar teoriako taldeari irakastea, praktikako bi taldeei egin beharko zaie inkesta. SED/IEZek irakaskuntza-egoerari buruzko txosten bakarra egingo du.

Irakasgai Birtualak eta Mistoak: irakaskuntza amaitu baino bi aste lehenago ikasleek posta elektronikoa jasoko dute GAURen bidez inkesta egiteko.

Nork erabakitzen duen data ikasleen iritziak jasotzeko

Zalantzarik gabe, irakaslea bera da eskolara joan ohi diren ikasleak ikasgelan noiz dauden ongien dakiena. Beraz, irakaslea bera izango da eguna erabakiko duena, bere irakaskuntzaren amaieratik ahalik eta gertuen eta beti azterketak baino lehenago izan dadin. Etengabeko ebaluazio kasuetan, ikasleen iritzia ezin da jaso probetetako egunetan.

Hala ere, Ikastegiak/Atalak epe bat ezartzen du inkesta egiteko. Epe honetatik kanpo gelditzen diren irakasleek inkesta-koordinatzailearekin harremanetan jarri beharko dute inkesta pasatzeko eta erregistroko baldintzak betetzeko.

Nor arduratzen den ikasleen iritziak jasotzeaz

Galdetegiak banatzeaz arduratuko direnak irakaslea eta taldeko ordezkaria (edo bestela taldeko beste ikasleren bat) izango dira. Prozedura misto horren helburua prozesuaren gardentasuna bermatzea da.

A.- Irakasle batek nahiago badu inkesta beste irakasle batek egitea ikasgelan, horrela egin dezake eta gutun-azala erregistratzean jakinarazi egin behar du.

B.- Bestalde, ikasle-talde batek irakasle bati buruzko iritzia eman nahi badu, eta irakaslea horretarako prest ez badago, ikasleen ordezkariak harremanetan jarri beharko du inkesta-koordinatzailearekin, irakaskuntza-egoera horri buruz iritzia jasotzen dela bermatzeko.

Nola jasotzen diren ikasleen iritziak ikasgelan

Irakasleak inkesta egiteko behar duen datu-orria inprimatuko du GAUR-etik: "Ikasleek duten Iritziari buruzko Inkestak" > "Autopasea" > "Datu- Orriak inprimatzea". Jarraian, Ikastegiko/Ataleko koordinatzaileak esandako lekutik materiala jasoko du (galdetegiak eta gutun-azala).

Hala ere, datuen orririk ez badaude eskuragarri, inkesta egingo da gutun azaleko datu guztiak bete ostean. Azpimarratu behar da inkesta egin behar dela 1. Zer inkestatu behar den ataleko bi baldintzak betez gero.

Ikasgelan sartu ondoren, ikasleei jarraibideak eman eta galdetegiak banatuko ditu -ikasleei galdetegi bana emango zaie, eta ez gehiago-. Bestalde, irakaslea saiatuko da ikasleek iritzia askatasun osoz eman dezaten eta gutun-azaleko datu GUZTI-GUZTIAK bete beharko ditu.

Ikasleek galdetegia bete ondoren, ikasgelako ordezkariren batek galdetegiak jaso eta datuen orriarekin batera gutun-azalean sartuko ditu. Behin galdetegiak jasota, irakaslearekin batera gutun-azalean sinatu eta Ikastegiko/Ataleko koordinatzaileak esandako lekura eramango dituzte erregistratzeko. Gogoratu erregistroa egin behar duten AZPek txartela bat eskatuko diotela ikasleari, gutun azaleko izena eta sinadura egiaztatzeko.

OSO GARRANTZITSUA: Nola erregistratu ikasleek betetako galdetegiak gordetzen dituzten gutun-azalak

Ikastegiko/Ataleko erregistro honen bidez bi helburu lortu nahi dira: batetik, gutun-azala ikasgelan ixten denetik Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzura heltzen den bitarteko kontrola eramatea, eta bestetik, gutun-azal guztietan ikasleek ikasgelan bete berri dituzten galdetegiak baino ez daudela ziurtatzea.

Ikastegiak/Atalak erregistroa non egingo den erabakiko du eta inkesta-koordinatzailearen bitartez irakasleei jakinaraziko die.

Hona hemen erregistroak bete behar dituen BALDINTZAK:

1. Ikasleen iritziak bildu bezain pronto, betetako galdetegiak dituen gutun-azala entregatu eta erregistratu behar da.

2. Irakasleak ikaslearekin batera entregatu behar ditu beti galdetegi beteak.

3. SED/IEZek bidaltzen duen erregistroko lauki guztiak bete behar ditu erregistratzaileak (Ikastegiko/Ataleko AZPko pertsona batek). Irakasleek edo ikasleek ez dituzte inondik inora erregistroko datuak beteko. Nahi izanez gero, gutun-azala erregistratu izanaren frogagiria eskatu ahal izango dio irakasleak erregistratzaileari.

ERREGISTRATU GABEKO GUTUN-AZALETAN DAUDEN IRITZIEI BURUZKO TXOSTENIK EZ DA EGINGO.

INKESTA EGIN DIREN IRAKASGAIAK EGON BEHAR DIRA GAURen GRABATUTA

Prozesuari buruzko zalantzaren bat izanez gero Ikastegiko/Ataleko Inkestaren koordinatzailearekin edota Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzukoekin harremanetan jarri. Hona hemen telefono zenbakiak: 94 601 5103 / 5954 / 8174 / 5109 / 2282.